Euriborra berriro igo da, eta hipoteken kopurua apaltzen hasi da

Iraileko bileran EBZk interes tasak %2,5era igoko dituen usteak %3ra gerturatu dute Euriborra. Inflazioa %2,9ra iritsi da eurogunean, energia %10 garestitu ondoren.

Etxebizitzen iragarkiak, Donostiako higiezinen bulego batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Etxebizitzen iragarkiak, Donostiako higiezinen bulego batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iker Aranburu.
2026ko uztailaren 31
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekaineko etenaren ondoren, berriro ere gora egin du Euriborrak, eta gero eta gertuago du %3ko maila. Ekaineko batezbestekoa %2,855 izan da, azken bi urteotako handiena, eta orain eguneratu behar diren hipotekak hilero dozenaka euro garestitzea ekarriko du. Interes tasen igoeraren lehen arrastoak hasi dira antzematen etxeen salerosketan eta sinatutako hipoteketan, biak ala biak handitzeari utzi baitiote. 

Etxebizitza erosteko interes tasa aldakorra dutenek sei hilean edo urtean behin eguneratzen dituzte hileroko kuotak, eta guztiek gehiago pagatu beharko dute beren bizitegia ordaintzeko. Izan ere, duela sei hilabete %2,245ean zegoen Euriborra, eta %2,079an, berriz, duela urtebete. Hortaz, urtean behin eguneratzen dutenek nabarituko dute orain aldaketarik handiena. Ordaintzeke geratzen den kapitalaren eta hipotekaren iraupenaren arabera kalkulatzen da zenbatekoa, baina, adibide gisa, hilean 62 euro gehiago ordaindu beharko dituzte 150.000 euroren mailegua 25 urtean itzuli behar dutenek, Euriborra gehi %1eko diferentzialarekin. 

 

Martxoan hasi zen gora egiten Euriborra, eta ordutik hona hipoteka eguneratu behar izan dutenek gehiago ordaindu behar izan dute beren maileguaren truke. Abuztuan ez dirudi joera hori etengo denik. Izan ere, gaur %2,964ra iritsi da, eta oso litekeena da datorren aste edo egunotan %3ko muga gainditzea, interes tasa ofizialen igoerari lotuta doalako.

Ekainean igo zituen EBZk interes tasak, baina uztailean eten bat egitea erabaki zuen, inflazioaren bilakaera ikusteko. Irailaren 15ean bilduko da berriro EBZ, Bundesbanken Berlingo egoitzan oraingoan, eta merkatuek uste dute Christine Lagarderen taldeak puntu laurden igoko dituela interes tasak, %2,5eraino. Are gehiago, analista askok uste dute ez dela urteko azken igoera izango, eta ziur aski abenduan %2,75eraino iritsiko dela diruaren prezioa, EBZ kosta ahala kosta saiatuko delako inflazioa itotzen.

2022an abiatutako sukar inflazionista jaitsita, kontrolpean zirudien prezioen igoerak, eta aurten eurogunean %2ean finkatu zela kalkulatu zuen EBZk urtearen hasieran. Baina ustekabeko faktore bat izan zen: Ormuzko gerra. Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoa abiatu zuten, eta Ormuzko itsasartean petrolioaren fluxua eteteak petrolioaren eta haren eratorrien bat-bateko garestitzea ekarri zuen, eta, jakina, horrek berriro martxan jarri du inflazioa. 

Gaur bertan eman du uztaileko datua Eurostatek, eta bazka eman die interes tasak gehiago handitu behar direla uste dutenei. Ekaineko %2,8tik %2,9ra igaro da uztailean, energiaren %10eko garestitzeak bultzatuta.

Inflazioaren beste motorra zerbitzuak dira, %3,3ko inflazioa izan baitute, ekainean baino hamarren bat gehiago. Hamarren bat hazi da azpiko inflazioa ere, %2,5eraino. Kontrara, elikagaien garestitzeak indarra galtzen segitzen du, eta beste hiru hamarren galdu ditu uztailean, %1,2raino.

Etxeak eta hipotekak

Maileguen garestitzearen ondorioa ikusten da dagoeneko etxebizitza merkatuetan. Izan ere, salerosketen kopurua apaltzen ari da, lehen aldiz 2023az geroztik. Zehazki, Hego Euskal Herrian 13.902 etxebizitza salerosi dira urtarriletik maiatzera, iaz baino 230 gutxiago (-%1,6). 

INEren datuak dira, eta erakunde horrek ere esan du apaldu egin direla etxebizitzak ordaintzeko bankuekin sinatutako hipotekak. Urteko lehen bost hilabeteetan, 12.733 hipoteka erregistratu dira, 2025eko aldi berean baino 78 gutxiago (-%0,6).

Hori bai, prezioak gora eta gora ari dira, eta etxeak erosi ahal izateko eskatutako hipotekak gero eta handiagoak dira: batez beste, 178,600 euro eskatu dizkiete bankuei etxebizitza bat erosi nahi zutenek, iaz baino 16.400 euro gehiago (+%10). 

Merkatuaren hoztearekin bat dator beste datu bat: Kutxabankek jakinarazi du urteko lehen erdian 2.233 milioi euroren hipoteka maileguak eman dituela, iaz tarte horretan baino %2,1 gutxiago, eta azaldu da jaitsiera orokorra izan dela lehiakideen artean ere.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA