Interes tasak %1,25era igo ditu EBZk, eta irekita utzi du igoera gehiago izateko atea

Tricheten arabera, ez dute erabaki igoera gehiagoren artean lehena izango den, baina inflazioarekin «erne» jarraituko duteEBZk aho batez hartu du erabakia, eta azaldu du euroaren eremu osoa hartu duela aintzat

joxerra senar
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Esan eta egin. Jean Claude Trichetek, Europako Banku Zentraleko presidenteak, bere hitza bete du. Martxoaren 2an aurreratu zuen apirilean interes tasak igoko zituela, eta atzoko EBZren gobernu kontseiluak, aho batez, erabaki zuen interes tasak puntu laurden igotzea, %1,25eraino. Ia bi urtez izan du EBZk diruaren prezioa ukitu gabe; 2008ko uztailera atzera egin beharra dago tasen igoera ikusi ahal izateko. Erabakiak inor ezustean harrapatu ez badu ere, ez du argi eta garbi esan aurten igoera gehiago etorriko ote diren. Prentsaurrekoan, Trichetek behin eta berriz azpimarratu du ez dutela erabaki «igoera gehiagoren artean lehena» izango ote den. Hala ere, beti egin behar dena egiten dutela azaltzeaz gain, ez du esan oraingo interes tasak maila egokian direla. Igoera gehiago izateko atea irekita utzi du, beraz.

Inflazioaren gaineko arriskuak dauka kezkatuta Trichet. EBZk kosta ahala kosta eragotzi nahi du petrolioaren eta janariaren garestitzeak, «bigarren erronda batean», kontsumo produktu eta zerbitzuen beste kostuetan islatzea. «Bereziki erne gaude. Ez dugu onartuko, bestela horrek erakutsiko bailuke ez garela betetzen ari erdiko epera inflazio handiago batek EBZri emandako agindua».

EBZren erabakiak euroaren eremuaren egoeren desberdintasuna islatzen du. Alemania buru dutela euroguneko erdialdeko herrialdeak hazkunde ekonomiko betean dira, baina Grezia eta Irlandak EBren finantza laguntza jaso dute, Portugal jasotzear da, eta Espainiak krisi betean jarraitzen du. Lehengoek ekonomia gehiegi berotu eta inflazioa handitzeko arriskua dute, eta, bigarrenentzat, dirua garestitzen hastea albiste txarra da.

Dikotomia hori ikusirik, Trichet ez da nekatu kazetariei behin eta berriz gogorazteaz euroguneko 17 herrialdeak hartzen dituela aintzat EBZk, «ez gehiago, ez gutxiago». Tricheten arabera, euroaren eremuko 340 milioi herritarrei erdiko epera prezio egonkortasuna bermatzea da EBZren kezka nagusia. Hori bai: herrialdeen arteko aldeen jakitun, Trichetek ohartarazi du «batzuek gogorrago» egin beharko dutela lan egoera onbideratzeko.

Erabakiak badu beste ondorio esanguratsu bat. Munduko herrialde industrializatuetako banku zentralen artean, EBZk izan du dirua garestienik krisia piztuz geroztik, eta, hala ere, tasak igotzen lehena izan da: AEBetan %0,25ean dago; Erresuma Batuan, %0,5ean; eta Japonian, %0an. Horri buruz galdetuta, Trichetek ironiaz erantzun du banku zentralek ez diotela erreparatzen bata lehena den eta bestea bigarrena. Haren ustez, batzuen eta besteen egoeraren nondik norakoak «ez dira berdinak».

Diru merkatuetan, euroaren trukea %0,5 inguru jaitsi zen, 1,4255 dolarreraino. Burtsek gorabehera txikiak izan zituzten. Madrilgo Ibex-35 %0,04 igo zen, eta Parisko Cac-40 %0,5 jaitsi.

Confebask: «Presazkoa»

Confebaskek «erabaki txartzat» jo du interes tasen igoera, susperraldi ekonomikoari kalte egingo diolakoan. «Presazko neurria» dela deritzo, eta kontsumoaren eta inbertsioaren finantzaketa garestituko duela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.