Azkenaldian AEBetako telebistei eta hedabide digitalei erreparatzen dienari behin eta berriz agertzen zaizkio Polymarket eta Kalshi izenak. Polymarketen, urliaren aldea handitu egin dela Texasen; Kalshin, demokratei Senatua eskuratzeko hainbateko probabilitatea ematen dietela... Iragarpen merkatuak dira, eta haiek hartzen dituzten plataformak dirutza ari dira irabazten; apustutan gutxienez 220 milioi dolar hartu dituzte hauteskunde hauetan soilik.
Bizkor hedatzen ari diren plataforma horien jatorria eta eragina aztertu ditu Miquel Pellicer kazetari eta antropologoak (Bartzelona, 1977) hainbat artikulutan. Besteak beste, UOCeko Estrategia Digitaleko zuzendaria da Pellicer.
Azalduko zenuke zer diren iragarpen merkatuak?
Plataforma batzuk dira, eta, haietan dirua jarriz, erabiltzaileek apustu egin dezakete gertakizun jakin batzuetan halako gauza edo bestelakoa gertatzeko probabilitateari buruz; adibidez, bi hautagaien artean nork irabaziko dituen hauteskunde jakin batzuk. Apustu egin daiteke gobernu batek har ditzakeen erabakiei buruz ere, presidente batek esan ditzakeen hitzei buruz, edo operazio militar jakin bat gertatzeko probabilitateaz.
Polymarket eta Kalshi plataformek espektatiba horiek kontratu [merkatu, apustu] bihurtzen dituzte, eta prezioek probabilitate inplizitu bat islatzen dute. Kontua da fenomeno hori azkenaldian ez dagoela soilik kirolari lotuta, eta zerikusia duela politikarekin, kudeaketarekin...
Merkatuon defendatzaileek diote jendetzaren jakituria islatzen dutela, informazio eta jakintza iturri gisa neutroak eta baliagarriak direla, eta fidagarriak izan daitezkeela jendeak bere dirua arriskatzen duenez gero. Zenbateraino zaude ados horrekin?
Ez nago oso ados. Izan ere, merkatu horiek jatorritik dute inplikazio eta eragin politikoa, haietan inbertitu dutenengandik hasita. Datu argigarria da bi plataforma horietan Donald Trumpen seme bat egotea [Donald Trump Jr.]. Estrategia politikorako tresna bat dira, eta arma politiko bat. Egia da aurreikuspenen eta joeren inguruko sentsazioak erakuts ditzaketela, eskura duten informazioarekin apustu egin eta dirua jartzen dutenek zantzu batzuk eman ditzaketela, baina besterik uste izatea merkatuak demoskopiarekin nahastea da. Asko hitz egiten da sukaldetik pasatutako inkestez, baina inkesten oinarria zientifikoa da; iragarpen merkatuek, ordea, beste logika batekin funtzionatzen dute.
Eta gero hautaketaren faktorea dago; hots, apustu jakin batzuen aukeraketa objektiboa dela diote, baina erabat baldintzatzailea izan daiteke, adibidez, apusturako galdera izatea Pedro Sanchezek dimisioa aurten emango ote duen.
Hautagai batek irabaztearen aldeko apustuak oihartzuna baldin badu, posible da bozkatzaileak etxean geratzera bultzatzea edo antzeko jokaerak hauspotzea.
Arraste efektuak deitzen ditugun horiek sor ditzakete; portaera soziologiko horiek ikusten ditugu merkatu horiekin ere. Funtsean, eragin politiko gero eta handiagoko mugimendu bat dira, inguru teknogeopolitikoa modu konplexuagoan itxuratzen duena.
Eta kasu kuriosoak ere badaude. Adibiderako, Trump bakarrik ez, Etxe Zuriko teleprompterra maneiatzen duena ere ibil daiteke merkatuotan, edo AEBetako itsas armadako indar berezietako kide bat, gobernuaren operazio militar bat prestatzen ari dena. Ezaguna da AEBetako armada Caracasen sartzen ari zen bitartean iragarpen merkatuetan dirua irabazten ari zen militar estatubatuarraren kasua.

Gero, gurpil zoroa ere hor dago: apustuei lotutako probabilitateak hedabideetan agertzen dira, eta hedapen horrek eragina du apustuetan, aldaketa horiek hedabideetan islatzen dira...
Eta erabaki politikoez eta hauteskundeez ari gara. Komunikabideek hamabost-hogei urte daramatzate beren negozio digitalak eta negozio eredua birplanteatzen eta bestelako finantzaketa iturriak bilatzen. Eta hara, iragarpen merkatuen plataformak hedabideen finantzaketa iturri bihurtu dira. Diru asko irabazten dute, eta asko inbertitu; hedabideetan presentzia izan nahi dutenez, aliantzak eta akordioak dituzte hainbat komunikabiderekin.
Ez hori bakarrik: plataforma horiek jada badute edukien estrategia bat, eta informazio iturri bilakatzen ari dira. Komunikabideak balira bezala funtzionatzen dute, komunikabideetan egiazkotasuna topatzea gero eta zailagoa den honetan; izan ere, gero eta eragile gehiago daude, eta eremu digitalean lausotu egin da marken eta goiburuen arteko bereizketa.
Iragarpen merkatuak inkestaz mozorrotuta iristen dira.
Funtsean, aipatu dudan testuinguru horretan ez dugu bereizten iturriak nondik datozen, eta plataformek sasi-komunikabideen itxura hartu dute, sasi-inkesten itxura, euren burua gutxi gorabeherako zientifikotasun batekin eta ikuspuntu datuzentriko batekin justifikatuz.
Dirudunek datu horiek baldintzatu ditzakete, ezta?
Jatorriari begiratu besterik ez duzu, diruari jarraitu. Tartean ez dago soilik oligarkia teknologikoa, ezta Washingtonen edo hainbat enpresatan izan dezakeen eragina ere. Interes gurutzatuak ere badaude, joan-etorriko egiturak. Begira, Jared Kushner Errusiara doa orain, Gaza Resort aurkeztu du, dirua jaso du Saudi Arabiatik... Iragarpen merkatuak, azkenean, inbertsiogileen diru fluxu horren isla dira, toki batean hasi eta beste toki batean amaitzen diren inbertsioena. Negozioek alderdi teknogeopolitiko hori dutelako sentipena areagotuz doa.
Europan askotariko araudiak daude iragarpen merkatuen plataformen inguruan. Adibidez, Espainian eta Frantzian debekatuta daude.
Ez naiz aditua erregulazio horretan, baina jakin badakit enpresak mugitzen ari direla, aztertzen nola topatu dezaketen tokia bestelako araudien pean edo arau bigunagoko herrialdeetan.