Indonesiak basotan ordaindu du bere autarkia ekonomikoa

Prabowo Subianto presidentea elikadura eta energia burujabetza sustatzen ari da, ez izateko beste herrialde batzuen hain mendeko; bien bitartean, nekazaritzako eta biomasaren arloko proiektu berriak tokia kentzen ari zaizkie basoei.

Arroza landatzeko deforestatutako baso bat, Indonesian. KEMAL JUFRI / EFE
Arroza landatzeko deforestatutako baso bat, Indonesian. KEMAL JUFRI / EFE
Josep Solano
Tokio
2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Basoa desagertu egin da, eta arroza ezin izan zuten landatu ere egin. Kalumpangen, Borneo uhartearen erdialdean, berrehun hektarea oihan moztu zituzten iaz arroz soroak landatzeko, Indonesiako Gobernuak programa bat abiatu baitzuen jakien esparruan beregain izateko. Makinak 2025eko apirilean hasi ziren lanean, eta irailerako ia eremu osoa soildua zuten. Urtebete geroago, soroak abandonaturik daude oraindik. Zohikaztegi ugari daude eremu horretan, eta, ondorioz, lurra ez da egokia arroza hazteko, azidoegia baita. Gainera, bertako biztanleek jana eta lehengaiak lortzen zituzten baso hartatik. Orain, ezertxo ere ez.

Kalumpangeko esku hartzea politika anbiziotsuago baten parte bat besterik ez da: 2024ko urrian presidente kargua hartu zuenetik, Prabowo Subiantok elikadura eta energia burujabetza jo ditu bere gobernuaren lehentasuntzat. Inportazioak murriztu nahi ditu, baita ekoizpen nazionala handitu ere, eta herrialdeko baliabideak erabili nahi ditu urtean %8ko hazkunde ekonomikoa sustatzeko.

2025ean, Gobernuak lortutzat jo zuen arroz ekoizpenean beregain izateko xedea, eta orain burujabe izan nahi du arto eta azukre ekoizpenean ere. Era berean, palma oliotik eratorritako bioerregaien alde egin du, beste erregai batzuen inportazioak murrizteko.

Burujabe izateko, lurra

Beregain izateko, ordea, lurra behar da. Gobernuak 20,6 milioi hektarea baso jo ditu egokitzat elikadurarekin, energiarekin eta urarekin lotutako proiektuei ekiteko. Ingurumenaren aldeko Auriga Nusantara elkartearen arabera, hektarea horietako 8,8 milioitan baso naturala dago oraindik. Yakartak adierazi du ez duela eremu osoa soilduko, eta proiektuek dagozkien ingurumen prozedura guztiak bete beharko dituztela.

INDONESIA INCENDIOS
Indonesiako zohikaztegi bat sutan, irailean. EFE

Estatuak arroz soro gehiago landatu nahi ditu, eta, programan aurreikusi duenez, 455.000 hektarea erabiliko ditu horretarako ―horietatik 33.000 basoa dira―. Papuaren hegoaldean, berriz, baliteke arroza eta azukre kanabera ekoizteko planek bi milioi hektareatan izatea eragina. Armada ere lanean ari da eremuak prestatzeko.

%66

 

Zenbat baso gehiago galdu den urtebetean Auriga Nusanta elkartearen esanetan, Indonesiak 433.751 hektarea baso galdu zituen 2025ean, aurreko urtean baino %66 gehiago. Elkarteak egindako kalkuluen arabera, 78.000 hektareatik gora daude gobernuak elikadura eta energia burujabetza lortzeko asmoz abiatutako programen mende. Yakartak, baina, esaten du bere politika ez datzala basoa edonola soiltzean, eta gogorarazi du egiaztatze prozesuak egin behar dituztela hautatutako lurretan.

Lurralde horietan bizi diren komunitateentzat, ordea, basoa ez da eremu antzu bat. Janaria, egurra eta beste material batzuk lortzen dituzte basotik, eta, herri indigena askorentzat, urte luzez bizitoki izan dituzten lurraldeen parte da basoa.

Aurrekaria: Mega Rice Project

Ez da lehen aldia Indonesian halako zerbait gertatzen dena. 1995ean, Suhartoren erregimenean, Gobernuak Mega Rice Project izeneko egitasmoa jarri zuen martxan, Kalimatango oihan tropikalaren eta zohikaztegien milioi bat hektarea baino gehiago arrozerako erabiltzeko. Baso eremu handiak soildu, eta kanalak egin zituzten zohikaztegiak drainatzeko.

Handik hiru urtera, proiektua bertan behera utzi zuten, eta ez zuten lortu aurreikusitako ekoizpen mailara iristea. Drainatze sistemak zohikaztegik lehortu zituen, eta eremua suteekiko kalteberago bihurtu zen. 1997an eta 1998an piztutako suteen ondorioz zientoka mila hektarea baso eta zohikaztegi kaltetu ziren.

Praboworen proiektua ez da gauza bera, baina eremu handietan presioa egitea dakar horrek ere. Nekazaritza bultzatu ez ezik, Indonesiak petrolio inportazioekiko mendekotasuna murriztu nahi du, eta palma olioa aprobetxatu. Gobernuak biodiesela ekoizteko programa bizkortu du, eta urrian B50 erregaia ezartzea aurreikusten zuen; nahasketa bat da, eta erregaiaren erdia palma oliotik eratorritakoa da. Yakartaren kalkuluen arabera, lagungarria izango da diesel inportazioak murrizteko, eta estatuari modua emango dio urtero 170 bilioi errupia aurrezteko.

BASOGABETZEA INDONESIAN
Langile bat egurra mozten, kanpo merkatuetan saltzeko. MAST IRHAM / EFE

Kalumpangen, basoa desagertu egin zen, eta arroza ez zuten landatu ere egin. Beste toki batzuetan, basoak soro bihurtu dituzte, edo energia lortzeko kontzesio, edo biomasa behar duten kanpo merkatuetarako lehengai iturri. Yakartak jaki eta energia gehiago ekoitzi nahi ditu, eta beste herrialde batzuekiko mendekotasuna murriztu. Horretarako, baina, lur gehiago behar du.

JAPONIAREN TRANTSIZIORAKO EGURRA

Japonia da Indonesiatik esportatutako egurrezko pelleten erosle nagusia, erregai gisa erabiltzen baititu biomasa zentraletan. 2023an, Japoniak 66.460 tona pellet inportatu zituen, eta 2025ean, berriz, 402.310. Guztira, 8,64 milioi tona inportatu zituen iaz, 2024an baino %35 gehiago.

Ingurumenaren aldeko zenbait elkartek eta tokiko komunitate batzuen ordezkariek ohartarazi dute biomasa ekoizteko kontzesioen ugaritzeak ondorioak izan ditzakeela baso naturaletan. Indonesian halako 45 kontzesio eman dira gutxienez, eta 750.000 hektarea baino gehiago hartzen dituzte orotara. Egurra erretzean karbono dioxidoa sortzen da, eta gas horren ondorio klimatikoak eztabaidagarriak dira, batez ere egurra lortzeko prozesu osoa kontuan izanda: zuhaitzak moztea, garraiatzea eta basoak leheneratzea, alegia.

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA