Hipoteken kopurua egonkortu da, baina mailegatutako zenbatekoa handiagoa da orain

Urteko lehen seihilekoan 15.472 hipoteka sinatu dira Hego Euskal Herrian, %1,1 gehiago. Baina bankuetan diru gehiago eskatu dute etxebizitza erosteko: batez beste 178.000 eurokoa da mailegu bakoitza, %9,2 gehiagokoa.

Hipoteken iragarki bat, Kutxabanken bulego batean. LUIS TEJIDO / EFE
Hipoteken iragarki bat, Kutxabanken bulego batean. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2026ko abuztuaren 26a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hipoteken merkatua hoztu egin da, iazko datuekin alderatuta behintzat. Hego Euskal Herrian, etxebizitza erosteko 15.472 mailegu sinatu ziren urteko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino 173 gehiago; hau da, %1,1 gehiago. Igoera hori iazkoa baino nabarmen apalagoa da, 2025ean %24 egin baitzuen gora hipoteka berrien kopuruak. Dena den, jarduera azken urteetako handienetakoa da oraindik ere.

INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur plazaratutako datuek erakusten dute merkatuak uxatu dituela urte hasierako zalantzak. Maiatzera arte, hipotekek beheranzko joera arina (-%0,6) eduki zuten aurreko urteko datuekin konparatuta, baina ekainean susperraldi nabarmena izan dute: hilabete horretan bakarrik, 2.739 hipoteka sinatu ziren denera Hegoaldeko lau lurraldeetan, iazko ekainean baino %10,2 gehiago.

Lurraldeen artean, Bizkaia da oraindik ere hipoteka gehien sinatzen den lurraldea: 5.829 mailegu izan dira, Hego Euskal Herrian sinatutako hipoteka berri guztien %37,7. Gipuzkoan 4.075 izan dira (%26,3), Nafarroan 3.554 (%23) eta Araban 2.014 (%13).

Iazko lehen seihilekoarekin alderatuta, ordea, bilakaera asko aldatzen da lurralde batetik bestera: Nafarroan %19,3 handitu da hipoteka kopurua, eta Gipuzkoan, %8,7; Bizkaian, aldiz, %9,8 jaitsi da, eta Araban ere behera egin du, zehazki %4,8.

Mailegu handiagoak

Hipoteka kopurua iazkoaren parekoa bada ere, bankuek diru askoz gehiago utzi dute. Lehen seihilekoan, 2.745 milioi euro baino gehiago mailegatu zituzten guztira lau lurralde horietan, iaz baino %10,4 gehiago. Horrek esan nahi du erosleek gero eta finantzaketa handiagoa behar dutela etxebizitza eskuratzeko.

Batez besteko hipoteka 177.476 eurokoa izan da Hego Euskal Herrian. Beraz, zenbateko horrek 15.000 euro egin du gora urtebetean (%9,2). Horrek erakusten du etxebizitza bat erosteko finantzaketa premia handiagoa dela orain.

GIPUZKOAK DITU HIPOTEKA HANDIENAK

Etxebizitza bat erosteko orduan, gipuzkoarrek eskatzen dute diru gehien bankuan: 197.714 euro batez beste. Gero, bizkaitarrek, 183.220 euro; arabarrek, 157.970 euro, eta nafarrek, 153.732 euro. Lau lurraldeetan garestitu da hipoteken batezbestekoa, baina Nafarroan izan da igoerarik txikiena, %7,8koa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso antzera ibili dira, %9,8-9,9 inguruko igoerak izan baitira.

Duela aste batzuk jakinarazi zutenez, urteko lehen sei hilabeteetan 16.755 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %1,2 gutxiago. Salerosketek ia bere horretan eutsi diote, baina etxebizitza erosten dutenek diru gehiago eskatu behar diete bankuei, etxebizitzen prezioak garestitu egin baitira.

Etxebizitza
Etxeak eraikitzen, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE

INEren indizearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza %1,3 garestiago dago gaur egun, 2007ko burbuilaren gailurrean baino. Nafarroan, berriz, oraindik ez da ordukoaren parera iritsi, eta, oro har, %11 inguru merkeago daude.

Konparazio hori, hala ere, zuhurtziaz egin behar da. Izan ere, 2007tik hona inflazioa %45 inguru handitu da, eta soldatek ere gora egin dute. Horrek esan nahi du etxebizitzen prezio errealak, oro har, oraindik ez direla burbuilaren garaian bezain garestiak, nahiz eta prezio nominalek lehengo markak gainditu dituzten leku batzuetan.

Tasa aldakorrekoak, gora

Hipotekei lotutako beste aldaketa handia baldintzetan nabaritu da. Ekainean sinatutako etxebizitza hipoteken %61,7 interes finkokoak izan ziren, eta %38,38 tasa aldakorrekoak. Duela urtebete, berriz, finkoak ziren hamar hipotekatik zazpi baino gehiago. Urtebetean hamar puntu baino gehiago handitu da tasa aldakorrekoen pisua.

Aldaketa hori ez da kasualitatea. 2025ean Euriborrak behera egin zuen, baina 2026an  goranzko bidea hartu du berriro, eta abuztuan %3ra gerturatu da  —%2,946koa da abuztuko batezbestekoa—. Horrek garestitu egin ditu berritzen diren hipoteken kuotak, eta bankuen eskaintza ere aldatu du: interes finkoa oraindik nagusi dun arren —hiru hipotekatik bi Hego Euskal Herrian—, aldakorra pisua hartzen ari da berriro.

Hipoteken batez besteko epeak, ordea, ez du ia aldaketarik izan. Ekainean sinatutako mailegu berriek 25 urteko iraupena izan zuten batez beste, iazko bera.

Finantza erakundeen emaitzek ere iradokitzen dute merkatua ez dela modu berean mugitzen ari guztientzat. Urteko lehen seihilekoan, Kutxabankek %2,1 jaitsi du etxebizitza erosteko hipoteka berrien bolumena, eta erakundeak berak sektorearen moteltzearekin lotu du beherakada.

Laboral Kutxak, ordea, kontrako joera izan du: sinatutako hipoteka berrien bolumena %11,1 handitu du, eta indarrean dauden hipoteken saldoa, berriz, %5,4. Horrek erakusten du finantzaketa eskariak bizirik dirauela, nahiz eta banku guztiek ez duten erritmo bera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA