Gasolina inoiz baino garestiago dago Hego Euskal Herrian: 1,2653 euroan litroa, 2008ko uztailean goia jo zuenean baino pixka bat garestiago —1,26 eurora iritsi zen orduan—. Gasolio litroa ez da iritsi orduko preziora —1,313 euro litroa—, baina ia hogei zentimo garestitu da bi hilabete eskasean, eta 1,192 euro balio du. Eta, jakina, erregaiak garestitzen badira, gainerako ondasunen eta zerbitzuen prezioak ere garestitzen dira, %2,8 iaz, bi urtean izandako inflaziorik altuena.
Prezioak izugarri garestitu dira 2010aren bukaeran. Puntu bat urrian, puntu erdi bat azaroan eta beste puntu erdi bat abenduan, INEk emandako datuen arabera. Igoeraren ondorioa ezaguna da: langile askok erosahalmena galdu dute. Prezioak %2,8 garestitu ziren iaz Hego Euskal Herrian; baina azarora arte berritutako lan itunetan batez beste %0,93ko soldata igoerak hitzartu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi puntu gutxiago, beraz.
Urte hasieran izandako beste prezio igoera batzuk gehituz gero, egoera okerragoa da: argindarra %9,8, gas naturala %3,9... Are gehiago krisi egoeran, langabezia tasa altuekin eta hainbat langabe jada langabezia saririk gabe daudenean.
Energia gastuek inflazioan izan duten eragina erakusten du azpiko inflazioaren datuak, hau da, energiaren eta elikagaien prezioak aintzat hartzen ez dituenak. Azpiko inflazioa %1,5ekoa izan zen iaz Espainian, inflazio osoaren erdia.
Petrolioa upeleko ehun dolarrera hurbiltzen ari da. Brent upela, Europan erreferentzia, 98 dolarrean dago, duela urtebete baino %23 garestiago. Urrun 2008ko uztaileko 148,5 dolarretatik, baina ondorioa ordukoaren parekoa izan da 95 oktanoko gasolinaren kasuan: inoiz baino garestiagoa da. Duela urtebeteko datuekin alderatuz gero, gasolina %17 garestitu da, eta gasolioa, berriz, %21.
50 litroko depositu bat 95 oktanoko gasolinaz betetzeko 63 euro gastatu behar dira, duela urtebete baino hamar euro inguru gehiago.
Tabakoaren zergen eragina
Garraio gastuak %8,9 garestitu ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala ere, garraioa ez da izan hazkunderik handiena izan duen sektorea, edari alkoholdunena eta tabakoarena baizik, %14,6. Abenduan %5,7 garestitu dira. Ez da harritzekoa, Espainiako Gobernuak tabakoaren zergak igo baitzituen abenduan; kaxa bakoitza 40 zentimo inguru. Zergak dira tabako kaxaren prezioaren %80.
Prezioen garestitzean —baita erregaiarenean ere— eragin zuzena izan du uztailean egindako BEZaren igoerak: Espainiako Gobernuak balio erantsiaren gaineko zerga %16tik %18ra pasatu zuen. Espainiako Gobernuak berak uste du prezioen garestitzearen puntu erdi bat BEZaren igoerari dagokiola, eta tabakoari hamarren bat edo beste.
Prezioak garesti, langabezia handia, ekonomia suspertu ezinik... Hala ere, Espainiako Gobernuak baztertu egin du 2011n estanflazioa gertatuko denik, hau da, inflazio altua eta ekonomia ez aurrera ez atzera.
Eurogunean inflazioa %2,2koa izan da, eta Europako Batasunean, %2,6koa. Europako Banku Zentrala erne dago, %2ko maila gainditu baita, eta aurten interes tasak igo ditzakeela iradokidu, inflazioari eusteko. Interes tasa %1ean dago duela hogei hilabetetik. Merkatuek igoera datorrela ulertu dute: Euriborrak hiru hilabeteko igoerarik handiena izan zuen atzo, herenegungo %1,513tik atzoko %1,536ra.
Inoizko gasolina garestienak inflazioa %3aren mugan utzi du
Inflazioa %2,8koa izan da Hego Euskal Herrian, garraioaren, edari alkoholdunen eta tabakoaren garestitzearen ondoriozUrtebetean, Brent upela %23, gasolioa %21 eta gasolina %17 garestitu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu