IEAk uste du petrolioaren eskaintzak ez duela gora egingo urte amaierara arte

Erakundearen aurreikuspenen arabera, egunean iaz baino 4,3 milioi upel gutxiago merkaturatuko dira aurten munduan. 2027rako aldaketa espero du, baina Ormuzko pasabidea irekitzea du lehentasun.

Petroliontzi bat Kubako kostaldean, iazko abenduan. JUAN PALOP / EFE
Petroliontzi bat Kubako kostaldean, iazko abenduan. JUAN PALOP / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko abuztuaren 12a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erakundeek zuhur dabiltza oraindik ere petrolioa dela eta. IEA Nazioarteko Energia Agentziak gaur kaleratu du petrolioaren merkatuaren inguruko hileroko txostena, eta aurreikusi du munduko petrolio eskaintza beste urteetan baino txikiagoa izango dela urte amaierara arte. Argudiatu du AEBek eta Iranek konponbiderik gabe jarraitzeak eragin duela aurreikuspen hori, nolabait Ormuzko itsasarteko zirkulazioa trabatuta dagoelako oraindik.

Munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru igarotzen da pasabide horretatik, eta horrek eragin zuzena du petrolio upelaren prezioan. IEAren arabera, garestitu denez geroztik gutxiago kontsumitzen da, hau da, eskaria ere txikitu egin da, eta horrek ere apalduko du petrolio eskaintzaren aurreikuspena.

IEAk berak maiatzean ohartarazi zuenez, petrolio erreserbak bizkor murriztu dira gatazka hasi zenetik. Txostenean ohartarazi du Ekialde Hurbileko egoera dela-eta erreserbako 69 milioi upel erabili direla uztailean, eta mundu osoko erreserbak 7.900 milioitik behera geratu direla, iazko apiriletik aurrenekoz.

Hortaz, Ormuz irekitzeak eta bi herrialdeen arteko konponbidea lortzeak asko arindu dezake egoera, eta hori du erakundeak lehentasun: Washingtonen eta Teheranen artean su etena lortzea, eta su eten hori errespetatzea.

Izan ere, ekain erdialdean sinatu zuten bake hitzarmena bi gobernuek, baina hiru asteren buruan amaiarazi zuen hura Donald Trump AEBetako presidenteak. IEAren datuei erreparatuz, su etena indarrean egon zen tartean Persiar golkoko herrialdeek petrolio ekoizpena handitu zuten. Zehazki, uztail osoari erreparatuz, herrialde horiek 2,5 milioi upel gehiago ekoitzi zituzten —ia 24 milioi upel egunean—, eta ekainean, 3,7 milioi upel gehiago. Hala ere, gerra hasi aurretik, orain baino 8,3 milioi gehiago produzitzen zuten Persiar golkoko herrialdeek egunean, hau da, 32 milioi upel baino gehiago.

%7,5

Zenbat handitu den LPEEko herrialdeen petrolio produkzioa. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko 11 herrialdeek eta Arabiar Emirerri Batuek %7,5 handitu dute petrolio ekoizpena, ekainarekin alderatuta. Erakundeak txosten bat argitaratu du, eta adierazi egunean 23,6 milioi upel produzitu dituztela herrialde horiek uztailean. Kopuru hori handiagoa izan ohi zen AEBek Iranen aurkako erasoaldiari ekin aurretik. Arabiar Emirerri Batuek LPEEtik irtetea erabaki zuten maiatzean, eta, herrialde hori kontuan hartu gabe, are gehiago handitu da ekoizpena: %9.

Ekoitzi izanak ez du esan nahi upel horiek portuetara iritsi direnik. Erasoek eten egin zuten berriro Ormuzko trafikoa, eta, uztailean, Persiar golkoko herrialdeek 2,1 milioi upel gutxiago esportatu zituzten egunean. IEAk nabarmendu du herrialde horiek 20 miloi upel inguru esportatzen zituztela uztaileko lehen egunetan eta 12 milioi upel inguru hileko azkenekoetan.

Aurrera begira

Urte amaiera arteko aurreikuspenak eginda, IEAk espero du, urte guztiari eta mundu osoari erreparatuz, 102 milioi upel petrolio merkaturatuko direla egunean batez beste. Iaz baino 4,3 milioi upel gutxiago litzateke hori. Zehaztu du Amerikako herrialdeek egunean 1,4 milioi upel gehiago saltzea espero dutela, baina kopuru hori ez dela nahikoa izango Ekialde Hurbileko eta Errusiako galerak konpentsatzeko.

2027rako, berriz, aldaketa espero du. Haren aurreikuspenen arabera, datorren urtean eskaintza egunean 8,3 milioi upel handiagoa izango da, eta egunean 110,3 milioi upel merkaturatuko dira. Beraz, erakundeak uste du 2027an Ekialde Hurbileko egoerak ez duela horrenbeste zigortuko petrolioaren merkatua.

Norvegiako funts subiranoak 160 milioiko mozkina lortu du lehen seihilekoan, inoizko handiena

Errusiaren ostean, Norvegia da Europako petrolio ekoizle nagusia, eta 1990. urtean petrolio esplotazioaren etekinak kudeatzeko funts subiranoa sortu zuen: Norvegiako Gobernuaren Pentsio Funts Globala. Funts horren etekina %9,4 handitu da urteko lehen seihilekoan, eta 159.680 milioi euro irabazi ditu, iaz epe berean baino %153 gehiago. 

Funts horrek gasetik eta petroliotik etorritako diru sarrerak inbertitzen ditu. Hain justu, gasetik eta petroliotik irabazitako diruaren soberakina «modu jasangarrian» kudeatzeko sortu zuen Norvegiako Gobernuak. 

«Errenta aldakorreko merkatuen errentagarritasun onari zor zaio emaitza hori, bereziki Asiako akzio teknologikoei», adierazi du Nicolai Tangen Norges Bank Investment Management (NBIM) erakundeko kontseilari ordezkariak —banku horrek kudeatzen du funtsa—. Hain zuzen, lehen seihilekoan %13 handitu dira funts horren errenta aldakorreko inbertsioak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA