Dagoeneko martxan da ordenagailu kuantikoa, eta, iturri fidagarrien arabera, halako gailu baten konplexutasunak hartzen dituen lan guztiak kontuan hartuta, System Two bikain kalibratuta dago, «ondoen kalibratuta dagoen System Two ordenagailu kuantikoa da!». Hainbat espektatiba sortu eta hainbat itxaropen piztu ditu IBMren System Two ordenagailu kuantikoak, eta ekitaldi handi batekin egin diote gaur ongietorria Donostian.
Donostiakoa hirugarren System Two ordenagailua da munduan, AEBetan eta Japonian beste bi baitaude. Beraz, Donostiakoa lehena da Europan. Gaur egun existitzen diren ordenagailu kuantiko komertzial ahaltsuenak dira hiru horiek. IBMk orain arte egindako beste System Onek ez bezala, System Two ordenagailuak badu moduluka handitzeko aukera, prozesadore gehiago integratzeko diseinatuta dagoelako.
Ikusi gehiago
Eta badirudi IBMk horretarako asmo argia duela. IBM Research-eko buru Jay Gambettak, euskal erakundeekin eta ikerlariekin elkarlanean aritzea goraipatzeaz gain, azaldu du aurreikusi dutela abantaila kuantikoa 2026rako lortzea, hau da, ordurako lortzea ordenagailu kuantikoak klasikoak baino hobeak izatea lan jakin batzuetarako. 2029rako etorriko litzateke akatsei tolerantea den makina, hau da, akatsak zuzentzeko gai litzatekeen IBMren lehen ordenagailu kuantikoa.
«Asmoa da akatsak zuzenduko dituen Europako lehen ordenagailu kuantikoa Euskal Herrian ezartzea»
HORACIO MORELL IBMren Espainiako presidentea
Bada, Horacio Morell IBMren Espainiako buruzagiak azaldu du hemendik aurrera asmoa dela akatsak zuzenduko dituen Europako lehen ordenagailu kuantikoa Euskal Herrian ezartzea.
Asmo horretaz eta teknologia kuantikoaren garapenaz ariko zen ziurrenik Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Eduardo Sanz zientzialariaren hitz batzuk gogora ekarri dituenean. «Gela ilun batean esku kolpeak ematen ari gara, argiaren etengailuaren bila. Eta argia pizten denean, nola harrapatuko du momentu horrek Euskadi? Bidearen parte luze bat egina dugula; azken urteetan egindako lan guztiari esker, abantaila izango dugu kuantikan».

Pradalesen aburuz, Basque Quantumek «urrats erraldoi bat» egin du ordenagailuarekin: «Ezagutza sortzeko eta talentua erakartzeko imana izango gara». Era berean, uste du «Europako erresilientzia eta berrindustrializazio estrategiarekin bat egiteko» aukera emango diola lurraldeari.
Pradalasek azpimarratu du teknologia kuantikoetarako prestatutako ekosistemak Basque Quantum estrategiarekin zer garrantzi izango duen tokian bertan, eta euskal ikertzaileek zientziaren mundura egiten duten ekarpena nabarmendu du. «Newtonek zioen ezagutzen duguna tanta bat dela, eta ezagutzen ez duguna ozeano bat. Konbentzituta nago gure sistema honek ekarpena egingo diola zientziaren lan kolektibo horri, eta lagunduko digula itsaso berriak topatzen».
Itsaso berri horiek material berriak izan daitezke, edo sendagaiak, finantzetarako aplikazioak, optimizazioak... Juan Ignacio Perez Iglesiak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak aurkikuntzak aipatu ditu bere mintzaldian: «Maiz esaten da beti topatzen zaiela aplikazio praktiko bat oinarrizko zientzian egindako aurkikuntzei. Ez nago ziur hori erabat egia den. Baina ez daukat zalantzarik hori gertatzean ezinbestekoa dena zientzia ona izatea dela, abangoardiakoa».
«Zaila da gaur ez sentitzea une fundazional batean gaudela, etorkizuna markatzen duten une horietako batean gaudela»
JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua
Jaurlaritzak Ikur estrategiaren bidez bikaintasunezko zientzia bultzatzea du xede, eta horren alde egindako apustua nabarmendu du sailburuak. «Eta ordenagailu honen inaugurazioa zedarri giltzarria da hartutako lehentasun haietako batean». Perez Iglesiasen ustez, «halako okasioak errazak dira hiperboleetan jausteko, eta ez naiz ni bereziki horren zalea, baina zaila da gaur ez sentitzea une fundazional batean gaudela, etorkizuna markatzen duten une horietako batean gaudela».

«Egun historikoa» aipatu du Eneko Goia Donostiako alkateak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ere hitz horiek erabili ditu. «Egun historikoa da. Ez da bestelako egun bat. IBM Basque Country ordenagailu kuantikoaren inaugurazioa mugarri garrantzitsua da euskal sistema zientifikoan». Mendozak aldarrikapen bat egin nahi izan du: «Post-egiaren garaian eta itxurakeriaren garaian, guk azpiegitura honekin zientzia eta arrazoia aldarrikatzen ditugu. Apustu horri eutsi nahi diogula aldarrikatzen dugu, zientzia eta teknologia pertsonen zerbitzura, gizarte osoaren ongizatearen eta aurrerabidearen zerbitzura jarrita».
Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak ere azpimarratu du egunaren garrantzia, eta Bizkaian teknologia kuantikoan egiten ari diren lana ere laburbildu du. Hain zuzen, esan du espero dutela teknologia kuantikoaren erabilera industrialerako lehen kasuak aurkeztea hurrengo urtearen lehen erdialderako. Era berean, iragarri du helburu horrekin beste eraikin bat altxatuko dutela Leioako Unibertsitateko campusean, zeinetan egongo diren EHUren hainbat laborategi kuantiko eta baita Tecnaliarenak ere, Bizkaiko Aldundiaren beraren presentziarekin.
Azpiegitura bat, eta zerbait gehiago
IBMren Espainiako presidente Horacio Morellek nabarmendu du ordenagailuarena eta Ikerbasque eraikinarena ez dela azpiegitura soil bat. «Talentuari dagokionez, dagoeneko 150 aditu prestatu ditugu, eta Euskal Herriko unibertsitateekin jarraitzen dugu lanean. Zientziaren alorrean, hogeitik gora ikerketa eta berrikuntza zentrorekin ari gara, eta dagoeneko proiektuak garatuz goaz biozientzietan, makina ikaskuntza kuantikoan, eta material berrien aurkikuntzan. Era berean, 30 konpainiarekin baino gehiagorekin ari gara haien negozioetarako aplikazio posibleak esploratzen».
Aplikazio horietako batzuk aipatu ditu Morellek: «Pentsa auto elektrikoen hurrengo belaunaldietan bateria ahalik eta eraginkorrenak diseinatzeko gai izatea. Edo bankuen arloan, ordenagailu kuantiko batek inbertsio zorroak optimizatzen lagunduko digu, edo iruzur patroiak identifikatzen».