Petrolio garestiegiak ekonomia globala hainbeste astindu ez dezan, 32 herrialdek salgai jarriko dute beren erreserba estrategikoen zati bat, Ormuzko itsasarteko krisiak eragindako kolpea nolabait leundu nahian. IEA Nazioarteko Energia Agentziak eman du albistea, gaur, G7ko herrialdeek IEAk atzo aurkeztutako proposamenari oniritzia eman ostean. «Aho batez» hartutako erabakia izan dela esan du Fatih Birol IEAko zuzendariak.
Petrolio erreserbetatik orain arte larrialdietan ateratako kantitate handiena izango da. Guztira laurehun milioi upel izango dira, IEAko herrialdeek dituzten erreserben herena. Konparaziorako, Ukrainako gerraren hasieran 183 milioi upel atera zituzten; oraingoan halako bi aterako dute erreserbetatik. Erabakiak ez du, hasieran behintzat, eragin handirik izan merkatuetan. Brent upelaren salneurriak behera egin du une batez, baina gero, 90 dolarren bueltan geratu da berriz ere.
Ikusi beharko da orain erreserbako upelen merkaturatzea zenbat egunetan banatuko den, eta batez ere petrolio horren fluxua nolakoa izango den lehen egunetan. Erakundeak, ordea, oraingoz ez du horri buruzko xehetasunik eman. «Argi esateko, petrolio eta gas fluxuak normaltasunera itzul daitezen, inportanteena itsasarteko igarobidea berriz zabaltzea da», esan du Birolek.
5Zenbat aldiz agindu duen IEAk erreserben merkaturatzea. Orain arte, petrolio erreserba estrategikoak bost aldiz atera dituzte merkatura IEAren zuzendaritzapean. Lehena Persiar golkoko gerran izan zen; hurrengoa, 2005. urtean, Rita eta Katrina urakanen ondoren; hirugarrena, 2011. urtean, Libiako gerra zibilaren harira; eta beste bi, 2022an, Ukrainako gerraren eraginari aurre egiteko.
Inportantea izango da jakitea erreserbako zenbat petrolio upel aterako dituzten eskaintza globalera lehen egunetan. Ormuzko itsasartean trafikoa etenda, egunean hogei milioi petrolio eta produktu findu upel geratu dira merkatutik at.
Japoniaren keinua
Hala ere, merkatuen ezinegona hein batean baretzera etorri da goizean Japonia. Tokiok ez dio itxaron IEAren iragarpenari, eta aurreratu du beranduenez datorren astelehenean hasiko dela bere erreserbak ateratzen.
Sanae Takaichi lehen ministroak zehaztu duenez, oraingoz agintariek hilabete baterako erreserba publikoak eta hamabost egunerako erreserba pribatuak atera nahi dituzte, petrolio hori «ahalik eta azkarren» jartzeko hango findegien esku, «IEAren erabakiaren zain egon gabe». G7ko herrialdeen artean Japoniak du Ekialde Hurbileko petrolioarekiko menpekotasun handiena: kontsumitzen duen guztiaren %90 inguru handik inportatzen du, eta Ormuzko itsasartetik igarotzen da.
Denbora kontua
Erreserba estrategikoen larrialdiko merkaturatzearekin batera, neurri batean egoera arintzen ari dira bi oliobide ere: Saudi Arabian petrolioa Itsaso Gorrira eramaten ari dena, eta Emirerrietan Ormuzko itsasartea saihesten duena.
Atzo Amin Nasser Aramcoren buruzagiak iragarri zuenez, asmoa dute Saudi Arabiako oliobide horri erabiliz egun gutxitan zazpi milioi petrolio upel itsasoratzea Yanbuko portutik eguneko.
Hala ere, erreserben merkaturatzeak eta bypasserako oliobideak adabakiak dira, denbora jakin baterako soilik balio dutenak, Persiar golkoko gerrak ekonomia globalean eragindako kolpe latza eramangarriago egiteko. Gerra luzatuz gero, ez dira konponbide nahikoa izango petrolioaren prezioarentzat, eta ez dute konponduko Ormuztik igaro beharko luketen beste gai guztien falta.Â
%14Nazioarteko zenbat hegaldiri eragiten dien gatazkak.Â
Ekialde Hurbileko herrialde askoren aire eremua itxita dago, eta hori arazoak sortzen ari da nazioarteko bidaia askotan, eskualdeko aireportuek kokapen estrategikoa baitute, batez ere Europa eta Asia arteko hegaldietan.
Â
Bidaien eta Turismoaren Munduko Kontseiluak (WTTC, ingelesezko sigletan) kalkulatu du aireportu horietatik 526.000 bidaiari inguru igarotzen direla egunean. Nazioarteko hegaldien %14k egiten dute geldialdia han, eta %5ek dute helmuga. «Edozein etenaldik mundu osoko eskariari eragiten dio», ohartarazi du WTTCk.
Â
Erakunde horren arabera, aurreko astean hegaldi guztiak bertan behera geratu ziren bost egunez, eta lau milioi bidaiari inguru geratu ziren eskualdeko aireportuetan blokeatuta. Dubaikoak ostegunean ireki zituzten, baina aurretik handik igarotzen ziren lau hegalditatik batek baino ez zuen geldialdia egin. Qatarrek aire eremua ireki zuen asteburuan, baina igandean itxi zuen berriro. Atzo hegaldi gutxi batzuk izan ziren, baina baimen bereziarekin.
Â
Eskualdeko turismoari ere eragiten ari zaio gerra. WTTCren kalkuluen arabera, seiehun milioi dolarren (517 milioi euro) galerak ditu egunean. Gatazkaren aurretik egindako aurreikuspenen arabera, aurten nazioarteko bisitariak 207.000 milioi dolar (178.540 milioi euro) gastatzekoak ziren herrialde horietan. Azken urteotan, turismoaren aldeko apustu handia egin dute, luxuzko turismoaren alde batez ere, eta beren ekonomiak dibertsifikatzeko modu bihurtu dute.Â
WTTCren arabera, herrialde horiek kolpe handia hartzen ari dira, baina nabarmendu du bidaien eta turismoaren sektorea «munduko sektore ekonomiko erresilienteenetako bat» dela.