Enplegua

Ia 400 enplegu sortzen lagundu du Gaztempresa fundazioak

Laboral Kutxaren programak 211 enpresa berri martxan jartzea erraztu zuen iaz. Enpresa sortu dutenetatik %55 langabezian zeuden.

Iker Aranburu.
2013ko ekainaren 10a
16:27
Entzun

Gaztempresa fundazioak 5,175 milioi euroren finantzaketa eman zien iaz enpresa berriei. Guztira 211 eratu ziren diru horren laguntzarekin, aurreko urtean baino %14,6 gehiago. Bizkaian 78 enpresa sortu ziren (153 lanpostu), 66 Araban (127 lanpostu), 41 Gipuzkoan (66 lanpostu) eta 28 Nafarroan (43 lanpostu). Ekintzaileen erdiak emakumezkoak ziren, batez beste 36 urte zituzten eta %55 langabezian zeuden enpresak sortzea erabaki zutenean. Enpresa gehienak hirugarren sektorekoak ziren (%33 merkataritzakoak eta %63 gainontzeko zerbitzuetakoak).

Iaz 389 lanpostu berri sortzen lagundu zuen Gaztempresa fundazioak, eta aurten 440era heltzeko asmoa dutela azaldu dute Xabier Egibar fundazioko arduradunak eta Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Bilbon. Eusko Jaurlaritzak 215.000 euroko laguntza ekonomikoa emango du bi erakundeon arteko elkarlanaren barruan. "Gaur egungo Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezko helburu bat da gazteen lehiakortasuna handitzea eta enplegua lor dezaten erraztea", azaldu du Aburtok. "Gure ustez, balio ekintzaileak sustatzen dituen kultura bat eta enpresa berriak sortzeko orduan arrakasta lortzen laguntzen duen trebakuntza bat garatzea da gure jardunaren zutabeetako bat", nabarmendu du.

Azken hamar urteotan, Gaztempresaren finantzaketari esker 1.984 enpresa eta 3.632 lanpostu sortu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.