Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propio bat lortzeko herri ekinaldi legegilea Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Herritarren babesa izan dute horretarako: 138.495 lagun izan baitira ekinaldia izenpetu dutenak. Sindikatuek ekimenak izandako «arrakasta izugarria» nabarmendu dute, aise gainditu baitute ekinaldia tramitera aurkezteko behar den gutxieneko sinadura kopurua. Hiru hilabetean bildu dituzte guztiak.
Sinadurak erregistroan aurkezterakoan, sindikatuek adierazi dute legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoen txanda dela orain, haiei dagokiela «herritarrei entzutea» eta eztabaida abiaraztea, eta azpimarratu dute ez dutela kontrako botorik espero. «Sindikatuok, langile klasekook, gure ardurak bete ditugu, eta orain alderdiei dagokie onartu edo ez, bide eman edo ez erabakitzea. Beraz, dei egiten diegu babes dezatela ekinaldiak bere bidea egin dezan», adierazi du Oihana Lopetegi LAB sindikatuko ekintza sindikaleko arduradunak.
Uztail amaierarako 100.000 sinadura bilduak zituzten jada, baina azken hilabetean beste 40.000 lortu dituzte kasik. Hamar kutxatan eraman dituzte guztiak gaur Gasteizera. Bada, sinadura bakoitza «kohesio sozialaren aldeko eta pobreziaren aurkako» arrazoi bat dela azpimarratu du Pello Igeregi ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak: «138.000 arrazoi dira patronala negoziatzera ekartzeko, eta 138.000 arrazoi dira legebiltzarreko kideek aurkeztu dugun herri ekinaldi legegilea onartzeko ere».
«Sindikatuok, langile klasekook, gure ardurak bete ditugu, eta orain alderdiei dagokie onartu edo ez erabakitzea»
OIHANA LOPETEGIÂ LAB sindikatuko ekintza sindikaleko arduraduna
Izan ere, Igeregik nabarmendu du agerian geratu dela Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propio bat nahi dutela herritarrek, eta Confebaski egotzi dio herritarren borondate hori aintzat ez hartzea. Bada, orain arte uko egin dion negoziazioari ekitea galdegin dio. Lopetegik esan du aurrerantzean ere lanbide arteko akordioa lortzeko presio egingo dutela sindikatuek; izan ere, gogorarazi du langileen bizi baldintzak hobetzeko ez ezik burujabetzaren aldeko «urrats garrantzitsua» dela: «Ziur gaude modu batera edo bestera lortuko dugula».
ELAk eta LABek urte hasieran egin zuten publiko Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata ezartzeko beren proposamena: 21.000 euro gordin urtean, hilean 1.500 euro hamalau ordainketatan. Kopuru hori proposatu zioten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalari martxoan Lan Harremanen Kontseiluan egin asmo zuten bileraren atarian. Confebaskek, ordea, uko egin zion gutxieneko soldata negoziatzeari, eta ez zen bilerara joan.
Itxaropentsu Madrilera begira
Herri ekinaldi legegilean eskari hauxe jaso dute: Espainiako Langileen Estatutuaren 27. artikulu bat aldatzea, gutxieneko soldata zehazteko eskumena autonomia erkidegoen esku uzteko. Izan ere, artikulu horren arabera gutxieneko soldatak bera izan behar du Espainia osoan. Sindikatu abertzaleen nahia da, beraz, legebiltzarrak proposamen bat egitea artikulu hori aldatu dadila eskatzeko.
Proposamen hori jaso ondoren, Espainiako Kongresuak onartu beharko luke lege aldaketa. Sindikatuak itxaropentsu agertu dira, eta euskal alderdien teilatuan jarri dute pilota. «Hemen onartuko den beste hipotesirik ez daukagu guk. Madrilera iritsitakoan ikusi beharko da hemengo alderdientzat ezinbesteko ekimena bilakatzen den eta Madrilekin dauzkaten akordioetan sartuko ote duten. Guk hori eskatuko diegu. Beste mila kontu onartu nahiko dituzte, eta argi daukagu hau ezinbestekoa dela beste edozer gauza onartu ahal izateko», zehaztu du Igeregik.
«Madrilera iritsitakoan ikusi beharko da hemengo alderdientzat ezinbesteko ekimena bilakatzen den. Guk hori eskatuko diegu»
PELLO IGEREGIELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduraduna
Espainiako Gobernuak maiatzean jada adierazi zuen, ordea, ez zuela lege aldaketarik babestuko. Yolanda Diaz Lan ministroak Hego Euskal Herriko sindikatuen eta patronalaren esku utzi zuen ardura, gogorarazi baitzuen lurralde mailako lan hitzarmenetan jaso dezaketela Espainiakoak baino handiagoak diren gutxieneko soldatak. Izan ere, hitzarmen autonomikoek lehentasuna dute sektoreko estatu hitzarmenen aldean, betiere horien edukia langileentzat mesedegarriagoa bada.
Nafarroako Parlamentuak ez zuen onartu herri ekinaldi legegilearen eztabaida abiaraztea, nahiz eta han ere milaka sinadura jaso zituzten horretarako. Ondorioz, sindikatu abertzaleek Nafarroako alderdi politikoei eskatu diete lege proposamena erregistratzeko.Â
316Zenbat euroren aldea dagoen Espainiak ezarritako gutxieneko soldatarekin konparatuta. Sindikatuek 1.500 euro gordineko gutxieneko soldata proposatu zuten; kopuru hori Espainiako Gobernuak ezarritakoa baino 316 euro handiagoa da. Egun 1.184 euro gordinekoa da Hego Euskal Herrian aplikatzen den gutxieneko soldata. Sindikatuen arabera, 2026an ezarri beharko litzateke kopuru hori, Espainiak ezartzen duen gutxieneko soldata urtez urte handitzen baita.