Dena ez da poza Iberdrolaren urtebetetzean

Iberdrolako langileek protestak antolatu dituzte konpainiaren akziodunek bihar daukaten batzarra dela eta. Salatu nahi dute enpresak irabazi historikoak lortu arren langileak nabarmen galtzen ari direla erosahalmena azken urteetan.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea, konpainiaren 125. urteurreneko ekitaldietako batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea, konpainiaren 125. urteurreneko ekitaldietako batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iberdrolak 125 urte beteko ditu aurten, eta hainbat ekitaldi eta ikuskizun antolatu ditu ospatzeko. Iragan astean urteurren ekitaldi instituzionala egin zuen Bilboko dorrean, eta ekainaren 12rako musika jaialdia antolatu du Bizkaiko hiriburuan. Urteko ekitaldirik garrantzitsuena, dena den, ostiralean du, akziodunen batzarrean, eta Iberdrola dorrera gerturatzen direnek zarata handia entzun beharko dute, langile batzordearen gehiengoa protestan ari baita lan hitzarmena berritzeko arazoengatik.

Bi mobilizazio egongo dira. UGTk eta CCOOk bost eguneko kanpaldia egin dute Euskadi plazan, Iberdrola dorrearen aurrean. Gau eta egun izan dira bertan, aldarriz beteriko pankarten artean. Bihar amaituko dute, eguerdirako deituriko elkarretaratzearekin. Gorabehera askoko astea izan dute gainera, Ertzaintza kanpaldia desegiten saiatu baitzen herenegun. Iberdrolak erakustoki bat jarri nahi zuen langileak zeuden tokian, eta haiek ez zuten amore eman. Erakustokiaren alboan jarraitu dute protestan.

«Soldata eguneratzeko alde bakarreko sistema bat da, helburukako sistema baten mozorroa duena, ez baita helburu bat, aurreikuspen bat baizik, eta hori enpresak ezartzen du»

ISMAEL MANZANAL Iberdrolako langile batzordeko kidea (UGT)

ELAk, berriz, greba egunera deitu du gaurko, eta manifestazioa egingo dute. Iberdrolak langile batzorde bakarra du Espainian, eta Hego Euskal Herriko ordezkaritza bertan txertatzen da. Batzordeak hamahiru kide ditu, eta UGTren eta CCOOren artean gehiengoa dute, UGTk lau ordezkari baititu, eta CCOOk hiru . ELAk bakarra du, baina Hego Euskal Herrian hark du gehiengoa (%51).

Hamasei hilabete dira batzordeak eta enpresak lan hitzarmena berritzeko bilerak hasi zituztela. Zientoka aldiz bildu arren, akordioa urrun dago. Korapilorik handiena soldatak eguneratzeko sistema da, ez baitu bermatzen KPIaren araberako eguneratzerik. «Guztiz aurkakoa da», laburbildu du Ismael Manzanal Iberdrolako langile eta UGTko ordezkariak: «Sistema honekin ez dago aukerarik soldata KPIaren arabera eguneratzea lortzeko. Beraz, gertatzen dena gertatzen dela, erosteko ahalmena galtzea saihetsezina da».

%0,7ko igoera

Baina zein da sistema hori? Bada, helburuen araberakoa; baina helburuen langa enpresak jartzen du urte bakoitzaren hasieran. «Soldata eguneratzeko alde bakarreko sistema bat da, helburukako sistema baten mozorroa duena, ez baita helburu bat, aurreikuspen bat baizik, eta hori enpresak ezartzen du». Urte hasieran, enpresak Ebitda iragarpen bat egiten du —ustiapenaren emaitza gordina—, eta hura lortzearen araberakoa da soldata eguneraketa. 2015etik duten sistema da, eta azken bost urteetan erosahalmenaren %18,4 galdu dute langileek.

UGT-CCOO kanpaldia
UGTk eta CCOOk deituta, Iberdrolako langileek bost egun igaro dituzte Bilboko Euskadi plazan. Herenegun, Ertzaintza protesta desegiten saiatu zen. BERRIA

«Horrez gain, %0,7ko igoera finkatzen da bakarrik; izan ere, enpresak jarritako helburua hobetzen bada, aparteko ordainketen bitartez saritzen da. Aldiz, ez bagara %80ra iristen, igoera zero da, eta helburua %80 eta %103 artean lortzen bada, %0,25», azaldu du Gorka Lopez del Corral Iberdrolako langile eta ELAko ordezkariak. Zein da horren ondorioa? Bada, azken bost urteetan Iberdrolako langileen soldatak %2,8 igo direla bakarrik —%0,7 bider lau—, KPIa %20,4 igo den arren.

Erosahalmenaren galera hori enpresaren emaitzen aurkako norabidean doa. Iberdrolaren mozkina %12 handitu zen iaz —6.285 milioi euro irabazi zituen—, eta azken lau urteetan pilaturiko irabazia 24.924 milioikoa izan da. Espainiako negozioak irabazi horren %46 eragin du, eta enpresak inoizko dibidendu banaketa handienak egin ditu. Azkenik, Ignacio Sanchez Galan presidentearen soldata 13,2 milioitik 14,1 milioira igaro da (+%6,45). «Guri, aldiz, %0,685 handitu digute soldata aurten. Ozta-ozta iritsi ginen enpresak urte hasieran eginiko Ebitda datura», azaldu du Lopez del Corralek.

Helburua: KPIa

Sindikatuek argi dute sistema aldatu nahi dutela, eta galdutako erosahalmenaren zati bat berreskuratu. Diotenez, baina, enpresa ezezkoan dago. Prest dago portzentajeak malgutzeko, baina ez eguneratze sistema malgutzeko. «Eta horrela ezinezkoa da KPIa lortzea eta langileak ez pobretzea», ondorioztatu du Manzanalek. Zehaztu du tarteko eskaintza asko egin dizkiotela enpresari, baina hala ere ez dutela baiezkorik lortu. Irmoagoa izan da ELAko kidea: «Ez dugu onartuko KPIa bermatzen ez duen sistemarik».

«Enpresa galtzen ari da Euskal Herriarekin duen lotura. Azken urteetan, ardura postu asko Madrilen bete dituzte»

GORKA LOPEZ DE LA CALLE Iberdrolako langile batzordeko kidea (ELA)

Iberdrolak 1.900 langile ditu Hego Euskal Herrian, eta sindikatuek diote azpikontrataturikoak are gehiago direla —mantentze lanak, saltzaileak...—. Enpresaren datuen arabera, 30.000 lanposturen iturburu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Soldatari dagokionez, batez beste 50.000-53.000 euro gordin da urtean, eta teknikariena, 35.000-38.000. Sindikatuek darabiltzaten kopuruak dira; enpresak, berriz, batez besteko soldata 88.000 euro dela esan ohi du. Datu horiek asko aldatu daitezke antzinatasunaren eta ezohiko ordu eta lanen arabera.

Horiek horrela, ulertzekoa da langile batzordearen haserrea eta sistema aldatzeko nahia. Diotenez, gatazkarako prest daude, baita lantaldea ere. Lopez del Corral: «Langileak ikaragarri gogotsu daude. Guk grebara deitu dugu, baina beste sindikatuek ez dute deitu nahi izan estatu mailan». CCOOk eta UGTk ekainaren 19rako deitu dute grebara, baina Manzanalek dio eragina mugatua dela. «Deialdia gehiago da mediatikoa eraginkorra baino. Iberdrola enpresa pribatua da, baina ematen duen zerbitzua, oinarrizkoa. Gutxieneko zerbitzuak oso handiak dira, jaiegun batetik gorakoak. Langile gehienak lanera behartuta daude. Greba, batez ere, bulegoetakoek egingo dute». Dena den, aurreratu du kanpaldiarena bezalako beste protesta molde batzuekin jarraitzeko asmoa dutela.

150 langile, madrilera joan-etorrian

Soldata eguneratzea ez da sindikatuen eskakizun bakarra. ELAk salatu du enpresa Euskal Herriarekiko lotura galtzen ari dela. «Lehen hemen zeuden zuzendaritza postu asko Madrilen daude egun. Arduradunek erretiroa hartu ahala, Madrilen ordezkatzen dituzte. Euskal enpresa dela dio, baina ez da hala», kritikatu du Lopez del Corralek. Iberdrolak Bilbon du egoitza, eta Bizkaian ordaintzen ditu zerga gehienak, baina Euskal Herriko langile kopurua murrizten ari dela gaineratu du: «Adibidez, orain egitasmo bat hasi du Madrilen; bada, hura garatzeko, Bilbon diharduten 150 langilek astean hiru egun igaro behar dituzte han. Joan-etorrian dabiltza astero, ez zaielako modurik ematen hemendik lan egiteko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA