Osalaneko zuzendari nagusia

Lourdes Iscar Reina: «Inoiz ez dugu langileen osasuna alde batera utzi»

Iscarrek esan du prebentzio lana baino ez duela egiten Osalanek, zigorrak jartzea Lan Ikuskaritzari baitagokio. Lan istripuak ekiditeko tresnak erabil ditzatela eskatu die enpresariei, eta sindikatuei, berriz, legezkoak ez diren egoerak salatu ditzatela.

Lourdes Iscar Osalaneko Barakaldoko egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Lourdes Iscar Osalaneko Barakaldoko egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Barakaldo
2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Osalanen datuen arabera, lanean izandako heriotzen kopurua apalduz joan da azken bi hamarkadetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala ere, erakunde publiko hartako zuzendari nagusi Lourdes Iscar Reinak (Madril, 1964) aitortu du jaitsiera hori ez dela «nabarmena» izan, eta, haren arabera, langile bakarra hil izan balitz ere berdin-berdin izango litzateke «zorigaitza». Osalaneko buruaren ustez, «ez da onargarria pertsona bat lanera joan eta bertan bizia galtzea», eta horri dagokionez, behintzat, sindikatuak eta Iscar ados daudela ematen du. Aitzitik, ez dirudi hain argi daukanik zein den patronalaren iritzia: Iscarren ustez, «gertatutako lan istripu guztiak ekidin zitezkeen».

Ekainean soilik bost behargin hil ziren lan istripuz Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Ez al da odoluste bat izaten ari?

Lehenik eta behin, behargin bat lanean hiltzea zoritxarreko gertaeratzat hartzen dugu guk, haren familiak bezalaxe. Hala ere, istripuen intzidentzia maila apalduz joan da azken bi hamarkadetan. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, datuak onak direnik, baina aurten iaz baino laneko heriotza gutxiago egon da. Heriotza horiek desagerrarazteko lanean jarraitzen dugu: XXI. mendean ez da onargarria pertsona bat lanera joan eta bertan bizia galtzea.

Iazko garai berarekin alderatuta, ez dira askoz heriotza gutxiago izan. Horrek esan nahi du egoerak berdin jarraitzen duela?

Laneko heriotzen beherakada ez da nabarmena izan, eta langile bakarra hil izan balitz ere zorigaiztoko egoeratzat joko genuke berdin-berdin. Gai honetan oraindik egiteko asko daukatela esaten diegu enpresariei eta langileen ordezkariei, behin eta berriro. Batez ere enpresaburuei gogoratu nahi diegu eskura dituztela ezbehar kopurua murrizteko tresnak, gertatutako lan istripu guztiak galaraz zitezkeen.

Tresna horiek eraginkorrak al dira?

[Eusko Jaurlaritzako] Lan Ikuskaritzarekin batera, istripu guztiak ikertzen ditu Osalanek, ezbehar arinak barne: asko dira heriotzarik eragiten ez dutenak, baina horrek ez du esan nahi ezinezkoa denik istripu horiek hilkorrak izatea. Istripuen ikerketatik ateratako ondorioetatik abiatuta, ekintza planak garatzen ditugu, batez ere hutsegiteak egon diren sektoreetan jarduteko.

Langile batek bizia galtzen duenean, ordea, Lan Ikuskaritzak dauka istripu horrek zigorren bat ekar dezakeen aztertzeko ardura, gauzak horrela egin behar baitira.

Patronala lan osasunerako araudia urratzen ari da?

Baso lanetan ari zen ekaineko azken astean Eskoriatzan (Gipuzkoa) hil zen behargina: bakar-bakarrik ziharduen, inoren laguntzarik gabe. Hain zuzen, sektore horretako enpresetako arduradunei behin eta berriro esan diegu horrelako lan batean beharginek ezin dutela bakarrik egon, eta kontrol neurri gehiago jarri behar direla: ekainaren azken astean argi ikusi genuen zer-nolako ondorio larriak izan ditzakeen baso lanetan aritu bitartean istripuren bat edo zorabioa izateak.

«Enpresarien eta sindikatuen artean, Osalanek ez du ez batzuen ez besteen alde egiten: langileak babestuta egotea da haren helburua»

Horrelakoetan zer neurri hartzen ditu Osalanek?

Lehenago esan dudan bezala, istripu horiek berriro ez gertatzeko plangintzak garatzea da gure lana: besteak beste, baso lanen sektorean ezbeharren bat gertatzen den bakoitzean, bertara joaten dira Osalaneko teknikariak, hutsegitea non egon den aztertu, eta beharginei eta haien arduradunei azaltzeko hori nola konpon daitekeen.

Foru aldundiekin ere elkarlanean ari gara, Euskadi Preben plangintzaren barruan, baso lanetan neurriak hartzeko eta, hala, ezbeharren kopurua apaltzeko.

Lan istripuak gertatzen direnean enpresarien alde egitea leporatzen diete sindikatuek administrazio publikoei. Zer uste duzu?

Enpresarien eta sindikatuen artean, Osalanek ez du ez batzuen ez besteen alde egiten: langileak babestuta egotea da haren helburua. Lan istripuak saihesteko neurriak urratzeagatik ezbeharren bat gertatzen den bakoitzean, dagokion zigorra ezartzen du Lan Ikuskaritzak: espediente bat irekitzen den unetik, arau hauste horren erantzuleak aurkitu arte, behar den lekuan bilatzen du. Beraz, egin, egiten da.

Eta horrek lan istripuak saihesteko balio al du?

Osalanen helburu nagusia zera da, laneko prebentzioa zertan datzan erakustea, eta ez soilik langileei: herritar guztien esku dago lan istripuak saihesteko neurriak exijitzea eta argi esatea ez daukatela baldintza kaskarretan jarduteko asmorik lantokietara doazenean.

Zilegi al da lan osasunari lotutako gaixo baimenak absentismotzat jotzea?

Mikel Torres [Ekonomia, Lan eta Enplegu] sailburuak duela gutxi esan zuen laneko ezbehar kopurua dela bere kezkarik handiena. Absentismoari dagokionez, termino oso zabala da: amatasun edo aitatasun baimenak eta egun libreak ere kontuan hartzen ditu. Ohiko patologiek eragindako aldi baterako ezintasunak ere badaude, baina horiek guztiak osasun sistema publikoak hartzen ditu bere gain. Horren inguruan ez daukagu ezer esateko: laneko ezbehar kopurua gutxitzea da gure asmoa.

Langileek aparteko orduak egiten dituzte askotan. Eraginik al dauka horrek haien osasunean?

Istripuak eta istripuen ondorioak —ez soilik heriotzak— aztertzeaz gain, tokian tokiko lan baldintzak ere aztertzen ditu Osalanek; eta horiek hobetzeko helburuz  eskaintzen dugu trebakuntza eta egiten ditugu informazio kanpainak. Inoiz ez dugu langileen osasuna alde batera utzi.

Osalaneko teknikariek lantokietara egindako bisitaren batean irregulartasunak antzematen badituzte edo irregulartasunen berri badugu, Lan Ikuskaritzari jakinaraztea da gure lana. Aldi berean, langileei eta haien ordezkariei eskatu nahi diet legezkoak ez diren egoera horiek salatu ditzaten, beharginen osasunari kalte egiten baitiete, jakina denez.

«Herritar guztien esku dago lan istripuak saihesteko neurriak exijitzea eta argi esatea ez daukatela baldintza kaskarretan jarduteko asmorik lantokietara doazenean»

Behar den garrantzia ematen zaie buruko gaitzei lan esparruan?

Osalanek prebentzio lana egiten duela kontuan hartuta, guretzat ez da oso erraza izaten buruko gaitzak antzematea eta gaitz horiek ekiditeko neurriak abiatzea. Hala ere, antolaketa, planifikazio eta komunikazio egokiak bermatzea da modurik egokiena beharginek mota horretako gaixotasunik izan ez dezaten.

Etxean telelanean edo kanpoan inolako laguntzarik gabe ari diren langileak bakartuta sentitzen dira askotan: komunikazio bide aproposa eskaini behar zaie modua izan dezaten nagusiari edo arduradunari zer behar duten edo ondo dauden esateko.

Buruko gaitz guztiak hartzen dira lan gaixotasuntzat?

[Espainiako Osasun] Ministerioak kaleratutako zerrendan ez daude egon beharko luketen guztiak. Hain zuzen, enpresetako osasun zerbitzuek jakinarazi behar dute zer lan baldintza izan daitezkeen kaltegarriak buruko osasunerako; izan ere, antolaketa desegoki batek gaixotasun mentalak eragin ditzake lanpostu jakin batzuetan. Osalanek aurrea hartu nahi dio horri.

Nola har dakioke aurrea horri?

Behar-beharrezkoa dena baino premiazkoagorik ez dago: ez dago inolako aitzakiarik [enpresaburuek] lan antolaketa eta baldintza egokien prestaketa atzeratzeko. Izan ere, langile bat asko presionatzea edo, kontrara, langile hori geldi izatea kaltegarria izan daiteke haren buru osasunerako. Antolaketa, plangintza eta komunikazio egokiak alde batera uzteko moduko kontu urgenterik ez dago.

(ID_15107829) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-07-02, Barakaldo. Lourdes Iscar Reina, Osalan
Lourdes Iscar Barakaldoko bere bulegoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Zerbitzuen sektorean izaten ari da lan istripu gehien. Zergatik?

Lan istripuen kopuru absolutua eta intzidentzia tasa ez dira gauza bera: bigarren horrek langile kopuru jakin bati dagozkion ezbehar kopurua neurtzen du, hau da, intzidentzia tasa altuagoak esan nahi du laneko istripuak ohikoagoak direla sektore horretan.

Egia da istripu gehiago izaten direla zerbitzuen sektorean, baina kontuan hartu behar da langile gehienek bertan dihardutela. Hori dela eta, beharginen kopuruarekin alderatuz gero, ezbeharrak ez dira hain ohikoak. Industrian, ordea, intzidentzia tasa handiagoa da: horrek ez du esan nahi istripu kopuru gehiago dagoenik, ohikoagoak direla baizik.

Udako beroak ere arazoak ematen ditu, ezta?

Asko dira bero kolpe bat izateko arriskua izaten duten beharginak, gehienbat kalean lan egiten dutelako, eguzkipean. Euskalmet agentziarekin eta Osasun Sailarekin elkarlanean, abisua bidaltzen diegu enpresei tenperatura altuengatik alerta egoera ezartzen dutenean, baita haize ufada gogorrak daudenean ere. Haize kolpeak arriskutsuak izaten dira toki garaietan lan egiten duten beharginentzat.

«Behar-beharrezkoa dena baino premiazkoagorik ez dago: ez dago inolako aitzakiarik [enpresaburuek] lan antolaketa eta baldintza egokien prestaketa atzeratzeko»

Enpresek horri aurre egiteko neurriak hartzen dituzte?

Enpresek lanaldia alerta egoeraren arabera antolatu ahal izatea da bidalitako abisuen helburua. Eta berriro diot: behar-beharrezkoa dena baino premiazkoagorik ez dago. Hartu beharreko neurrien artean, gomendagarria da goizean goiz edo arratsaldeko azken orduetan lan egitea; eta gainontzeko txandak soilik ezinbestekoa denean mantentzea.

Arratsaldean lan egiten dutenean, eguzkitik eta berotik babesteko txoko fresko bat izan behar dute langileek, ur hotzarekin eta atseden hartzeko ohatila batekin. Gainera, txandaka antolatu behar dute, eta komenigarria da orduero atseden hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.