Herri ekinaldi legegilea tramiterako onar dezatela exijitu dute pentsiodunek Aste Nagusian

2.000 lagun inguruk manifestazioa egin dute Bilbon, eta gutxieneko pentsioak SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskatu. Argi utzi dute borrokan jarraituko dutela «pentsio publiko eta duinen» alde.

Pentsiodun bat Bilboko Aste Nagusian antolatutako manifestazioan. GORKA RUBIO / FOKU
Pentsiodun bat Bilboko Aste Nagusian antolatutako manifestazioan. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko abuztuaren 18a
16:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zapi urdinek zapi gorriei egin diete tokia gaur Bilboko Kale Nagusian. Aste Nagusiko astelehenean, protestara deitu du pentsiodunen mugimenduak, euren aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko. Bereziki aldarri bat plazaratu dute: maiatzean Eusko Legebiltzarrera eramandako herri ekinaldi legegilea tramiterako onar dezatela exijitu dute. Ekinaldi horren helburua da pentsiodunek gutxienez SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzea.

Zapi gorriez gain, pentsiodunen mugimenduaren bandera gorriak, emakume pentsiodunen bandera moreak eta Palestinako banderak astindu dituzte. Gutxieneko pentsioa = gutxieneko soldata lelodun petoak ere jantzi dituzte herritar batzuek. Eguerdian egin dute deialdia, plaza Eliptikoan, eta 2.000 lagun inguru bildu dira. Hogei txistularik baino gehiagok ireki diete bidea, eta Palestinako bandera baten atzetik abiatu dira udaletxeraino. Argi utzi dute lehenengo pankartan: Herri Ekimen Legegilea: gutxieneko pentsioa = SMI.

Iazko irailean aurkeztu zuten pentsiodunek ekinaldia, eta lau hilabete eman zituzten kalean sinadurak biltzen. Jon Fano Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak gogorarazi duenez, 145.142 lagunek sinatu dute pentsio txikiei osagarria emateko eskaria –gutxienez 10.000 sinadura aurkeztu behar dira halako bat tramitatzeko–. Pentsiodunek nahi dute EAEko erakundeek jartzea gutxieneko soldatara (1.184 euro) iristeko falta den dirua, hartara egokitutako sistema bat eratuta.

Hainbat herritako pentsiodunak

Oihu artean gurutzatu dute pentsiodunek Kale Nagusia; besteak beste, «pentsionistak aurrera» eta «onartu herri ekimena» entzun dute manifestazioarekin topo egin duten herritarrek. Hainbat herritako pentsiodunak batu dira protestara; Galdakaoko, Sestaoko eta Uribe Kostako plataformek, esaterako, euren pankarta eraman dute, pentsio publiko duinak exijitzeko. Babestu zahar etxeetako egoiliarren senideen elkarteko kideak ere bertan izan dira, Beste zaintza eredu bat posible da pankarta eskuetan.

«Ekinaldia aurkeztuta, zain gaude Eusko Legebiltzarrak noiz onartuko duen izapidetzeko, eztabaidatzeko eta ebazteko», esan du Fanok. Osoko bilkura batean bozkatu beharko dute eztabaidatzea onartu ala ez, eta Fanok esan du ziurtatuak dituztela EH Bilduren, Sumarren eta PPren aldeko botoak. EAJren eta PSE-EEren botoak falta dituztela azpimarratu du. Pentsiodunen mugimenduko bozeramailearen hitzetan, «erabat demokratikoa» da aurkeztu dutena, eta babes handia izan du. Hori dela eta, «ez dago inolako justifikaziorik HELa ez onartzeko; tramiterako, behintzat, onartu behar dute».

«Ez dago justifikaziorik herri ekinaldi legegilea ez onartzeko; tramiterako, behintzat, onartu behar dute»

JON FANO Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Mikel Torres lehendakariordearekin bildu ziren uztailean. Fanok jakinarazi duenez, eskariaren inguruko txosten bat aurkeztuko du Jaurlaritzak: «Txosten hori noiz aurkeztuko zain gaude; azken eguna irailaren 8a izango da. Dena dela, aurreratu dezakegu txostena ez dela loteslea».

Gaurko protesta Bilboko udaletxearen aurrean amaitu dute. Bertan irakurritako adierazpenean, argi utzi dute «pentsio publiko eta duinak» eskatzen jarraituko dutela, Donostiako eta Bilboko jaietan egin bezala. «Datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira, eta prest ditugu helburu hori lortzeko hainbat mobilizazio eta ekimen». Irailaren 8an berriz kontzentrazioak egiten hasiko dira Hego Euskal Herrian, eta egun horretan emango dute beste ekimen batzuen berri.

Pentsiodunek argi utzi dute posible dela jaia eta aldarrikapena uztartzea. Izan ere, protesta amaitzean, txosnetara jo dute manifestariek, konpartsa batzuek prestatu dieten aperitiboa dastatzera. Nolanahi ere, nabarmendu dute jaietan ere ezin dutela alde batera utzi «palestinarrek Israelen genozidio basatiaren aurka egiten duten borrokarekin duten elkartasun konpromisoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.