Iñigo Uzinek Ulmari eta Oronari: «Elkarrekin indartsuagoak gara»

Mondragoneko presidenteak batasunerako deia egin die bi kooperatibei, eta ohartarazi bi enpresek taldea uzteak ez diola inori mesede egiten. Bi enpresetako ordezkariak ez dira izan kongresuan

Mondragon korporazioaren Kongresu Nagusiaren hasiera, atzo, Donostiako Kursaalean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
aitor biain
Donostia
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Oronari eta Ulmari mezu argia eman nahi izan die Iñigo Uzin Mondragon korporazioko presidenteak, baina hitz gogorregietan sartu gabe. «Elkarrekin indartsuagoak gara», esan die, batasunerako eta elkar ulertzeko deia eginez. Eta ohartarazi die erabakiak ez diola inori mesede egingo, «ez Oronari, ez Ulmari, ez gainerako kooperatibei eta ez Mondragon osoari».

Mondragonen Kongresu Nagusiaren osteko prentsa agerraldi batean egin zituen adierazpenok Uzinek, atzo, Donostian. Euskal Herriko industria talde handienak urteroko batzarra egin zuen goizean, eta hitzordu hori baliatu zuen Ulmaren eta Oronaren gaiaren inguruko lehen balorazioa egiteko. Izan ere, bi kooperatibek Arrasateko saretik irteteko nahiak erabat baldintzatu zuen biltzarra. Batetik, gai zerrendan jasoa ez bazegoen ere, hizpide izan zutelako egoera; eta, bestetik, taldea osatzen duten 95 kooperatibetako ordezkariak biltzen dituen bilera izan arren ez zutelako parte hartu ez Oronako, ez Ulmako ordezkariek.

«Espazio naturala»

Zeharka erantzun zien presidenteak bi kooperatibei, baina taldeko gainerako kooperatiben babesa zuela erakutsita. Izan ere, aho batez onartu zuten kongresuan eztabaidagai izan zuten txosten bakarra: Laboral Kutxak kooperatiben arteko lankidetzarako eta elkartasunerako funtsetara egin beharreko ekarpenak egokitzen dituena. Txosten hori jo zuten Oronak eta Ulmak korporazioarekin duten desadostasunen adibidetzat. Hala adierazi zien Oñatiko (Gipuzkoa) kooperatiba taldeak bazkideei.

Uzinek argi utzi zuen, ordea,Mondragonek ez dakiela zeintzuk diren taldea uzteko bi enpresek abiarazi dituzten prozesuen «benetako arrazoiak», ez baitute jaso asmoen jakinarazpen ofizialik. Edonola ere, adierazi zuen Oronaren eta Ulmaren etorkizuna Mondragonen barruan ikusten duela, hori delako bi kooperatiben «espazio naturala». Eta gogorarazi zuen elkarrekin jarraituko balute lankidetzarako aukera gehiago izango lituzketela, batez ere «gero eta konplexuagoa eta ziurgabetasunez beteagoa den jokaleku batean».

Korporazioaren barruan autonomia handiagoa izatea eskatzen dute bi kooperatibek, bereizgarri egiten dituzten ezaugarriei eta kudeaketa eredu propioei eutsi ahal izateko. Mondragonen iritziz, baina, gaur egun kooperatibek badute nahikoa askatasun eta ahalmen erabakiak beren kabuz hartzeko. Are gehiago, uste du horri esker iritsi direla gaur egungo egoerara. «Uste dugu negozioen autonomiak, kudeaketa askatasunak, elkartasunak eta lankidetzak ekarri gaituztela honaino. Eta oraindik ere pentsatzen dugu horiek guztiak funtsezko elementuak direla gure negozioek hazten jarraitu dezaten», azpimarratu zuen. «Gure errezeta lankidetza da».

Bi kooperatibak korporaziotik aterako balira, kolpe handia litzateke Mondragonentzat. Ez alferrik, bien artean 10.000 behargin baino gehiago dituzte, hau da, korporazioak dituen langileen herenak inguru, eta industria atalaren fakturazioaren erdia haiei dagokie. Agerikoa da, beraz, Orona eta Ulma joateak txikiago egingo lukeela Arrasateko kooperatiba sarea, «ahulago» geratuko bailitzateke, eta lankidetzarako gaitasuna murriztuta, Uzinek aitortu zuenez.

Horregatik, hitz egiten jarraitzeko «borondate irmoa» agertu zuen Uzinek: «Mondragoneko organoen ateak zabalik daude».Eta adierazi zuen erabakia edozein dela ere korporazioak errespetatu egingo duela.

Emaitza onak lagun

Etorkizunera begira jartzeko baliatu zuen hitzaldia Uzinek, eta korporazioa bide onetik doala berretsi zuen: «Mondragon ondo doa». Iazko emaitzak jarri zituen horren adibide moduan; izan ere, korporazioaren salmentak %5 handitu ziren 2021ean, eta 11.400 milioi euroren langa gainditu zuten.

Aurten ere hazten jarraitzea espero du kooperatiba taldeak, Uzinek aurreratu baitzuen irail arteko emaitzek erakusten dutela Mondragoneko enpresak bolada onean direla. Korporazioak espero du 12.000 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa egitea 2022an. Erdia baino gehiago industria arloko enpresek lortuko lukete —Ulma bera tartean—: 6.500 milioi euro inguru; aurten baino %14,2 gehiago da hori. Hamarretik zazpi inguru nazioartean lortuko lukete. Enpleguari dagokionez ere, hazten jarraitzea aurreikusten du, gaur egun 80.100 lanpostu zuzen baititu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.