Pradalesek industriarako «kupo energetiko bat» proposatuko dio Madrili

Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela sare elektrikoak behar dituen inbertsioen zati bat aurreratzeko, AHTaren lanekin egin moduan. EH Bilduk sare elektrikoaren eskumenaren transferentzia eskatu du.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaurko osoko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaurko osoko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko ekainaren 4a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu nahi du sare energetikoak behar dituen inbertsioen zati bat, eta hala jakinaraziko dio Espainiako Gobernuari etzi egingo duten erkidegoetako presidenteen konferentzian. Imanol Pradalesek iragarri duenez, industriarako «kupo energetiko bat» adostea proposatuko dio Espainiako Gobernuari. Modu horretan, inbertsioak egiteko diruaren zati bat aurreratuko luke Jaurlaritzak, eta, ondoren, kopuru hori estatuari ordaindu beharreko kupoari kendu, AHTaren lanekin egin moduan.

Eusko Legebiltzarrean egin du iragarpena Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, garapen sozial eta ekonomikoari buruz egiten ari diren osoko bilkura monografikoan. Pradalesen hitzetan, ezinbestekoa da argindar sarearen gaitasuna handitzea, trantsizio energetikoari eta deskarbonizazioari aurre egiteko, eta berehala egin behar da gainera, industriak ere hala eskatzen baitu.

Hain zuzen ere, EAEren ekonomian industriak duen pisua aintzat hartu behar da industria politikak garatzerakoan: BGP barne produktu gordinaren %24 dagokio bigarren sektoreari, eta %42 gainditzen du industriari oso lotuta dauden zerbitzuak batuz gero. Hori dela eta, zera eskatuko dio Madrili: «diskriminazio positiboa» egiteko azpiegitura horietan egin beharreko inbertsioak erabakitzean. Izan ere, Pradalesek ohartarazi du 75.000 langileren etorkizuna dagoela jokoan.

Horrez gain, lan absentismoaz, soldatez, gazteen lan baldintzez, kontziliazioaz eta migratzaileen integrazioaz ere jardun du lehendakariak. Gutxieneko soldata propioari dagokionez, —«adostutako gutxieneko soldata» deitu dio— , iragarri du uztailean proposamen bat aurkeztuko diela gizarte eragileei. Eta, etxebizitzari dagokionez, bestalde, adierazi du funts bat sortuko duela, etxebizitzak mobilizatzeko helburuz. Pradalesek azpimarratu du, edonola ere, urtetan eraikitako ereduari jarraituz aurre egin behar zaiela erronka berriei, «arriskuak» hartzeari beldurrik izan gabe.

Beste eredu bat

Arratsaldeko saioan, Pello Otxandiano EH Bilduko ordezkariak bat egin du Pradalesen kupo energetikoaren proposamenarekin, baina motz geratuko dela gaineratu du. Horregatik, koalizioak urrunago joan nahi izan du, eta sare elektrikoaren gaineko inbertsioen eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu du. Otxandianok onartu du energiaren gaia estrategikoa dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren etorkizunarentzat. Energiari lotuta, energia merkaturatzaile publiko bat sortzea ere proposatu du, Kataluniako eredua erreferentzia gisa hartuta.

Hala ere, ekonomiaren garapenerako oinarriak behar bezala finkatzea eskatu du Otxandianok. Izan ere, EH Bilduren bozeramaileak iritzi dio Eusko Jaurlaritza ez zaiola behar bezala erantzuten ari munduko testuinguru ekonomikoari, eta «inprobisatzea» egotzi dio. Horren adibide gisa aipatu ditu, hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga berrikuspena edo gobernuak datorren astean onartu asmo duen industria plana: «zimenduak jartzea ahaztu zaizue».

Otxandiano
Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramailea, gaurko saioan. RAUL BOGAJO / FOKU

Otxandianoren arabera, iraganeko politikek ez dute balio gaur egungo testuinguruari erantzuteko, azken hamarkadetan hegemonikoa izan den paradigmak «porrot» egin duelako. Horren ordez beste eredu ekonomiko bat egituratu behar da, haren ustetan: «Kontsentsu neoliberala hautsi egin da, eta, geroz eta ahots gehiagok adierazten dutenez, politika ekonomiko berri bat martxan jarri beste aukerarik ez dago, etorkizuna bermatuko badugu». 

Azaldu duenez, industriak ekonomiaren oinarri izaten jarraitu behar du, baina administrazioak industriarekin duen harremana aldatu behar du. «Harreman publiko-pribatu sinbiotiko, orekatu eta arduratsu batean oinarritutako industria-politika bat behar dugu, interes orokorra lehenetsiko duena merkatu interesen aurretik», esan du Otxandianok. Eta adierazi du ezinbestekoa dela plan horrek «herri ikuspegi sendo bat» izatea. «Euskal Enpresa Ereduaren aldeko herri aliantza handi bat sustatzeko garaia iritsi da, eta langintza hori Eusko Jaurlaritzak hartu behar du bere gain».

«Herri hau ez dago aukerak galtzeko», ohartarazi du Otxandianok, eta adierazi du beharrezkoa dela herrialdeak dituen gaitasun guztiak aktibatzea, nola arlo pribatuan hala arlo pribatuan. Bada, energiari lotutakoez gain, beste hainbat proposamen ere aurkeztu ditu osoko bilkuran, ekonomiaren garapenerako lagungarriak izan daitezkeelakoan. Horien artean daude, besteak beste, adimen artifizialeko faktoria bat eraikitzea; datu laborategiak sortzea; Finantzen Euskal Institutua eraldatu eta Euskal Inbertsio Bankua bilakatzea; eta hurrengo hamar urteetan 3.000 milioi euro mobilizatzeko ahalmena izango duen funts publiko bat sortzea, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko.

Sistema instituzionala modu «sakon eta integral» batean berritzea ere proposatu du, administrazioaren ahalmena areagotzeko. Alde horretatik, Lanbide eraldatzea proposatu du, industriak behar dituen profil teknikoei modu eraginkorragoan erantzuteko.

Adostasunik ez

EH Bilduk 29 ebazpen eta hamalau proposamen zehatz aurkeztu ditu, baina ez dute gainerako taldeen oniritzia izan. Gobernuko kideek batera egindakoak atera dira aurrera, 25 guztira. Eztabaidan Markel Olano jeltzaleak esan zuen ereduen arteko talka oso agerikoa izan dela eta ez dutela modurik ikusi beste alderdiekin adostasunak bilatzeko. Otxandinok erdibideko zuzenketarik adosteko «borondate falta» egotzi die jeltzaleei eta sozialistei. . 

Oposizioko gainerako taldeek ere ebazpenak aurkeztu dituzte. Sumarrek energia enpresa publikoa sortzea proposatu du, eta «enpresa estrategikoen jabetza produktiboa demokratizatzeko euskal funtsa». Hala ere, Jon Hernandez legebiltzarkidearen iritziz, ezinbestekoa da aberastasunaren sorrerari erreparatu ordez haren banaketari behatzea. «Paradigma aldaketa bat» egitea proposatu du Hernandezek, eta politika ekonomikoen norabidea errotik aldatzea.

PP ere kritiko azaldu da Jaurlaritzaren industria eta ekonomia politikekin. Javier de Andresek adierazi du industriak ekonomian duen pisua galdu izana Jaurlaritzaren erabakien ondorio izan dela, etengabe esku hartzen saiatzen direlako. Bada, «traba administratiboak eta hiperregulazioa» alboratzeko eskatu dio. Energiari dagokionez, berriz, ohartarazi du EAEk berriztagarrien «trena galdu» egin duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.