Azken hiruhilekoetan Nafarroako ekonomia bultzatu duen haizeak indarra galdu du, eta, alderantziz, kontrako korronteak indarra hartu. Europako industriaren ahultzea hedatzen ari da, eta horri zera gehitu behar zaio: Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen lehen ehun egunetan haren administrazioak piztu duen merkataritza gerrak esportazioetan izan duen eragina. Urtarriletik martxora bitartean %2,6 hazi da aurreko urteko hiruhilekoarekin alderatuta, urritik abendura bitarteko tartean baino bost puntu gutxiago.
Ekonomiaren motelaldia hiruhilekoko datuan ere islatu da. Nastat Nafarroako estatistika erakundeak emandako datuaren arabera, %0,5eko erritmoan hazi da jarduera ekonomikoa. Hazkunde erritmo azkarra bada ere, deigarria da nola joan den motelduz ekonomia, hiruhilekoz hiruhileko hamarren bat apaldu baita.
Iragan astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antzeko datuak kaleratu zituen Eustatek, baina alde handi bat zuten: urte arteko tasa leunagoa izan bada ere (%2koa), hazkundearen erritmoari eutsi ahal izan zaio.
Datuen berri jakinda, horien inguruko interpretazioa egin du Jose Luis Arasti Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Eskaintzari dagokionez, nabarmendu du industriaren jarduera zazpi puntu jaitsi dela lehen hiruhilekoan. Volkswagenen Landabengo fabrika auto elektrikoaren produkziora egokitzeko lanetan murgilduta dago, eta horrek bete-betean eragin dio autogintzari. Alta, Arastiren arabera, industriaren «adar gehienek» nozitu dute beherakada, eta, ondorioz, enpresaburuak konfiantza galtzen ari dira, hori neurtzen duten adierazleek islatzen dutenez.
«Industriaren jarduera apaldu egin da, eta horri esportazioak gehituz gero, hamarren batzuk jaitsi da ekonomia»
JOSE LUIS ARASTINafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria
Azken hiruhilekoetan bezala, zerbitzuek bultzatu egin dute jarduera ekonomiko orokorra, «baina indar apur bat gutxiagoz». Eraikuntzak, berriz, bilakaera ona izan du, «batik bat enpleguan».
Eskariari dagokionez, esportazioak dira kezka iturri nagusia. Ez du aurreratu zenbateraino jaitsi diren esportazioaren datuak, baina onartu du behera egin dutela: «Ziurgabetasuna nabaritzen da kanpo merkataritza». Inflazioa, berriz, kontrolpean dagoela iruditzen zaio. Martxoaren amaieran, inflazioa %1,9an zegoen, eta azpiko inflazioa, %1,6an.
Ondorioz, aurreko hiruhilekoetan ekonomia bultzatu duten faktoreek aktibo segitzen dute —batik bat, kontsumo pribatuak, enpleguak eta inflazioaren apaltzeak—. «Industriaren jarduera apaldu egin da, eta horri esportazioak gehituz gero, hamarren batzuk jaitsi da ekonomia», azaldu du.
Aurrera begira, kezka
Ikusteko dago sokatira horretan zer joera nagusituko den, baina Nafarroako Gobernua kezkatuta dago datozen hilabeteei begira. «Zer espero dezakegu hemendik aurrera? Ez dut ukatzen erantzuteko galdera zaila dela», onartu du Arastik. Izan ere, Trumpek lehen asteetan iragarritako muga zergek eta haren «politika aurreikusiezinak» nazioarteko agertoki makroekonomikoa «leherrarazi» dute, eta, horrenbestez, «merkataritza harremanetan tentsioa areagotu eta finantza merkatuetan gorabehera handiak eragin». «Egoera horrek Europako ekonomiaren egoera ahultzen du», eta, ondorioz, Nafarroakoa.
Hori dela eta, gobernuak urte honetarako diseinatutako agertoki makroekonomikoa «hankaz gora» dago. Iragan astean Nazioarteko Diru Funtsak bere aurreikuspenak moldatu zituen. Arastiren arabera, NDFk iragarritako garai berri horrek ondorio hauek ekarriko ditu: «hazkunde apalagoa, inflazio handiagoa, merkatuetan gorabehera handiak eta nazioarteko harremanetan tentsio gehiago». «Zaila da asmatzea», ondorioztatu du, aurreikuspen ekonomikoei dagokienez. Oraingoz gobernuak espero du aurten ekonomia %2,2 haziko dela, baina bilakaeraren arabera datuak egokituko dituzte.
Hori lehen hiruhilekoko datuen aurrerapena izan da; behin betiko hazkundearen datuak ekainaren 25ean emango dituzte.
Goiz da itzalaldiaren ondorio ekonomikoak NEURTZEKO
Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak onartu du atzoko itzalaldiak ustekabean harrapatu dituela. «Ez genuen horrelako itzalaldirik egongo zenik planteatu». Itzalaldiak enpresen jarduera goitik behera baldintzatu zuen, lantoki askok ekoizteari utzi behar izan baitzioten. Hurrengo asteetan neurtuko dituzte itzalaldiaren ondorio ekonomikoak. Arastiren arabera, itzalaldia espero baino gehiago luzatu zen, baina arratserako normaltasuna berreskuratu zen.