Inflazioa eurogunean %3aren inguruan geratuko zela uste zuten aditu gehienek, baina, gaur Eurostatek emandako datu aurreratuaren arabera, ekainean kontsumo prezioen indize harmonizatua espero baino gehiago apaldu da, %2,8raino.
Irango gatazkak eta Ormuzko itsasartearen itxierak izandako eragina hasieran uste zen baino mugatuagoa izan dela erakutsiko luke beherakadak; energia prezioen igoerak ez direla hainbeste hedatu beste kontsumo gaietara.
Azpiko inflazioa, elikagai freskoak eta energia prezioak aintzat hartzen ez dituena, %2,4ko tasan geratu da ekainean, bi hamarren jaitsita maiatzeko %2,6tik.
Ekaineko %2,8ko tasarekin, lau hilabetez jarraian egongo da inflazioa eurogunean EBZk bere buruari ezarritako %2ko helburu tasaren gainetik. Hala ere, prezioen beheranzko joerak eta Ormuz zabaldu izanak presioa kentzen dio bankuari, eta, ondorioz, espero izatekoa da datozen bizpahiru hilabeteetan ez direla interes tasak gehiago igoko. Adituek, hala ere, espero dute puntu laurdeneko igoera bat urtea bukatu aurretik.