Iberdrolak Brasilgo filialaren beste %30 erosi du

1.800 milioi euroko inbertsioa egin du, eta enpresaren %84ren jabe da dagoeneko. Sare elektrikoaren aldeko apustua indartzea du xede.

Iberdrola dorrea, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iberdrola dorrea, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
aitor biain
2025eko irailaren 11
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iberdrolak Brasilgo Neoenergia filialean duen partaidetza handitu du. Konpainiak akzioen %30 erosi dizkio Caixa de Previdencia dos Funcionarios do Banco do Brasili, 1.880 milioi euroren truke. Horri esker, enpresaren akziodun nagusi gisa sendotu da Iberdrola, haren akzioen %84ren jabe baita dagoeneko.

Iberdrolak sare elektrikoan aldeko apustua indartu nahi du, eta asmo horri begira erosi ditu akzio horiek. Izan ere, Neoenergia Brasilgo argindar banatzailerik handienetakoa da: 40 milioi herritarri banatzen die argindarra. Hurrengo urteetan hazkunde handia izatea aurreikusten du, sare elektrikoa berritu eta handitzeko egin beharreko inbertsioei esker. Gauzak horrela, konpainiak adierazi du operazio hori urrats bat gehiago dela sare elektrikoaren alde egindako apustuan.

Hain zuzen ere, Iberdrolak kapitala handitu zuen joan den uztailean, sare elektrikoetan inbertsioak handitzeko helburuz. Nagusiki Amerikako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan egin nahi ditu inbertsio horiek, bi herrialde horiek baitira gaur egun konpainiaren merkatu nagusiak. Brasil eta Espainia ere merkatu garrantzitsuak dira Iberdrolarentzat. Egoitza fiskala Bizkaian du konpainiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.