Bi hilabetez jardun dira Red Electrica eta RTE konpainiak Hernaniren (Gipuzkoa) eta Argiaren (Lapurdi) arteko 25 kilometroko linea elektrikoa berritzen. 1971. urtekoa da bi azpiestazio horiek lotzen dituen linea, eta, lan horiei esker, haren garraio ahalmena handitu dute: 1.600 megavoltamperetik 2.100era.
Red Electricaren jabe Redeiak azaldu duenez, Gipuzkoako aldean, lehen lana kableak aldatzea izan da: zaharrak dilatazio termiko txikiagoko kableekin ordezkatu dituzte. Berri horiek tenperatura handiei hobeto eusten diete, eta, horregatik, energia gehiago garraia dezakete. Linearen Lapurdiko partean ere instalatu ditu kable berriak RTE Frantziako argindar sarearen kudeatzaileak.
Horrez gain, hiru dorre elektrikoren garaiera handitu dute Gipuzkoan. Eta, horretarako, teknika berri bat erabili dute, Amp-jack izenekoa, garabi handirik eta zama handiko ibilgailurik erabili behar ez izateko.
«Piezak ibilgailu berezi batzuetan eraman dituzte dorrearen tokira, eta langile talde batek instalatu ditu dorrearen altuera handitzeko». Teknika hori baliatuta, ez dago kamioiren beharrik eta ez da eremua berdindu behar garabientzat. Hala, lanen ingurumen inpaktua txikiagoa da.