Industriaren elektrifikazioa bizkortzeko neurrien gaineko akordioa egin dute Kongresuan EH Bilduk eta PSOEk

Adostu dute argindar sareetako inbertsio mugak handitzea, Red Electricaren planak malgutzea eta energia kontsumo handiko industrientzako laguntzak berreskuratzea.

Mikel Otero EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan, artxiboko irudi batean. FERNANDO VILLAR / EFE
Mikel Otero EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan, artxiboko irudi batean. FERNANDO VILLAR / EFE
Irune Lasa.
2025eko ekainaren 19a
15:35
Entzun 00:00:0000:00:00

«Entxufe gehiago behar da industriaren eskariarentzat». Baieztapen horrekin laburbildu du Mikel Otero EH Bilduko diputatuak gaur goizean Espainiako Kongresuan aurkeztutako mozioa. Hura, gero, erdibideko zuzenketa bihurtu da, koalizioak PSOErekin adostu baitu, eta, azkenean, neurri sorta bat atera da aurrera, botoen gehiengoarekin.

Oterok euskal industria deskarbonizatzeko beharrarekin lotu du ekinbidea. «Euskal industriak aurrera egiteko deskarbonizatu behar du, elektrifikatu behar du, eta, horretarako, potentzia handiagoa behar du». Azaldu du mozioaren bitartez «potentzia hori handitzeko bermeak» eskatu dituztela.

EH Bilduk PSOErekin adostu ditu neurriak, baina EAJk ere aspaldian eskatu izan du halakorik, baita Aege Energia Kontsumo Handiko Enpresen Elkarteak ere, zeinaren aurreko presidentea Sidenorren jabe Jose Antonio Jainaga zen.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta haren industria sailburu Mikel Jauregik ere askotan eskatu dute potentzia handiagoa azken hilabeteetan; izan ere, laster zehaztu beharko litzateke Red Electricaren 2030. urterako sareetarako planifikazioa.

«Albiste ona»

Oterok esan du «albiste ona» dela mozioa Kongresuan aurrera atera izana. «Egikaritu behar diren neurri garrantzitsuak ditu: besteak beste, sare elektrikoetan egin behar diren inbertsioak handitzea eta Red Electricaren planifikazioa malgutzea, modu azkarragoan bide emateko industriaren beharrei».

Laguntzei dagokienez, jarduera ekonomikoen gaineko zerga aztertzea jaso dute, labe elektrikoek besteen pareko zergapetzea lor dezaten. Eta berreskuratuko dira garai batean industria elektrointentsiboak zituen laguntzak.

«Horrez gain, adostu dugu inbertsioak aurreratzeko bide bat aztertzea Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, premiazko kontu bat delako», esplikatu du Oterok. Halako bide bat orain gutxi aurkeztu zuen Pradalesek Eusko Legebiltzarrean, proposatu zuenean Jaurlaritzak argindar sareetarako inbertsioen dirua aurreratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.