Badirudi askatzen doazela txipen hornikuntza korapilatu duen gatazkaren azken muturrak: Herbehereetako Gobernuak Wingtech konpainia txinatarrari itzuli dio haren jabetzako Nexperia filialaren kontrola. Nabarmentzekoa da automobil ekoizleek eta beste hainbat alorretakoek oinarrizko dituztela txip horiek.
Amsterdamek jakinarazi du bertan behera utzi duela Nexperian esku hartzeko modua ematen zion agindua, «borondate onaren erakusgarri moduan». Ekonomia ministro Vincent Karremansen arabera, oraindik hizketan ari dira Txinako agintariekin, eta zera esan du: «ez dirudi Nexperia taldeak asmorik duenik agindu hori ematera bultzatu ninduten portaerei eusteko».
Irail amaieran piztu zen gatazka, Herbehereetako Gobernua Nexperiaren egoitza nagusian sartu, eta, Gerra Hotz garaiko lege bat baliatuz, konpainiaren kontrola hartu zuenean. Horrez gain, konpainiako administrazio kontseilutik bota zuen Zhang Xuezheng, Nexperiako akziodun nagusia eta Wingtechen jabea.
Nexperiak Erresuma Batuan eta Alemanian egiten ditu bere txipen olatak, baina haien %70 Dongguanen mihiztatzen ditu, Txinan, eta handik banatzen mundura. Eta hornikuntza hori eten zuen Wingtechek, Txinako Gobernuaren onespenarekin.
Nolanahi ere, Herbehereetako Gobernuaren erabakiaren arrazoi nagusia zera izan zen, AEBek beren zerrenda beltzean sartu nahi zutela Wingtechen filiala. Asmo hori, ordea, ez zuten bete, Donald Trumpek eta Xi Jinpingek nolabaiteko su etena adostu baitzuten AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerran.