Finantzak. Aurrezki kutxen eta bankuen azterketa

Hegoaldeko finantza erakundeek ondo gainditu dute proba

Soilik CAN partaide den erakundeak, Banca Civicak, ez du gutxieneko kapitala gainditu, eta 847 milioi euro lortu beharko dituSektore osoa kapitalizatzeko 15.000 milioi falta dira, iragarri zena baino gutxiago

Nafarroako Kutxak Iruñean duen egoitza nagusia. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Ivan Santamaria.
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ezarri dituen kapital betebehar zorrotzak gainditzea lortu dute Hego Euskal Herriko finantza erakundeek, Espainiako Bankuak atzo argitaratu zuen azterketaren arabera. Salbuespen bakarra Banca Civica izan da. Nafarroako CAN, Caja Burgos, Cajasol eta CajaCanarias partaide dituen erakunde horrek 847 milioi euro gehiago behar ditu eskatutako maila betetzeko. Burtsan kotizatzen hasita, dirua bilatzeko asmoa iragarri zuen aldez aurretik Banca Civicak, eta gutxienez kapital sozialaren %20 saldu beharko duela ohartarazi dio Espainiako Bankuak.

Hego Euskal Herriko eta Espainiako finantza erakundeentzat egun erabakigarria zen atzokoa. Goizean, Espainiako Kongresuak finantza sistema indartzeko lege dekretuarekin aurrera egitea baimendu zuen. Arratsaldean, burtsak itxi bezain pronto, bankuen eta aurrezki kutxen diru beharrak argitaratu zituen Espainiako Bankuak.

Sistema kapitalizatzeko 15.152 milioi euro beharko direla kalkulatu du Espainiako Bankuak. Erreforma martxan jarriko zela jakinarazi zenean 20.000 milioi inguru beharko zirela aurreratu zuen Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak. Falta den diruaren %92 aurrezki kutxen zuloari dagokio, 14.000 milioi. Edonola ere, Espainiako Bankuak atera duen kopuru globala beste iturri batzuek egindako kalkuluen azpitik dago, nabarmen. Moody's rating agentziak, esaterako, 40.000 eta 50.000 milioi euro bitartean izango direla esan zuen atzo. Beste agentzia batek, Fitchek, 38.000 milioi beharko direla esan zuen, Irlandako bankuekin gertatu zen egoeran oinarrituta.

Hamabi dira erreformak exijitzen duen gutxieneko oinarrizko kapitala lortu ez dutenak. Horien artean zortzi aurrezki kutxa eta lau banku daude. Kreditu kooperatiba guztiek —60 dira sistema osoan— eskatutako maila gainditzea lortu dute.

2013 urtean indarrean sartuko den Basilea III arauari aurrea hartu eta baldintza gogorragoak ezarri ditu erreformak. Oro har, finantza erakundeen oinarrizko kapital ratioak %8tik gora egon behar du. Ratio hori %10 izango da jabetzaren %20 baino gutxiago beste inbertsiogileen eskuetan duten erakundeentzat, edo handizkako finantza merkatuetan diru baliabideen %20 baino gehiago eskuratzen dutenentzat. Oinarrizko kapital ratioak finantza erakundearen aktiboak eta arriskuak alderatzen ditu. Zenbat eta ehuneko handiagoa izan, hainbat eta kaudimen hobeagoa izango du bankuak edo kutxak.

Kapital bilaketa hasi dute

Azterketa publiko egin ondoren, baldintzak bete ez dituzten erakundeek bi aste dituzte hartukodituzten neurriak Espainiako Bankuari jakinarazteko. Hala ere, batzuk egoerari aurrea hartu diote, eta, Banca Civicaren antzera, esku artean dituzten asmoak aurreratu dituzte.

Egoerarik estuena bateratze prozesu ugariren ondotik sortu diren aurrezki kutxek dute. Bankiak, esaterako, 5.775 milioi euro behar ditu. Caja Madrid eta Bancaja dira Bankiaren sustatzaile nagusiak. Otsailaren 17an burtsara ateratzeko tramiteak hastea erabaki zuten. Hala eginez gero, kapital eskaera bi puntu jaitsiko zaie, eta soilik 1.795 milioi euro gehiago beharko dituzte. Mare Nostrum taldeak 627 milioi euro behar ditu, eta burtsara ateratzeko akordioa hartuta du honezkero administrazio kontseiluak.

Beste proiektu batzuen etorkizuna askoz ilunagoa da. Caixa Nova eta Caixa Galiciaren arteko bateratzea eskatzen zitzaion ehunekotik oso urrun geratu da — ia bost puntura —, eta oinarrizko kapitala %47 handitu beharko luke iraila bitartean, Espainiako Gobernuak esku-hartzea saihestu nahi badu, behintzat. Bateratzea gertatu zenean 3.000 milioi euroko saneamendua jakinarazi zuten kutxek, baina Espainiako Bankuak ez du aintzat hartu.

Galizian erabakiaren aurkako erreakzioa piztu da, eta Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadorearen dimisioa exijitu du BNGk, orain arte Galiziako bi kutxen bateratzeak sendotasun irizpideak betetzen zituela esaten zuelako.

Beste kutxa taldeen beharrei dagokienez, CatalunyaCaixak %35 handitu beharko du oinarrizko kapitala, Unnimek %33, eta Banco Basek nahiz Caja España-Duerok, %18.

Azterketa gainditu ez duten lau bankuek ere egoera zuzentzeko neurriak jakinarazi dituzte. Bankinterrek 333 milioi behar ditu. Diru hori lortzeko akzio bihurtuko diren bonuak jaulkiko ditu, 406 milioi euroko balioarekin. Beste bi nazioarteko banku indartsuen filialak dira. Barclays Banki 552 milioi falta zaizkio eta Deutsche Banki 182 milioi. Biek zuloa estaltzeko behar diren neurriak hartuko dituztela ziurtatu dute, ziur asko, jatorriko enpresaren finantzazioari esker. Barclaysek, halaber, murrizketa plan gogorra martxan jarri du: ehun bulego itxi eta 700 langile botako ditu Hego Euskal Herrian eta Espainian. Azkenik, Bankpymek 18,6 milioi euroko kapital handitzea martxan du, behar dituen zortzi milioi euro biltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.