Iberdrola inoizko mozkinik handienak izateko bidean da aurten ere

Irailera bitarte 5.116 milioi euroren irabaziak izan ditu argindar konpainiak, iaz baino %16,6 gehiago. Urtea amaitzerako 6.600 milioi euroren emaitza izango duela aurreikusi du, eta 1.700 milioi banatuko dituela akziodunen artean.

Sanchez Galan Erresuma Batuko inbertsioetako bat aurkezten Madrilen, abuztuan, Arabiar Emirerri Batuetako ordezkari batekin. MICHIEL TON / EFE
Sanchez Galan Erresuma Batuko inbertsioetako bat aurkezten Madrilen, abuztuan, Arabiar Emirerri Batuetako ordezkari batekin. MICHIEL TON / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 28a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtez urte markak hausten ari da Iberdrola, eta aurten ere bide berean da. Urtarriletik irailera 5.116 milioi euro irabazi ditu Bilboko argindar konpainiak, iaz aldi berean baino %16,6 gehiago, eta hobetu egin ditu aurtengo eginak zituen aurreikuspenak: ondo bidean, urtea amaitzerako 6.600 euroren mozkinak lortuko ditu. Iaz 5.530 milioikoa izan zen emaitza.

Ignacio Sanchez Galan presidenteak sinatutako oharrean, konpainiak azaldu du emaitza horiek Erresuma Batuan eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan egindako inbertsioen ondorio direla. «Horri esker hobetu ditugu aurreikuspenak, eta akzioko 0,25 euroko dibidenduak banatu ahal izango ditugu gure sendotasun finantzarioa indartzen dugun bitartean».

Sanchez Galanek aipatutako inbertsio horiek 9.000 milioi eurokoak izan dira urteko lehen bederatzi hiletan, iaz baino %4 handiagoak; diru horren %60 baino gehiago Erresuma Batuan eta AEBetan erabili du, eta %55 sareetan inbertitu. Energia berriztagarriarekin lotutako inbertsio gehienak ere bi herrialde horietan egiten ari da Iberdrola.

Aurtengo 0,25 euroko dibidenduek ere aurreko markak hautsiko dituzte, iaz akzioko 0,23 eurokoak izan baitziren. Konpainiak aurreikusi du 1.700 milioi euro inguru banatuko dituela, eta horri, gainera, akziodunen batzarrean onartu beharko duten dibidendu osagarria gehituko zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.