ERAIKUNTZA

Igeltseroek ezingo dute bakarrik lan egin bero handiko egunetan

CCOOk eta UGTk protokolo bat sinatu dute eraikuntzako patronalarekin, tenperatura handiko egunetan lan egin behar denerako. Beste sektore batzuetara zabaltzea da asmoa.

Igeltsero bat uda edaten, bero handiko egun batean. M. G. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko uztailaren 10a
13:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Eraikuntzako langileek ezingo dute bakarrik lan egin, beroagatik alerta gorria edo laranja aktibatzen den egunetan. CCOO eta UGT sindikatuek eta Eraikuntzaren Espainiako Konferentziak sinaturiko protokoloko punturik deigarrienetakoa da hori. Egun horietan, halaber, ur gehiago eman beharko zaie langileei.

Sinatzaileen iritziz, protokolo hau «mugarri» bat da. Ondo bidean, Hego Euskal Herrian ere aplikatuko da, CCOOk eta UGTk bat eginda ordezkaritzaren gehiengoa baitute Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako eraikuntzan. Neurri horiek beroagatik aktibaturiko alerta egoeren araberakoak dira; hala, alarma gorria edo laranja bada, langileak ezingo dira bakarrik gelditu lantokian. Erabakiaren oinarrian bero kolpe posible baten arriskua murriztea dago. Holakoetan, bero kolpea jasaten duenak konortea galdu ohi du, eta, hori gertatuz gero, langilea bakarrik ez egotea lortu nahi da.

Eta ohikoak al dira alerta egoerak? Bada, urrunago joan gabe, astearteko 13:00etan alerta laranja aktibatuko dute Erriberan. 39 gradu inguruko tenperaturak espero dira, eta gauerdira arte luzatuko da alerta. Sinatzaileen asmoa da protokoloa eraikuntza lan guztietara zabaltzea, baita aire zabalean egiten diren lanetara eta lan jardunaren ezaugarrienagatik estalpean egin ezin daitezkeenetara ere.

Debeku horrez gain, ura edateko tarte gehiago ezartzea arautu du protokoloak, eta hainbat gomendio egin; besteak beste, janari arinak egitea, lanorduak eguraldira egokitzea eta atseden gehiago egitea. Duela gutxi, LAB sindikatuak bere protokolo propioa aurkeztu zuen, eta atsedenak ere derrigorrezko izatea eskatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.