Industriaren energia kontsumoa %4,2 apaldu nahi du Jaurlaritzak aurtengo diru laguntzekin

52 milioi euroko funts bat onartu du energia eraginkortasunerako proiektuak bultzatzeko. Iaz jarritako dirua halako bi da.

Bi langile lanean erabiltzen duten motor bat mugitzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bi langile lanean erabiltzen duten motor bat mugitzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko maiatzaren 19a
13:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak anbizio handiko helburua jarri die industriaren energia eraginkortasuna hobetzeko aurtengo diru laguntzei. Industria Sailak jakinarazi duenez, 52 milioi euroko funts bat bideratu du energia kontsumoa murrizteko proiektuentzat, eta haien helburua da industriaren energia kontsumoa %4,2 murriztea (830 GWh). Langa hori aurretik bere buruari jarritako erronkaren bidetik doa: 2030erako %12 murriztea energia kontsumoa.

Mikel Jauregi industria sailburuak eman du laguntzen berri. Zehaztu du gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industrian erabiltzen den energiaren %46 jatorri fosilekoa dela, eta, batezbesteko hori Europakoa baino txikiagoa den arren, are gehiago murriztuko beharko litzakeela. Horretarako, asko handitu dute diru laguntzen poltsa osoaren zenbatekoa. Aurtengoa iazkoa halako bi da.

4

 

Gehienezko laguntza, milioi eurotan. Diru laguntza eskatzen duen enpresa bakoitzak, asko jota, lau milioi euro jaso ditzake. Ondo bidean, haiek abian jarritako energia proiektuen kostuaren %15 eta %30 artean finantzatzea da.

Diru laguntzak eskatzeko epea irekita dago jada, 2027ko ekainaren 30era arteko epea du. Dena den, litekeena da lehenago amaitzea, proiektuak jaso ahala eta jasotako ordenan banatuko baitira diru laguntzak. Industria Sailak 200 enpresari edo talderi laguntzea aurreikusi du.

Laguntza eskale bakoitzak lau milioi eurorainoko zuzkidura jaso ahalko du, eta asmoa da proiektu bakoitzaren kostuaren %15 eta %30 artean finantzatzea. Horiek horrela, kalkulua erraza da: jarritako euro bakoitzarekin beste lau mugiaraztea espero du. Plana Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko du. Jauregik iazko diru laguntzen banaketaren berri ere eman du, eta zehaztu du diru laguntzaren %54 enpresa txiki eta ertainetara joan zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA