CAFek ez ditu ordezkatuko Dublin eta Belfast arteko bidea egiten dituzten trenak. CAFek helegitea jarri zion lehiaketa publiko horren emaitzari, eta epaileak ez du onartu. Haren arabera, helegitea onartzeak prozedura berriz hastera behartuko luke tren konpainia, eta horrek arriskuan jarriko luke Europatik espero duen 165 milioi euroko laguntza. Epaileak dio kasu honetan esleipen epeak oso garrantzitsuak direla eta «interes publiko handia» garrantzitsuagoa dela CAFi eragin dakiokeen kaltea baino.
650 milioi euroko kontratua galdu du CAFek, eta Nazio Batuek Israelekin negozioak egiten dituzten enpresen zerrenda beltzean sartu zuenetik jasotako bizkarreko handienetako bat da. Irish Rails eta Northern Ireland Railways Irlandako tren konpainia publikoen lehiaketa honetako prozesuan Irish Railsek aipatu zuen zerrenda beltzarena, baina ez zuen esan hori izan zenik hari ez esleitzeko arrazoia. Epaileak ere ez du hortik jo; izan ere, ebazpena irakurrita, ezin da ondorioztatu harreman zuzenik izan duenik CAFek kontratua galdu izanarekin. Azkenik, Stadler Suitzako enpresak irabazi du lehiaketa.
CAFek, bere helegitean, besteak beste aipatu zuen lehiaketaren agiriak ez zirela argiak eta hanka sartze larriak egin zirela puntuazio sisteman. Esaterako, salatu zuen Stadlerrek jada onartu duela ezingo dituela trenak garaiz entregatu. Epailearen ustez, baina, argudio horiek ez dira nahikoak, eta onartzeak prozesua atzeratu baino gehiago egin beharko luke, berriz hasi beharko litzateke eta. Halaber, nabarmendu du zaila dela kalkulatzea erabakiak CAFi eragiten dion kaltea, eta Beasaingo (Gipuzkoa) konpainiak ez duela onartu bere poltsikotik estaltzea Europako laguntzak galtzeak eragingo zuen zuloa.