Bankuak

Interes tasa handiak oztopo bihurtu dira Kutxabankentzat

Berankortasunean ez du sumatu eraginik, baina kreditu eskaerak uzkurtu direla onartu du. Lotura gordailuen interesa %3ko igo du.

Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari delegatua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko irailaren 15a
15:07
Entzun

EBZk %4,5eraino igo zituen interes tasak atzo, eta dagoeneko bankuentzat ere arazo bihurtu dira. Haien zenbakiak izugarri puztu dituen neurria izan arren, kreditu eskaera berriei kalte egiten dietela sumatu dute. Hala onartu du behintzat Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari ordezkari berriak: «Kreditu jarduna uzkurtzen ari da tasei erruz. Jardun ekonomikoa moteldu daiteke, eta hori ez da ona. Beherago egoteak mesede egingo liguke». Era berean, momentuz behintzat, berankortasun tasan —%1,38koa da— ez dutela sumatu esan du, «enpleguak eutsi egiten diolako».

Bilboko Merkataritza Ganberan emaniko hitzaldia eman ditu azalpenak, eta onartu du azken igoera izatea espero duela, «familiek atseden finantzarioa har dezaten». Tasa altuen eskutik, gordailuen interesa hobetzeko eskatu diete erakunde publikoek bankuei. Ruiz de Gordejuelak zehaztu du Kutxabankek politika bezeroei neurrira eginiko aurrezki produktu pertsonalizatuak eskaintzea dela: gordailuak, inbertsio funtsak... Gordailuen eraginkortasuna interes zifren bitartez neurtzen da baina, eta kazetariek estututa, eman du: «Lotura gordailuetan baldintza jakin batzuk betez gero, %3 eskaintzera iritsi gaitezke egun». Aste batzuk dira zifra horretan dabiltzala. Aldiz, ez du ezer aipatu komisio edo antzekoak jaistearen inguruan.

Enpresak eta Espainia

Hitzaldiaren muina Kutxabanken etorkizuneko erronkak ziren, eta zentzu horretan sei aipatu ditu: enpresentzako zerbitzuak, kontsumoa finantzatzeko produktuak, aseguruak, trantsizio energetikoa eta banka pribatua zein inbertsioetakoa. Azken horien harira, zehaztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %13ak eta enpresen %50ak harreman zuzena dutela Kutxabankekin: «Enpresa askotan, baina, ez da gara lehen bankua, eta hor pauso bat eman nahi dugu».

Kutxabankek une gozoa bizi du. Aurtengo lehen seihilekoan %53 gehiago irabazi du, baina are gehiago non hazi baduela argi du. batetik enpresak dira helburua, eta bestetik Espainian eta Katalunian haztean. «Merkatu interesgarri asko daude, Madril, Bartzelona, Malaga... Hor bagaude, baina presentzia handitu nahi dugu». Egun kreditu inbertsioaren %60 Euskal Herritik kanpo du, eta Espainiako kuota hipotekario berriaren %10 lortzetik gertu dago.

Bankuaren hobekuntza tartearekin jarraituz, «ospe txarra» aipatu du, eta bere ustez sektore osoari eragiten dion arazo bat da. «Jendeak iritzi negatiboa du gure inguruan. Pedagogia eta autokritika gehiago behar dugu hori sendatzeko», nabarmendu du. Gordejuelaren iritziz konponbidea «pertsonalizazio» handiago batean dago, eta esan du ez dagoela haren eta digitalizazioaren arteko talkarik. Halaber gehitu du Kutxabankek bere dibidenduen %60 fundazioei bideratzen dietela eta ez dutela arazorik izango batez besteko horri eusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.