Iberdrolak 6.285 milioi euro irabazi ditu, inoizko gehien

Berriztagarrien bidez mozkin gutxiago bildu du, salmenta prezioak apalagoak izan direlako eta Trumpek blokeatu egin dituelako konpainiak AEBetan dituen proiektu batzuk, besteak beste.

Iberdrolaren egoitza nagusia, Bilbon. ALFREDO ALDAI / EFE
Iberdrolaren egoitza nagusia, Bilbon. ALFREDO ALDAI / EFE
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 25a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste errekor bat ezarri du Iberdrolak: 6.285 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz, 2024an baino %12 gehiago; inoizko handienak, beraz. Aurten ere goranzko joerari eutsi nahi dio Euskal Herriko energia konpainiak: aurten 6.600 milioi euro irabaztea aurreikusten du, eta 2028rako 7.600 milioira heltzea. Iazko irabazi handiei esker, 4.500 milioi euro banatuko ditu akziodunen artean. Akzio bakoitzeko 68 zentimoko ordainsaria proposatu du, iaz baino %12 handiagoa.

Irabaziak are handiagoak izan zitezkeen, baina berriztagarrien ataleko jardunak itzala egin dio hazkunde horri. Bereziki, Donald Trumpek AEBetako ekialdeko kostaldean itsasoko parke eolikoak eteteko erabaki izanak baldintzatu du hori, eta argindarraren prezio apalagoek.

Konpainiak 45.546 milioi euro fakturatu ditu guztira, aurreko urtean baino %1,8 gehiago. Hala ere, negozio adar guztien bilakaera ez da bera izan. Argindarraren banaketak ekarri dizkion diru sarrerak %10,8 handitu dira, 20.921 milioi euroraino. Aldiz, energiaren sorkuntzarenak behera egin du: %5,3 gutxiago fakturatu du, 24.888 milioi euro.

Iberiar penintsulan sistemaren operadoreak 2024ko apirilean izandako itzalaldiari aurre egiteko ezarritako neurriek eragina izan dute Iberdrolaren ekoizpenean, konpainiak azaldu duenez. Hala, gas bidezko ziklo konbinatuko zentralen jarduera %25 handitu da 2025ean. Hala ere, taldearen sorkuntza termiko osoak %0,3 egin du behera. Zentral nuklearrek ere %4,8 gutxiago ekoitzi dute, eta kogenerazio plantek, %6,7 gutxiago.

Berriztagarriak eta nuklearra

Iberiar penintsulan, berriztagarrien ekoizpena %8 handitu da. Baina hori ez da islatu irabazietan, Iberdrolak azaldu duenez: arlo horretako mozkinak %10 murriztu dira. Enpresaren arabera, hori gertatu da Espainian eta Erresuma Batuan argindarraren prezioak apalagoak izan direlako eta Iberiar penintsulan zerbitzu osagarrien kostuak handiagoak izan direlako.

Ignacio Sanchez Galanek zuzentzen duen konpainiak 14.460 milioi euro inbertitu zituen iaz. %62 sareetara bideratu du. Lurraldeka, inbertsio guztien %60 AEBetan eta Erresuma Batuan egin ditu.

Energia nuklearrari dagokionez, Iberdrolak zentralen bizialdi baliagarria luzatzearen alde egingo du beste behin. Konpainiaren ustez, instalazio horiek «60 edo 80 urtera ere irits daitezke, seguruak direlako». «Beren mix energetikoan teknologia hori erabiltzen duten herrialdeek prezio baxuagoak dituzte; Italian eta Alemanian, adibidez», azpimarratu du Sanchez Galanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.