Hirugarren egunez grebara jo dute Iberdrolako langileek

ELAren esanetan, erantzuna «masiboa» izan da, eta ia %90era iritsi da zenbait lantokitan. Erosahalmena berreskuratzea da langileen eskakizun nagusia.

Iberdrolako langileen protesta, Bilbon, urtarrilean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Iberdrolako langileen protesta, Bilbon, urtarrilean. JAVIER ZORRILLA / EFE
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 19a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirugarren greba eguna izan dute Iberdrolako langileek Hego Euskal Herriko herrialde guztietan. ELA sindikatuaren esanetan, erantzuna «masiboa» izan da, eta ia %90era iritsi da zenbait lantokitan: zehazki, Erandioko Asua auzoan, Ortuellan, Abadiñon, Gernikan, Leioan, Durangon, Santurtzin, Barazarren (Bizkaia), Donostiako Miramon auzoan, Hernanin, Eibarren eta Ordizian (Gipuzkoa) dituen egoitzetan. Askoz apalagoa izan da grebaren eragina enpresaren egoitza nagusian, Bilboko Iberdrola dorrean: %20koa, gutxi gorabehera. Bilboko Larraskitu auzoko egoitzan, berriz, parte hartzea %70ekoa izan da, sindikatuaren arabera. Nafarroan, grebaren oihartzuna %50ekoa izan da.

Aspaldikoa da Iberdrolako langileen ezinegona hango lan baldintzak direla eta. Bereziki, erosahalmena galdu izanak kezkatzen ditu langileak: ELAk azaldu duenez, aurreko hitzarmen kolektiboaren indarraldia 2024an amaitu zen, hitzarmenik gabe daude harrezkero, eta denbora tarte horretan erosahalmenaren %19 inguru galdu dute.

Soldata igoerak KPIari lotzeko eskatzen dute langileek, baina oraingoz enpresak ez du horrelakorik onartu. ELAren esanetan, jarrera hori ez dator bat Iberdrolak izandako emaitza ekonomikoekin: azken ekitaldian 6.285 milioi euro irabazi zituen, aurrekoan baino %12 gehiago, eta akziodunen ordainsaria %14 igo zuen. Langileei, berriz, %0,685eko soldata igoera aplikatu zien, KPIaren igoera baino apalagoa (%2,9).

Zuzendaritzakoei pizgarriak

Gainera, ELAk salatu du Iberdrolak onartu duela zuzendaritzako zenbait arduraduni pizgarriak eta ordainsariak ematea. Goi mailako 400 arduradun inguru izan dira onuradunak, eta, orotara, 400 milioi euro poltsikoratu dituzte.

Beste afera batek sortzen die arrangura langileei: ELAk esan duenez, enpresa Bilbotik Madrilera eramaten ari da erabakiguneak eta lanpostu berriak.

Euskararen erabileraren inguruan ere «kezka» azaldu du ELAk: ez dago euskara eskakizunik edo prestakuntza berezirik, eta bulegoetan eta barne komunikazioetan urria da euskararen erabilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE