Lan arloa

Iruñeko Castillo de Javier hotelean langile bat sei urtez esplotatu izana salatu du LABek

Aurreko astean, Nafarroako Probintzia Auzitegiak 9 hilabeteko espetxe zigorra eta 3.000 euroko kalte ordaina ezarri dio hotelaren jabeari, langileen eskubidearen aurkako delituagatik. 

LABek gaur egindako elkarretaratzea Castillo de Javier taberna eta hotelaren parean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko maiatzaren 28a
13:08
Entzun

«Ez da Iruñean izango den kasu bakarra, ezta Euskal Herrian ere». Lan esplotazioaren aurpegirik gordinena salatu du gaur eguerdian LABek, Iruñeko San Nikolas kaleko Hotel de Javier hotelaren parean. Bertan, Bulgariatik etorritako emakume migrante bat izan zuten sei urtez lanaldi bikoitzarekin, ordu estrarik ordaindu gabe eta aireztatu gabeko biltegi txiki batean lo egitera behartuz. 

Aurreko astean epai irmoa atera zuen Nafarroako Probintzia auzitegiak, eta Juan Carlos Cipres jabeari bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eta 3.000 euroko kalte ordaina ezarri zion. NIeves Cipres Derecha Navarra y Española eskuin muturreko taldeko buruzagiaren anaia da. Izaskun Juarez LABeko Iruñerriko arduradunaren hitzetan, zigor arina da hori, eta, beste hainbat negozio dituenez, Cipresi «merkeago ateratzen zaio langileak esplotatzen jarraitzea hori egiteari uztea baino».

LABek gaur egindako elkarretaratzean epaiaren, edukia gaitzetsi du, ez direlako aintzat hartu biktimaren genero eta etorkin izaera. Langilearen eskubidearen aurkako zapalkuntza egon zela onartu arren, «irrigarria» deritzo ezarritako zigorrari, «Jabeak beti pertsona migranteak kontratatzen ditu, eta ez da kasualitatea ia inork ez duela hainbeste denbora irauten. Pepak ia zazpi urte eman zituen lanean bertan, baldintza horietan, familia bat duelako bertan, eta haiei dirua bidaltzeko», azaldu du Izaskun Juarez LABeko Iruñerriko arduradunak. 

Langile migrante hori 2008tik 2015era bitartean egon zen hotel horretan —azpian, izen bereko taberna dago, baina bertan kartel bat paratu dute zehaztuz ez dutela zerikusirik hotelarekin—. Berez, astelehenetik ostiralerako kontratua zuen, baina baldintzak ez ziren betetzen, astelehenetik igandera egiten baitzuen lan, egunez zein gauez. «Lanaldi bikoitzarekin zegoen, biltegi ziztrin batean egiten zuen lo, eta arroparekin lo egitera behartuta zegoen gauean zetozen bezeroei atea irekitzeko eta harrera egiteko. Ez zuen komunik; ez zuen leihatilarik», azaldu du Izaskun Juarezek. Gainera, lan istripu bat izan zuen produktu kimikoen intoxikazioagatik, eta ez zuten mutualitatera eraman.

Juarezek azaldu duenez, langile migrante izanik, ez zekien gazteleraz, eta horrek bide eman dio Juan Carlos Cipresi langile hori sei urtez esplotatzeko. Enpresa txikia izanik, ez dago ordezkaritza sindikalik, eta berekin batera lan egiten zuen eta enpresaburuaren «aliatu» zen herrikide bat zuen itzultzaile bakar. «Hark aipatzen zion hemen normala zela baldintza horietan lan egitea», kritikatu du Juarezek.

Lankideen elkartasuna

Egoera aldatu zen beste langile migranteek babesa eman, eta ahalduntze prozesu bati ekin zionean langileak: «Haien kontakizuna eta laguntza funtsezkoak izan dira esplotatzaile hau agerian uzteko eta Pepa jasaten ari zen bakartzea hausteko». Laguntza horri esker, 2014an, lan istripua izan zuenean, sindikatura jo zuen, eta LABek salaketa aurkeztu zuen ezbeharra aitortua izan ez zitzaiolako. Arlo zibiletik jo zuten orduan. 

Juarezek nabarmendu du une horretan langilearen aurkako jazarpena handitu zuela enpresaburuak: «Saiakera ugari egin zituen jabeak Pepak lana bere kabuz utz zezan esku bat aurretik eta bestea atzetik zuela, ezer kobratu gabe», 

2016an, langileak langileen eskubidearen aurkako delitua egotzita, auzibideak zigor arlotik jo zuen, eta bost urte iraun du. Juarezen arabera, botere judizialek eta administratiboek «beste aldera» begiratu dute. 2017an, pikete feminista batek egoera salatu zuen, eta, bere esanetan, lan ikuskaritzak bazuen langilearen egoeraren berri. Ikuskaritzak hiru zigor espediente ireki dizkio Cipresi langile horren kasuagatik, LABek duen informazioaren arabera. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.