ITP Aerok goitik behera aldatuko du hegazkin motorren turbinak ekoizteko prozesua. Egoitza nagusia Zamudion (Bizkaia) duen aeronautika enpresa etorkizunera begira jarri da, eta hurrengo hamarkadan hegazkin konpainiei eskatuko dizkieten espezifikazioetara egokituko diren turbinak garatzen hasi da. Horretarako, 110 milioi euroko ikerketa eta garapen proiektu bat jarri du abian, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren 2030 Industria Planaren babesa jasoko du. Planeko lehen proiektua da, eta, haren aurkezpenean, Jaurlaritzak zehaztu zuen jarritako euro bakoitzeko alde pribatuak hiru jarri beharko zituela. Beraz, ezusterik ezean, eta asko jota, Industria Sailak inbertsioaren laurdena hartuko du bere gain.
Baina nolakoak izango dira etorkizuneko hegazkin turbinak? Bada, jasangarritasunarekin zerikusia duten hiru ezaugarri bete beharko dituzte: isuri gutxiago eragingo dituzte, arinagoak izango dira, eta erregai garbiagoak erabiliko dituzte. Hori lortuz gero, eraginkorragoak izango dira, eta ITP sinetsita dago egungo eraginkortasuna %15 hobetzeko gai izango direla.
Euskadiko abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoko arkitektura berriak da proiektuaren izena, eta haren garapenak bost eta zazpi urte artean iraungo du. Hori amaituta, turbina prototipo bat izango du enpresak, eta gero hasiko da hura testatzeko prozesua. Horren ostean emango luke hegazkinetarako pausoa, betiere hegazkin muntatzaileek oniritzia ematen badiote. ITP Aeroren bezero nagusia Airbus da, eta ekoizpenaren %92 hegazkingintza zibilera bideratzen du.
ITPk Zamudion duen Admire zentroan garatuko dute motor turbina belaunaldi berria, beste hamabi konpainia eta ikerketa zentrorekin. Zerrendan hauek ageri dira: Hegan klusterra, Mondragon, Mondragon Assembly, EIPC, CFAA, Ideko, Tecnalia eta R&D Ona. ITPren kalkuluen arabera, hiru urtean berrehun lanpostu zuzen eta zeharkako beste seiehun sortuko dituzte Euskal Herrian.

Carlos Alzaga ITPko zuzendari nagusiak aurkeztu du proiektua, eta nabarmendu du «inbertitzeko garaia» dela. Hegazkin konpainiek etorkizuneko espezifikazioen berri eman diete, eta nabarmendu du ITPk haiei aurrea hartu behar diela merkatuan lehiakor izaten jarraitzeko.
Rafael Lizarralde Ideko ikerketa zentroko zuzendariaren arabera, «jauzi kualitatibo» bat da: «Ekoizpen prozesu osoari eragiten dio: motorraren garapena, materialak, fidagarritasuna… dena».
Eusko Jaurlaritzak babesturiko egitasmo bat da. Imanol Pradales lehendakariak aurkezpenean argitu duenez, jada hogei baino gehiago dira Euskadi 2030 Industria Planera gehitu asmo duten proiektuak. Haren aurkezpenean azaldu zuen zein izango zen inbertsio publiko eta pribatuaren arteko harremana. Kasu honetan, gainera, lehendakariak azpimarratu du ideiaren jatorria pribatua izan dela. Dena den, oraindik ezin da zehaztu zenbat diru jarriko duen Jaurlaritzak, egitasmora batzeko inbertitzaile pribatu gehiagoren bila baitabil.
Errotzea sendotu
«Jaurlaritzaren laguntzak ITP Aeroren errotzea sendotuko du», nabarmendu du lehendakariak. Ez da ñabardura txikia, ohikoak baitira konpainiak jabetza aldatuko ote duen zurrumurruak. Bain Capital inbertsio funtsak ITPren %75 du, eta tankera horretako funtsek normalean ez dute asko irauten konpainietan. Bide batez, Jaurlaritzak %6 du.
Inbertsioko beste xehetasun garrantzitsu bat kenkari posibleak dira. Bizkaiko Aldundiak duela bi urte %70erainoko kenkariak onartu zituen deskarbonizazioarekin zerikusia zuten industria egitasmoentzat, eta ITPren proiektu berriak kenkari mardul horiek eskuratzeko baldintzetako asko bilduko ditu.
GAUR EGUNGO HEGAZKINAK HALAKO BI?
Carlos Alzagak iragarpen deigarria egin du proiektuaren aurkezpenean. Zehaztu du urtez urte %5 handitzen dela munduan hegazkin erabiltzaileen kopurua. Horiek horrela, eta IATA Aire Garraioko Nazioarteko Elkartearen arabera, hamar urteko tartean gaur egun daudenak halako bi hegazkin beharko dira hegazkin komertzialen beharrak asetzeko. Hala, bada, 43.000 hegazkin handi egongo dira guztira. ITPk iragarri du negozio aukera handia ikusten duela. Konpainia jada oso garai gozoan dago: azken bi urteetan 1.430 milioi euro banatu ditu akziodunen artean.
Â