145.142 sinadura pentsio txikiak osatu daitezela eskatzeko

EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean erregistratu du pentsiorik apalenak gutxieneko soldatarekin parekatu daitezela eskatzeko herri ekinaldi legegilea. Bilera bat eskatu diote Pradalesi, ekinaldia aintzat hartu dezan.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Jendetzak babestuta eroan dituzte sinadurak Eusko Legebiltzarrera. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko maiatzaren 15a
13:50
Entzun 00:00:0000:00:00

«Babes ikusgarria, historikoa» izan du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sustatu duen HEL herri ekinaldi legegileak: 145.142 lagunek sinatu dute pentsio txikiei osagarria emateko eskaria, hau da, ekinaldia tramitatu ahal izateko gutxieneko kopurua baino ia hamabost bider gehiagok. Sinadura horiek denak Eusko Legebiltzarrera eraman dituzte, traktore batean atoan eta jendetza batek babestuta. Ekinaldiak izandako «arrakasta» aintzat hartzea eta eskaria onestea galdegin diete talde politikoei.

Joan den urteko irailean aurkeztu zuten ekinaldia, eta lau hilabete eman dituzte kalean sinadurak biltzen. Zehaztu dutenez, emaitza «historikoa» da, ez soilik kopuruagatik —joan den urteko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan botoa eman zutenen %13,5 dira— baita sinadura guztiak banan-banan balioztatzea lortzeagatik ere, fede emaile publiko eta berezien bitartez. Izan ere, babesa adierazi dietenak gehiago dira izatez, kopururik aipatu ez badute ere.

Pentsiodunak
Traktore baten atoan eta jendetzak babestuta eroan dituzte sinadurak Eusko Legebiltzarrera. RAUL BOGAJO / FOKU

Pentsiodunen mugimenduko kideak aritu dira lan horretan gehienbat, baina askotariko eragile eta norbanakoen laguntza izan dute: sindikatuena, gizarte erakundeena, feministena, enpresa batzordeena, auzo elkarteena, udalena eta ikasleena, besteak beste. «Herrietan eta auzoetan jende asko egon da gurekin lanean», azaldu du Ana Mezo mugimenduko kideak, legebiltzarrean egindako agerraldian. Horiei denei eskerrak eman dizkie Mezok, eta eskatu die bultza egiten jarraitzeko, ekinaldia bururaino eraman ahal izateko.

Hain zuzen, helburua —eta eskaria— bat eta bakarra da: pentsiodunek gutxienez SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzea. Gutxieneko pentsioa 1.184 eurora igotzea esan nahiko luke horrek. Hori dela eta, nahi dute falta den dirua EAEko erakundeek jartzea, hartara egokitutako sistema bat eratuta. Adierazi dute modu horretan aurre egingo litzaiokeela «60 urtetik gorako pentsiodunek gizarte bazterketa» jasateko duten arriskuari.

Izan ere, adin horretatik aurrera edozein pentsio jasotzen dutenek izango lukete osagarria eskuratzeko eskubidea, baina baita gazteagoek ere baldin eta lanerako erabateko ezintasuna aitortuta badaukate. 100.000 lagunek, pentsiodunen mugimenduak emandako datuen arabera; horietatik erdiak baino gehiago emakumeak dira —65.000 inguru—.

Ezezkorik ez

Proposamena Eusko Legebiltzarrean eztabaidatua izateko gutxieneko 10.000 sinadurak baino nabarmen gehiago lortu dituzten honetan, Eusko Jaurlaritzak hamabost eguneko epea izango du eskariaren inguruko txostena osatzeko, eta, horren ondoren, gaia Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko onartu edo ez bozkatu beharko dute osoko bilkura batean. Bada, ekinaldia aurrez aurre aurkezteko bilera bat eskatu diote Imanol Pradales lehendakariari: «Herri ekinaldi honek zenbateko babesa izan duen ikusita, nahitaez onartu beharko luke batzarra», adierazi du Mezok.

Izan ere, Mezok esan du hilabeteak daramatzatela lehendakariarekin bildu nahian, baina oraingoz ez dutela lortu harekin zuzenean hitz egiterik. Alderdi politikoekin, aldiz, bai, «etengabeko» harremana dute, Mezok esan duenez. Hala ere, haiekin ere bilduko dira, «argi eta garbi eta zalantzarik gabe» adieraz dezaten zer bozkatuko duten udazkenerako espero den osoko bilkura horretan.

«Orain arte, herri ekinaldi batek ez zuen inoiz izana halako hedapenik eta harrerarik; itxaropen handia sortu du gizartean»

ANA MEZOEuskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

Pentsiodunek ez baitute ezezkorik espero. Izan ere, gogorarazi dute Gernikako Estatutuak pentsioak osatzeko «eskumen osoa» aitortzen diola Jaurlaritzari. Eta azpimarratu dute osagarri hori 2025eko aurrekontuaren %1,4 baino ez litzatekeela izango. Haien arabera, kopuru hori «txikituz» joango litzateke urtetik urtera, gainera. «Diru osagarri hori premia larriko kontsumo ondasunetarako izango denez, gizartera itzuliko da oso-osorik, zergen bitartez», erantsi du Mezok.

Hori dela eta, eskaria «beharrezkoa» ez ezik «bideragarria» ere badela nabarmendu dute pentsiodunek. «Orain arte, herri ekinaldi batek ez zuen inoiz izana halako hedapenik eta harrerarik. Itxaropen handia sortu du euskal gizartearen sektore zabaletan, miseriazko pentsioak handitzeko beharrari erantzuten dio eta». Bada, ohartarazi dute ekinaldia bururaino eramateko «borrokatuko» direla.

1.184

SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu nahi dituzte pentsiorik apalenak. Nahi dute kopuru horretara iristeko falta den dirua EAEko erakundeek jartzea, pentsioa osatuko lukeen sistema bat eratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.