Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea

Adolfo Morais: «Konputazio kuantikoaren bidean gaude, eta gutxi gara hor»

Askoren lana izan da ordenagailu kuantikoa ekartzea, baina Morais izan da egitasmoaren motor handienetako bat.

ADOLFO MORAIS
JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
DONOSTIA
2025eko urriaren 14a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urduritasuna atzean utzita dago Adolfo Morais, bi gauza oso konplexu —ordenagailu kuantiko bat muntatzea eta Ikerbasquerena bezalako eraikin bat altxatzea— batera egin ostean. 

Zergatik da garrantzitsua ordenagailu hau hemen izatea?

Halako azpiegitura zientifiko singularra izateak orain arte egindako lana azpimarratzen du, errekonozimendu bat da. Eta hemendik aurrera, garrantzitsua da munduan soilik hiru tokitan egongo delako: AEBetan, Japonian eta Euskadin Europan. Hain singularrak izatea oso-oso zaila da, eta lagunduko digu, mundu guztitik begiratzen gaituztelako; dagoeneko ari gara nabaritzen.

Optimizazioaren bidetik, esan nahi duzu.

Aipatzen dira zibersegurtasuna, energia altuko fisika, optimizazioa, sentsorika... Eta horietako askotan beharrak daude bai arlo pribatuan eta bai publikoan. Ordenagailu honek ahalbidetuko digu, lehenbizi, egiten duguna gero eta hobeto egitea; bigarrenik, iman bat izango da, beste proiektu batzuk erakartzeko; eta hirugarrenik, teknologiaren aplikazioak iristen direnean, gu hor lehenak egongo gara haiek ezartzeko.

Hemendik bospasei urtera iristen direnerako prest.

Hori da. Konputazio kuantikoaren bidean gaude, eta gutxi gara hor. Gainera, bidean lagunak ditugu, AEBak eta Japonia. Eta, badakigunez geltokiak non dauden, haietara helduko gara. Euskadi teknologia kuantikoen eraikuntza prozesu horretan dago.

Hainbat proiektu dauzka jada Basque Quantumek. 

Aberatsak gara proiektuetan. Konputazio kuantikorako garatzen ari diren teknologia guztietan, bostetan, laborategiak ditugu Euskadin. Hasieratik gure apustua izan da ordenagailuarekin esperimentatzea, existitzen den teknologia hoberenarekin. Erabakia izan zen ordenagailu kuantiko bat izatea eta haren inguruan ekosistema bat sortzea, baina baita beste proiektuak garatuz joatea ere.

Honek ekarriko duen aplikazio bat, aukeratzekotan?

Hain da handia potentziala... zaila da bat aukeratzea. Klimatologian izan dezakeen eraginak motibatzen nau, adibidez. Halako ordenagailuekin, planeta osoaren modelizazio on bat edukitzeko aukera izango dugu, eta horrek klima aldaketaren analisian, arazoari heltzeko neurrietan izan dezakeen eragina itzelezkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.