Hipotekak %10etik gora garestituko ditu Euriborrak

Aurreko hilabeteotan baino gutxiago igo da indizea, baina goranzko joerari eutsiko diola uste dute analistek

Iker Aranburu.
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Maiatzean igoera erritmoa zertxobait moteldu du Euriborrak. Kontsolamendu eskasa datozen asteotan beren hipoteken zenbatekoa berritu behar duten familientzat, gehienek azken urtean baino %10tik gora gehiago pagatu beharko dutelako hurrengo hamabi hilabeteotan.

Behin-behineko datuen arabera, urte baterako Euriborra—maileguak kalkulatzeko gehien erabiltzen dena— batez beste %2,147ra iritsi zen maiatzean. Iazko maiatzarekin alderatuz gero 0,9 puntu igo da, orduan %1,247an baitzegoen.

Euriborrak iaz hartu zuen goranzko bidea, baina 2011 hastearekin bizkortu du igoera erritmoa, Europako Banku Zentralak interes tasa ofizialak igoko zituela garbi geratu bezain laster. Hala gertatu zen apirilean, %1,25ean utzi baitzituen EBZk. Maiatzean ez zituen ikutu, eta ekainean ere aldaketarik ez dela egongo iradoki du Jean Claude Trichet banku zentraleko presidenteak.

Agian horregatik Euriborraren igoera erritmoa apaldu egin da. Otsailetik martxora 0,21 igo zen, martxotik apirilera 0,16 eta apiriletik maiatzera 0,06. Gainera, maiatzean gorabeherak izan ditu: hilaren 5ean jo zuen goia %2,173rekin, eta atzo %2,138rekin itxi zuen.

Horrenbestez, 30 urtean ordaintzeko 160.000 euroren hipoteka 73 euro garestituko da hilean, hau da, %12,77; hilean 645 euro. Diru hori 25 urtean itzuli behar dutenei %10,7 igoko zaie hileko faktura.

Analista guztiek pentsatzen dutenez, Euriborrak goranzko joera izango du hurrengo hilabeteotan, eta %2,5 eta %3 artean bukatuko du urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.