Historia luzea du Iberdrolak, haren ernamuina denak, Hidroelectrica Ibericak, 124 urte beteko lituzke-eta uztailean. Eta historia luze horretan bada ezohiko zerbait: gaur arte haren langileek ez dute inoiz enpresa mailako grebarik egin. Ez da antzeman lana uzteko ohitura falta, ELA, UGT eta CCOO sindikatu deitzaileen arabera, beharginen %80k egin baitute greba, eta zentro txiki guztiak itxita izan baitira. Beren soldatak KPIaren arabera igotzea da eskakizun nagusia. Iberdrolak 2.000 langiletik gora ditu Hego Euskal Herrian.
Urtarrilaren 15ean ekin zioten lan hitzarmena negoziatzeari, aurrekoa 2021ean izenpetu baitzuten. Orduko eskaera batzuk hizpidera ekarri dituzte oraingoan ere sindikatuek, eta horien artean dago erosahalmena ez galtzea. Hilabete hauetan, «ia-ia astero» batu dira sindikatuak eta zuzendaritzak. Hala ere, negoziazioak bere horretan daude, «ez aurrera, ez atzera».
«Lansariak gehienez %2 handitzea planteatzen dute; lortzeko zailak izango diren helburu batzuetan oinarrituta, gainera»
GORKA LOPEZELAko Iberdrolako ordezkaria
Enpresako zuzendaritzak proposatutako neurriek ez dute beharginen erosahalmena bermatzen, Gorka Lopez ELAk Iberdrolan daukan ordezkariak adierazi duenez: «Horma bat jotzearen parekoa da». Sindikatu hark dauka ordezkaritzaren gehiengoa Iberdrolak Hego Euskal Herrian dituen lan zentroetan. «Enpresak ez du onartu nahi langileek erosteko ahalmenaren %16,5 galdu dutela azken lau urteetan».
Lopezek gaineratu duenez, KPIaren araberako soldata igoerarik ez dute onartu nahi Iberdrolako buruek: «Lansariak gehienez %2 handitzea planteatzen dute; lortzeko zailak izango diren helburu batzuetan oinarrituta, gainera». Zuzendaritzak soldatak igoko lituzke baldin eta energia enpresa horren Espainiako adarraren EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak— %120ra iristen bada; orduan baino ez luke aplikatuko igoera.
«Etekinei erreparatuta, ulergaitza da zuzendaritzak KPIra edo erosahalmen mailara iritsiko ez den soldata igoera planteatzea»
ISMAEL MANZANARESEspainiako UGTko Ekintza Sindikaleko idazkaria
Antzera mintzatu dira Ismael Manzanares Espainiako UGTko Ekintza Sindikaleko idazkaria eta Ruben Sanz CCOOko ordezkaria. Haiek ere parte hartu dute dozenaka langilek Bilboko Iberdrola dorrearen aurrean egin duten elkarretaratzean, eguerdian. Manzanaresentzat, «ulergaitza da, Iberdrolak izandako etekinei erreparatuta eta egoera edozein dela ere, zuzendaritzak KPIra edo erosahalmen mailara iritsiko ez den soldata igoera planteatzea». UGTko ordezkariak gaineratu duenez, azken 30 hilabeteetan bost aldiz jo behar izan dute epaitegietara: «Auzitegi Nazionalak eta Gorenak lautan eman digute arrazoia».

Etekinak gora
Bitartean, etekinak pilatzen jarraitzen du Iberdrolak: 2024an, 5.600 milioi euroren irabaziak izan zituen, 2023an baino %16,8 handiagoak. Mozkin horietatik %52,5 Espainian eta Hego Euskal Herrian lortutakoak dira. Azken lau urteetan, 18.639 milioi eurokoa izan da etekin garbia.
Etekin horretatik gero eta zati handiagoa dagokio Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidenteari: 2021etik gaur egunera, %6,45 egin du gora haren soldatak; lehen, 13,2 milioi eurokoa zen, eta, orain, 14,11 milioi eurokoa. Beharginen sariak, ordea, ez dira neurri berean igo: %2,8, 2021etik gaur egunera. Epe berean pilatutako KPIa %18,1ekoa da.
Datorren asteartean bilduko dira Iberdrolako zuzendaritza eta sindikatuak, Madrilen, negoziatzen jarraitzeko: «Enpresak langileen gehiengoaren eskaerak aintzat hartzea espero dugu». Batzarra hiru egunekoa izango da. «Enpresak amore ematen ez badu eta langileon eskaerak ez baditu aintzat hartzen, mobilizazio eta lanuzte gehiago egingo ditugu. Borrokan jarraituko dugu», ohartarazi du Lopez ELAko ordezkariak.