NDFk herrialde pobreen ahuldadeaz ohartarazi du

Funtsak azaldu du herrialde horiek ez direla gai izan pandemia eta inflazio handia gainditzeko, eta haien hazkunde iragarpenak apaldu ditu.

NDFren egoitza, udaberriko bileraren atarian, atzo. SHAWN THEW / EFE
NDFren egoitza, udaberriko bileraren atarian, atzo. SHAWN THEW / EFE
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 16a
16:00
Entzun

Inflazioa jaisten ari da, munduko ekonomia ez da atzeraldian sartu, banku sistemak ongi eutsi die azken krisiei... Zuhurtasunarekin bada ere, egoera ekonomikoaren analisi nahiko baikorra eginda hasi du Nazioarteko Diru Funtsak bere udaberriko iragarpen txostena, WEO izenekoa (World Economic Outlook). Baina ez da oso urrun joan behar ikusteko munduko ekonomiaren egiturazko arazoak ez direla desagertu, eta batzuek, gainera, okerrera egin dutela. Azken horien artean, bat aipatu du NDFk: «Errenta txikiko herrialdeen eta munduko gainontzeko eskualdeen arteko aldea handitzen ari da». Hau da, herrialde pobreen egoera, oro har, ez da hobetu.

Are gehiago, Pierre Olivier Gourinchas NDFko ekonomistak azaldu du herrialde pobreak aurretik uste baino gutxiago haziko direla aurten eta hurrengo urtean, baina, aldi berean, inflazio handiagoa izango dutela. «Horrek iradokitzen du herrialderik txiroenak oraindik ez direla gai izan pandemia eta prezioen krisia gainditzeko. Gainera, gatazken ondorioz, jendea bizia galtzen ari da, eta ziurgabetasuna handitzen».

Zehazki, NDFk «garapenean dauden errenta txikiko herrialde» deitzen dituen horien BPGa %4,7 da haztekoa aurten, urtarrilean iragarri baino bi hamarren gutxiago, eta urrian adierazi baino hiru hamarren gutxiago. 2025erako aurreikuspena (%5,2) ere hamarren bat apaldu du.

Hazkunde hori gauzatzen bada, herrialde aberatsena baino handiagoa izango da (%1,7), baita NDFren begietara «gorabidean dauden» herrialdeena ere (%4,2), baina kontuan hartu behar da abiapuntua askoz apalagoa dela eta askoz gehiago hazi beharko luketela herrialde aberatsagoen ongizatea erdiesteko.

%0,8

Eurogunea, motel. NDFk uste du euroguneko jarduera ekonomikoa uste baino motelagoa izango dela: %0,8 da haztekoa aurten, urtarrilean iragarritakoa baino hamarren bat gutxiago. Frantziarena hiru hamarren apaldu du, %0,7raino, baina Espainiarena lau hamarren igo du, %1,9raino. 

Pandemiaren garaian asko zorpetutako herrialdeei erreparatuta, NDFk ohikoa duen aholku bat egin die gobernuei: defizita murrizteko eta beren kontuak prestatzeko, prest egon daitezen etorkizuneko shockei aurre egiteko. «Inoiz ez da erraza hori egitea, baina hobeto da hori modu mailakatuan egitea merkatuak bere baldintzak inposatu aurretik».

Inbertsio gehiago klima aldaketaren aurka

Gourinchas kezkaz mintzatu da beste gai bati buruz ere: klimaren aldaketari aurre egiteko inbertsioen eskasiari buruz, hain zuzen. «Inbertsio erraldoiak» behar direla azpimarratu du NDFeko ekonomistak, orain artekoak ez baitira nahikoak. «Emisioak handitzen ari dira oraindik. Askoz gehiago egin behar da, eta bizkor gainera». Munduko kutsatzaile nagusiak Txina eta herrialde aberatsak dira, baina haiek ari dira ahalegin handienak egiten «inbertsio berdeetan».

Orain, gorabidean dauden beste herrialdeei dagokie «ahalegin handiena egitea» energia berriztagarrietan, eta erregai fosiletan egiten duten inbertsioa murriztea. «Hortaz, beharrezkoa izango da herrialde aberatsek eta Txinak haiei teknologia transferitzea, baita finantzaketa erraztea ere», funtsaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.