Planetarentzat eta bertan bizi direnentzat berri on bat eta berri txar bat eman ditu IEA Nazioarteko Energia Agentziaren urteroko txostenak. Berri ona da, haren iragarpenen arabera, 2030erako joko duela goia Lurra berotzen ari diren erregai fosilen erabilerak. Berri txarra, berriz, energia eta garraioa deskarbonizatzeko urratsak bizkortu ezean planeta 2,4 gradu berotuko dela XXI. mendean, eta horrek areagotu egingo dituela klima aldaketaren kalteak.
IEAren arabera, Ukrainako gerrak eta hark piztutako energia krisiak aurreratu egin du erregai fosilen aroaren amaieraren hasiera. Energia berriztagarriak sustatzeko neurri esanguratsuak hartu dituzte energiaren hiru kontsumitzailerik handienek —AEBek, Txinak eta Europako Batasunak—, eta, horren ondorioz, hasia da txikitzen hidrokarburoek energia horniduran duten partea.
Hainbat urtez %80 inguruan izan ondoren, 2030erako %73 izango da, haren hipotesi nagusiaren arabera. Gehiago murriztu zatekeen baldin eta Txinan, Indian eta garabidean diren beste herrialde batzuetan energia kontsumoa handitzen ariko ez balitz.
Txina da berriro funtsezkoena, hura izan baita azken urteetan erregai fosilen kontsumoaren gorakadaren erantzule nagusia. Baina haren hazkundea moteltzen ari da, eta IEAk uste du azpiegituren eraikuntzak ezinbestean apaldu behar duela aurrerantzean, eta, horrekin batera, energia asko eskatzen duten produktuen ekoizpenak —altzairuarenak eta porlanarenak—.
Joera horrek berekin ekarriko du 2030erako goia jotzea petrolioaren, gasaren eta ikatzaren kontsumoak. IEAren arabera, poliki utziko zaio petrolioa eta gasa erabiltzeari; ikatza erabiltzeari, berriz, askoz bizkorrago.
Horregatik, Fatih Birol IEAko buruak berriro eskatu du erregai fosiletan egindako inbertsioak ez handitzeko, eta berriztagarrietara diru gehiago bideratzeko. «Erregai fosiletan inbertsio handiak egitea arrisku bat da gure planetarentzat, baina baita negozio batzuentzat ere, bai bailiteke munduan ez behar izatea petrolio ekoizpena goratzea».
PETROLIOA
Goia aurki, baina jaitsiera erabaki politikoen esku
2019an, lehen aldiz, egunean ehun milioi petrolio upeletik gora kontsumitu ziren. 2020ko salbuespenarekin, hortik gora egon da orduz gero, eta, iragarpen guztien arabera, gutxika-gutxika handituko da hurrengo urteotan. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) ziurtatu berri du 2045erako 116 milioi upelera iritsiko dela, baina oso bestelako iritzia du IEAk. Haren arabera, gaur egungo joerari eutsiz gero hamarkada honen erdialdera joko du goia, eta gero beheranzko bidea hartuko du, oso motel bada ere; 2050erako egunean 97,4 milioi upel kontsumitzea espero du.
Prozesua bizkorragoa izan daiteke baldin eta gobernuek garraio sistema deskarbonizatzeko egin dituzten promesa guztiak beteko balira. Orduan, 2030erako, kontsumoa 92,5 milioi upelera jaitsiko litzateke, eta 54,8 milioira, berriz, 2050erako.
Jaitsiera hori ibilgailu elektrikoen hedapenaren ondorio izango da. Gasolina eta gasolioa erretzen duten autoen salmenta 2017an iritsi zen bere goiko mugara, eta kamioiena, berriz, 2019an. 2020an, auto elektrikoak matrikulatutakoen %4 izan ziren, eta aurten %18ra iritsiko dira, Txinari eta Europari esker.
Errepideetako ibilgailuek kontsumitzen dute petrolioaren %45, eta haren atzetik doa industriapetrokimikoa (%15). Azken horren eskaera eta hegazkin eta itsasontzien erregaiena handitu egingo da 2050 arte, baina ez da nahikoa izango lurreko garraioan eta energia sektorean izango diren jaitsierak konpentsatzeko.
Halaber handituko da kontsumoa herrialderik pobreenetan, horietan biztanleria handitzea eta auto gehiago erostea espero baita. Herrialde aberatsenetan, berriz,kontsumoak 2005ean jo zuen goia, eta hamarkada honen erdialdera bizkorrago hasiko da apaltzen.
GASA
Urrezko garaia amaitzear
Gasaren Urrezko Garaia amaitzen ari dela nabarmendu du IEAk. Berak sortu zuen kontzeptua, 2011n, eta orduz gero urtean %2 handitu da haren kontsumoa. Baina hazkunde hori txikitzen ari da, eta 2030 arte gehienez %0,4 haztea espero du; hortik aurrera, gutxika hasiko da gasaren erabilera txikitzen, energia berriztagarriek ziklo konbinatuko zentralen beharra apalduko dutelako eta bero punpak jada hasi direlako etxeetako gas galdarak ordezkatzen.
IKATZA
Txinara begira
Ikatza da erregai fosilen artean zikinena, eta, hortaz, lehentasuna da haren kontsumoa apaltzea. Alde horretatik, itxaropenari atea ireki dio IEAren txostenak, iragarri baitu 2030ean goia jo ondoren bizkor murriztuko dela.
Berez, herrialderik aberatsenetan 2008an hasi zen ikatz kontsumoa txikitzen, baina ez da nahikoa izan Txinan eta herrialde pobreagoetan izan duen gorakada geratzeko. Baina Txinan ere hasi da joera aldatzen: ikatza erretzen duten zentralak irekitzen jarraitzen du, baina gero eta motelago,planta berriztagarrietako inbertsioak bizkortu dituelako.
Gainera, ikatza erretzen duten zentral termikoak gero eta gehiago erabiltzen dira sistemaren hutsuneak betetzeko.
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK
Hirukoiztu egin behar dira
2020az geroztik, %40 handitu da energia berriztagarrietan egindako inbertsioa, bereziki fotovoltaikoan egindakoa: 1.000 milioi dolar egunero. Ingurumenari kalte txikiagoa egitea ez ezik, energia segurtasuna eta industria propio bat sortzea daude bultzada horren azpian. Baina IEAk gehiago behar dela nabarmendu du, hori baita bide bakarra «1,5 gradurako ateak irekita jarrai dezan». Eta zer da gehiago? Energia berriztagarrien gaitasuna hirukoiztea, eraginkortasuna bikoiztea, sektore gehiago elektrifikatzea, eta metano gutxiago isurtzea.
IEAk berriztagarri gehiago eskatu ditu Lurra 2,4 gradu berotu ez dadin
Nazioarteko Energia Agentziak uste du erregai fosilen erabilerak 2030. urterako joko duela goia, baina neurri gehiago hartzen ez badira ikatzaren kontsumoa soilik apalduko dela bizkor

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu