Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak 750 milioi euro kudeatuko ditu datorren urtean, aurten baino %19 gehiago. 100 milioi Euskal Finantza Institututik jasoko ditu, Ogasun eta Finantza Sailetik. Diru hori Eusko Jaurlaritzak enpresetan inbertitzeko hartuko duen 1.000 milioi euroren zorretik jasoko du.
Izan ere, enpresen errotzea eta lehiakortasuna bultzatzea izango dira Mikel Jauregik gidatzen duen sailaren helburu nagusiak. Bere arloko aurrekontuak aurkezteko legebiltzarrean egindako agerraldian jakinarazi duenez, arrisku kapitaleko beste funts bat sortuko dute, Handituz izenekoa: hiru milioi eurora arteko fakturazioa duten start-up-ak laguntzeko izango da.
Horrez gain, Ezten funtsari beste bultzada bat emango diote, Ezten II-ren bidez. Funts hori 1989an sortu zuen Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txikietan partaidetza txikiak hartzeko eta haien hazkundea eta bat-egite prozesuak bultzatzeko. Bi tresna horiek bat egingo dute dagoeneko martxan dauden Finkatuz eta Indartuz funtsekin; guztira 900 milioi euro baino gehiagoko kapitala dute.
Beste arlo batzuetan, I+G ikerkuntza eta garapenaren aurrekontuak oro har %13,4ko igoera izango du Industria Sailean. Hazitek programarena %28 handituko da, eta 119 milioira iritsiko; horietatik 22 milioi adimen artifizialeko eta zibersegurtasuneko proiektuetarako erabiliko dituzte.
Lur gehiago
Baina industriak, dirua ez ezik, lurra ere behar du. Hala, saileko aurrekontuaren %23, 178,5 milioi euro, lurzoru industriala birgaitzeko erabiliko du, Bizkaian nagusiki: besteak beste, Burtzeñan (Barakaldo), Etxeulin (Santurtzi) eta Plaia Barri-Sakonin (Erandio). Beste inbertsio batzuk ere aurreikusten ditu; Gipuzkoan, adibidez, Eskuzaitzeta poligonoa handitzeko; eta Araban, parke teknologikoa zabaltzeko. Jauregik azpimarratu duenez, parkeen okupazio maila %90ekoa da gaur egun.
Energia kontsumoa da Industria Sailaren beste arduretako bat. Datorren urtean 80 milioi euro jarriko ditu enpresa eta etxebizitzetarako autokontsumo energetikoa sustatzeko: aurreko urtean baino %18 gehiago. Energia berriztagarrietan eta sare elektrikoaren hobekuntzan inbertsioak iragarri ditu egun martxan dauden egitasmoetarako —besteak beste, Grid4Industry proiektua, Electric Valley hub-a eta Erregai Berriztagarrien hub-a— eta proiektu berrietarako.
Jauregik azpimarratu duenez, bere sailaren beste lehentasunetako bat administrazioaren burokrazia sinplifikatzea izango da: aurreratu du laguntza programak 44tik 22ra murriztuko dituela, enpresentzako sarbidea errazteko.