Interes tasek %2an jarraituko dute, eta airean dago iraileko jaitsiera

«Orain zain egon behar dugu, eta ikusi zer gertatzen den», esan du Lagardek. Europako Banku Zentralak uste du «egoera onean» dagoela, ikusten baitu inflazioa gogoko mailan egongo dela epe ertainera ere.

EBZren egoitza nagusia, Frankfurten, gaur. ROLAND WITTEK / EFE
EBZren egoitza nagusia, Frankfurten, gaur. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2025eko uztailaren 24a
16:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Harengandik espero zena egin du EBZ Europako Banku Zentralak. Aurreko zazpi bileretan interes tasak jaitsi ondoren, gaurko bileran atseden hartzea erabaki du diru politikaren gidariak. Horrenbestez, %2an jarraituko dute tasa ofizialek, gutxienez iraileraino. Orduan beste puntu laurden bat jaistea posible ikusten dute analistek, betiere inflazioak behera egiten jarraitzen badu eta jarduera ekonomikoak abiada hartzen ez badu, baina beste jaitsiera bat ziurtzat jotzen dutenak gutxiago dira orain.

«Leku onean gaude». Christine Lagarde EBZko presidentea ez da ezkutatu, eta onartu du EBZ gustura dagoela Frankfurteko bere dorretik begiratzen duenean. Inflazioa %2an kokatu zen maiatzean, banku zentralak gogoko duen tasan, baina epe ertainera ere %2ko tasa espero du, eta garrantzitsuagoa iruditzen zaio hori. 

Soldaten bilakaerarekin ere gustura dagoela esan du Lagardek: beldur zen asko handituz gero kontsumoa puztu eta berriro inflazioa handituko ote zen, baina halakorik ez da gertatu, eta soldaten igoerak berak abiada galdu duela nabarmendu du. Zehazki, azken urtean %3,8 handitu dira eurogunean, urteko lehen erdian baino bi hamarren gutxiago. Gainera, hurrengo hilabeteetan igoera gehiago apalduko dela espero du EBZk.

Irailaren 11ko bileran interes tasak beste puntu laurden bat jaitsiko direla uste dute analistek, baina haren arrastorik ez du eman EBZk. Are gehiago, hitz bat desagertu da Lagarderen mezutik —«atsedenaldia»—, eta horrek airean uzten du hurrengo bileretan zer egingo duen. «Bileraz bilera jokatuko dugu, jasotzen ditugun datuen arabera», dio EBZren agiriak, eta tesi horri heldu dio Lagardek ere. «Orain zain egon behar dugu, eta ikusi zer gertatzen den», esan du, eta gaineratu du «ongi kokatuta» daudela «ur uherrei» aurre egiteko. 

Hazkundearen arrazoiak

Merkataritza gerra da ziurgabetasunik handiena eragiten dituen faktorea, eta horrek, noski, eragin du jarduera ekonomikoan. Horrela, Lagardek aipatu du enpresen mailegu eskaera nahiko apala dela, enpresa askok ez dakitelako Donald Trumpek azkenean zer muga zerga eskatuko duen EBren produktuak AEBetan sartzeko. Ezjakintasun horrek bultzatu zituen AEBetarako esportazioak urteko lehen hiruhilekoan, eta horren eskutik %0,6 handitu zen 2024ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, uste baino nabarmen gehiago.  

Baina Lagardek esan du esportazioak aurreratu izana ez zela faktore bakarra izan. Irlandaren datu desitxuratuek —AEBetako multinazionalen kontabilitate kontuek asko eragiten diote— eta herritarren kontsumoak ere bultzatu zuten ekonomia. Azken hori lan merkatu «sendo» batekin lotu du Lagardek —langabezia %6,1 da, euroa sortu zenetik izan den txikiena ia—, eta horrek ere eragin du etxebizitzak erosteko maileguen eskaera %2 handitu izana, bankuek baldintzak gogortu arren.

datuak

 
%2,071

 

Euriborra uztailean. Egonkor dabil Euriborra. Interes tasa aldakorreko maileguak kalkulatzeko indizea %2,081ean kokatu da maiatzean eta ekainean, eta hortxe dabil uztailean ere (%2,071). EBZk bere tasa %1,75era jaitsiko dela argi uzteak baizik ez du apalduko.

%2,8

 

Irailean interes tasen jaitsiera espero dutenak. Lagarderen agerraldiaren ondoren, jende gutxiagok uste du irailean EBZk interes tasak jaitsiko dituela. Bloombergen arabera, %40 ziren bileraren aurretik, eta %28 ondoren. Abenduko bileran jaitsiera espero zutenak %90 ziren lehen, eta %72 dira orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.