Ez dira garairik onenak langileentzat, LABen ustez, «oldarraldi erreakzionarioa» eta «joera inboluzionistak» nagusitzen ari direla uste baitu. Horren aurka, langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatuko dizkien politika publikoak eta sindikalismo borrokalaria, feminista eta antirrazista egiteko hautua berretsi du. Horretarako, elkarlana bultzatuko du gainontzeko langile erakundeekin eta eragileekin.
«Diskurtsoak ez dira nahikoa» faxismoari, antifeminismoari, arrazismoari eta elkarbizitzari eraso egiten dioten gorroto jarrerei aurre egiteko, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak Bilbon adierazi duenez: «Langileen aldeko politikak egin behar dira: politika birbanatzaileak eta zerbitzu publiko sendoak, politika feministak eta politika antirrazistak». Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien politiken norabidea erabat aldatu behar da, Aranbururen ustez. Horrenbestez, prekaritatea murrizteko borroka, zerbitzu publikoen defentsa eta trantsizio ekosozialerako industria politika izango ditu lehentasun nagusi LABek lan urte berrian.
Edonola ere, Aranburuk gogorarazi du «Euskal Herria estatu tresnarik gabeko nazioa» dela, eta ez duela «gai soziolaboraletan eta sozioekonomikoetan erabakitzeko ahalmen osoa». Horiek horrela, LAB «agente aktibo» izango da burujabetza handiagoa eskuratzeko.
«Langileen aldeko politikak egin behar dira: politika birbanatzaileak eta zerbitzu publiko sendoak, politika feministak eta politika antirrazistak»
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra
Prekaritatearen kontrako borroka bi atal nagusitan banatu du LABek. Batetik, lan egingo du soldatak KPIaren gainetik handitu ditzaten. Bestetik, segida emango die lanbide arteko gutxieneko soldataren aldeko ekinaldiei, bai negoziazio kolektiboan, bai gehiengo sindikalarekin elkarlanean. «Patronalak atea itxi zion akordio bat negoziatzeari, baina denbora laburrean 138.000 sinadura baino gehiago bildu dira Hego Euskal Herrian», euskal gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren alde abiatutako herri ekinaldi legegilearen bitartez.
Horrekin batera, pentsiodunek gutxieneko pentsioaren alde egindako lan eskergari balioa eman dio LABeko koordinatzaile orokorrak, eta adierazi du horren aldeko herri ekinaldi legegilea babesten jarraituko dutela.
Zerbitzu publikoak
Osasungintza hizpide, Aranburuk gogorarazi du sindikatu gehienek eta beste eragile batzuek osasun itunetik kanpo geratzea erabaki zutela, eta berretsi du osasun sistema publikoa pribatizatzearen kontra daudela. Hezkuntza arloan hitzartutakoei buruz, «sindikatuak gertutik egingo dio jarraipena akordioen inplementazioari, eta, beteko ez balira, ekintza sindikala eta mobilizazioak aktibatuko ditu».
LABen ustez, «zaintza beharrak handitzen ari dira, eta ez zaio erantzun egokirik ematen». Horri aurre egiteko, zaintza sistema publiko bat eratu behar da, Aranbururen iritziz. Bide horretan, lan baldintzak parekatzea sustatuko du LABek, eta hitzarmenak berritzeko eta ratioak murrizteko borroka egingo du, baita publifikazio prozesuak bultzatu ere.
Uda aurretik Jaurlaritzak aurkeztutako industria plana txarretsi du Aranburuk: «Diru publiko asko jarriko da enpresen eskura, baina ez dago esku hartze publiko aktiborik birmoldaketa industrialari termino ekosozialetan ekiteko. Diru publiko horrek poltsiko pribatuetan amaituko du». LABeko buruak esan du jarraituko dutela trantsizio ekosozialerako klausulak txertatzen negoziazio kolektiboan.
UDAZKENEAN, EUSKARAREN KONTRAKO OLDARRALDIARI AURRE
Euskararen kontrako erasoak gaur egungo olatu erreakzionarioarekin lotu ditu Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak: «Egungo oldarraldi politiko, juridiko eta sozialaren aurka, lege berriak eta berme juridikoak behar dira, eta horrek erantzun soziala ere eskatzen du». Alde horretatik, udazkenean mobilizazioak bultzatuko ditu LAB sindikatuak.