Inflazioak gora egin du 2024. urtearen hasieran

Argindarraren gaineko zergen igoeraren eskutik, KPIa bi hamarren igo da Hego Euskal Herrian, %3,3raino.

inflazioa
Harategi bat, artxiboko irudi batean. ISMAEL HERRERO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 15a
10:10
Entzun

Urtarrilak eten egin du inflazioaren beheranzko bidea. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, urte arteko prezioen igoerak bi hamarren egin zuen gora abendutik urtarrilera, %3,3raino. Duela urtebete, berriz, %5,8an zegoen.

Esperotako igoera izan da, eta, neurri batean, argindarraren garestitzeari zor zaio. Berez, elektrizitatearen prezioak ez du aldaketa handirik izan handizkako merkatuan, baina bai haren gaineko zergak, urtea hastearekin batera hasi baitira energiaren gaineko zergak krisiaren aurreko mailara itzultzen. Horrela, argindarraren gaineko BEZa, 2023an %5ean izan ondoren, %10era igaro da —%21ekoa da bere tasa arrunta—. Argindarraren gaineko zerga bereziaren murrizketa ere desagertuz joango da modu mailakatuan, ohiko %5,1eko tasara iristeko. Iaz %0,5ean izan zen, eta %2,5era igo zen urtarrilean. Apirilean %3,8ra igaroko da.

Gasaren gaineko BEZa ere %21era itzularaziko du Espainiako Gobernuak, baina ez du apirilera arte egingo, ordurako igaroko baita urteko sasoirik hotzena.

Elikagaiak, %6,9 garestiago

Edonola ere, elikagaiak dira atal inflazionistena, eta urtarrileko berri txarra da haien beheranzko bilakaera geratu egin dela: urtarrilean, urtebete lehenago baino %6,9 garestiago zeuden, eta tasa hori izan zuen abenduan ere.

Elikagaien artean olioa da azken urtean gehien garestitu dena (+%46,3), batez ere Andaluziako uzta txarren eraginez oliba olioaren prezioa bikoiztu egin delako azken urte eta erdian. Okerrena da 2023ko uzta ere ez dela ona izan, lehortea dagoelako oraindik ere, eta, horren ondorioz, ez da espero oliba olioa asko merkatzea hurrengo hilabeteetan. 

Beste zenbait produktu ere asko garestitu dira: %14,6 igo da frutaren prezioa, %13,8 barazki freskoena, %12,1 txerrikiarena, eta %10,7 ur mineralarena, zukuena eta freskagarriena.

Azken hamabi hilabeteetan merkatu diren elikagai bakarrak esnekiak direla dio INEk (-%1,9), baina badira igoera apalak izan dituzten beste batzuk ere: %0,9 oilaskoa eta beste hegazti haragiak, %1 ogiak eta %1,8 esneak. 

1,529

Inflazioa apaltzen ari diren faktoreen artean erregaien merkatzea dago. LPEE + taldeak ekoizpena murriztu eta petrolio upelaren prezioa igotzeko ahaleginek ez dute lortu upelaren prezioa handitzea, batez ere AEBak eta Kanada gai izan direlako euren produkzioa handitzeko. Euskal Herriko gasolindegietan ere ikusi da ondorioa: urtarrilean, batez beste, 1,529 euroan salerosi da erregairik erabiliena, gasolioa, abenduan baino bi zentimo merkeago. Gasolinaren prezioa, berriz, egonkor geratu da, 1,575 euroan. Gasa ere merkatu da, negu epelaren eraginez kontsumoa apaldu egin delako eta biltegiak ohi baino gutxiago hustu direlako.

Behera egiten ari da, berriz, azpiko inflazioa, hau da, elikagai freskoak eta energia aintzat hartzen ez dituena: abenduan %3,9an zegoen, eta %3,6an kokatu da urtarrilean. Horrek erakusten du, oro har, prezioen igoera indarra galtzen ari dela ekonomiaren atal gehienetan.

Hurrengo hilabeteotan inflazioa gutxika apaldu egingo dela espero dute analistek, baina gorabeherak izango dira bilakaera horretan, eta prozesu geldoa izango dela ziurtatu du Europako Banku Zentralak. Horregatik, ez du presa handirik interes tasak jaisteko; orain %4,5ean daude, eta ez da lehen jaitsiera espero apirilera edo ekainera arte.

Laboral Kutxak uste du Hego Euskal Herrian urteko batez besteko inflazioa %3koa izango dela —iaz, %3,8koa izan zen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.