Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren konfiantzak nabarmen egin du behera (bederatzi puntu), baina «eszeptizismo» horrek ez du apalarazi kontsumoa, %2,5etik gora handitu baitzen iaz. Hala ondorioztatu du Laboral Kutxaren ikerketa departamentuak.
Itxuraz kontraesankorra dirudien argazki hori «zalaparta mediatikoaren» ondorio litzateke. Laboral Kutxaren ustez, ziurgabetasun geopolitikoaren eragina «neurriz gain» ageri da hedabideetan, eta, horren ondorioz, errealitatea baino ezkorragoa da herritarren ustea.
Hala, ekonomia orokorraren martxari buruzko pertzepzioak okerrera egin du nabarmen (22 puntu), baina lan merkatuari buruzko balorazioa hobetu egin da, hiru puntu, «datu errealek lagunduta» —inoizko afiliatu gehien dago Gizarte Segurantzan izena emanda, eta Euskal Autonomia Erkidegoko BPGa %2tik gora handitu da— . Enpleguaren eta ekonomiaren dinamismo horren ondorio bide da, neurri handi batean, kontsumoak gorantz segitu izana.
Auto berria eta etxebizitza
Etxeko ekonomiari buruzko pertzepzioa da horren adibide: bederatzi puntu egin du atzera, bereziki prezioen inguruko espektatiba okertu delako (–18) eta orain arte baino azkarrago igoko diren ideia nagusitzen ari delako. Hala ere, paradoxikoki, etxeetako kontsumoa handitzen ari da, eta aurrezteko itxaropena ere bai, diru sarreren segurtasunak bultzatuta, besteak beste, lan merkatuaren bilakaera positiboagatik.
Etxebizitza eta ibilgailua erosteko asmoa izan ohi da konfiantza neurtzeko indize nagusietako bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, etxebizitzen salerosketek %17,5 egin dute gora 2025ean, 2009tik izandako kopururik handiena erregistratuta, eta auto berrien salmentek %19,2ko hazkundea izan dute, pandemia aurreko mailatik urrun egon arren.
Pertzepzioaren okertze hori, dena den, Europa osoan gertatu da. Batez beste, konfiantza indizeak hamalau puntu egin du behera: Frantzian hamasei puntu, Danimarkan hamahiru, Alemanian 11 eta Herbehereetan hamar. Laboral Kutxaren arabera, «testuinguru geopolitiko aldakorra» da konfiantza galera orokortu horren arrazoi nagusia. Nabarmendu du Frantzia eta Alemania Europan duten «lidergoa» ahuldu egin dela eta herrialde horietako «barne tentsio» ekonomikoek eta politikoek ere ez dutela lagundu.
104,2Ekonomiaren termometroa Eusko Jaurlaritzak hilero egiten duen neurketan, 104,2 puntuko emaitza bildu dute 2025eko abenduan: «Hazkunde biziko eremuan mantendu da —100 puntutik gora—, eta urtea dinamika positiboarekin itxi». «Ahulgune» nagusia esportazioak dira. Jaurlaritzaren arabera, barne kontsumoa «ia esklusiboki bultzatzen» ari da arlo hori. Inbertsioek, berriz, «nabarmen» egin dute gora, eta kontsumo pribatuaren hazkundeak eutsi egin dio, «enpleguaren hazkundeari esker». Sektoreka, eraikuntzak du «dinamismorik handiena», eta zerbitzuen sektorea «hazkunde ekonomikoaren funtsezko zutabeetako bat» da oraindik ere. Industria, berriz, «ia geldirik» dagoela ohartarazi du Jaurlaritzak.