REE Red Electrica Españolak erabaki zalantzagarri bat hartu zuen itzalaldiaren bezperan, tentsioa kontrolatzeko ardura zuten zentral termikoek ez zuten araudia bete, instalazio batzuk «modu desegokian» deskonektatu ziren, eta gabezia batzuk daude zibersegurtasunean; hori guztia ageri da Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak apirilaren 28ko itzalaldiaz gaur aurkeztutako txostenean.
Ministroak ez du erantzuleen inguruko zehaztasunik ez izenik eman nahi izan, «gaiaren instrukzio fasea ondoren etorriko delako, bai CNMCn bai auzibidean». Gaur aurkeztutakoa «txosten analitikoa» dela esan du, eta izenak Espainiako Kongresuko Sekretu Ofizialen Batzordean emango dituela.
Aagesenek aurretik esana zuen bezala, itzalaldiaren egun hartan gehiegizko tentsioa izan zen sare elektrikoan hainbat faktoreren ondorioz. Baina, zergatik sistema ez zen gai izan gehiegizko tentsio hori arintzeko? Gabeziak izan zirelako horretarako aurreikusitako prozeduran, energia erreaktiboa xurgatu eta tentsioa kontrolatu behar zuten zentral termikoetan, hain justu.

Tentsio gehiegi zegoenean instalazio batzuk «modu desegokian» deskonektatu zituztela ere azaldu du Aagesenek. Zentral jakin batzuen arduraz gain, Red Electricaren erabaki batzuk ere aztertu beharko dira, ziurrenez auzibidean.
Zentral bat gutxiago
Izan ere, itzalaldiaren bezperan, eguneko merkatuek argindar sorkuntza eta eskaria bateratu ostean, sistemaren operadoreak —Red Electricak— lurraldean banatutako hamar zentral termikori eskatu zien —kasik agindua izan zen— hurrengo egunean sarera konektatzeko, tentsio dinamikoaren kontrolerako ahalmena izateko xedez. Zentral termiko horiek ordaina jasotzen dute jarduera horrengatik.
Baina arratsaldeko zortzietan hamar zentral horietako batek jakinarazi zuen ez zela erabilgarri egongo. Aagesenen arabera, Red Electricak kalkuluak egin, eta erabaki zuen gainerako bederatzien jarduna nahikoa izango zela tentsio dinamiko hori kontrolatzeko.
Eta horrela, energia erreaktiboa xurgatzeko lana zuten bederatzi zentral termiko zeuden martxan apirilaren 28ko goiz hartan —itzalaldiaren eguneko goiza—. Eta goiz gorabeheratsua etorri zen, ministerioaren txostenaren arabera: sareko maiztasun gorabeherak jada 9:00 inguruan antzeman ziren, baina «10:30ean ezegonkortasuna oso nabaria zen, gorabeherak oso handiak ziren, nahiz eta gutxieneko eta gehieneko balioek araudia bete».
Oszilazioak
Ohikoa izaten da sisteman maiztasun gorabeherak egotea, oszilazioak gertatzea, are gehiago sarearen muturretan, kasu honetan Turkian eta Iberiar penintsulan. Berez, zenbat eta interkonexio gehiago izan sareek, orduan eta sendoagoa da lotura gorabeheren tiraldiei eusteko. Baina gauza jakina da: penintsulak oso interkonexio gutxi du Frantziarekin, eta ondorioz, sendotasun txikia oszilazio handiei aurre egiteko.
Egun hartan, 12:03an, ezohiko gorabehera erritmiko handi bat (0,6 hertz) izan zen apirilaren 28an. Badakite zein izan zen bibrazio handi hori eragin zuen instalazioa; penintsulakoa da, eta haren ezohiko funtzionamenduak eragin zuen bibrazio hori. Aagesenek ez du instalazioaren izenik eman.

Goiz hartan, deiak egin zituzten hainbat tokitatik. Ezarritako protokoloekin, argindar sistema gai izan zen tentsio gorabehera hori arintzeko. Baina, horretarako, operadoreak bi neurri hartu behar izan zituen: batetik, sareko konexioak aldatu zituen, zirkuitu batzuk itxi... Eta, bestetik, Frantziarako argindar esportazioa murriztu zuen. Bi neurri horiek aplikatuta oszilazio handia arintzea lortu zuten, baina ordainetan tentsioa handitu egin zen sisteman.
12:19an, beste gorabehera handi bat iritsi zen —Europa erdialdean zuen jatorria—, eta operadoreak sarean esku hartu behar izan zuen berriz ere, eta esportazioak are gehiago murriztu (sorkuntza gutxituz); ondorioz, tentsioa berriz ere handitu zen.
Operadorea jabetzen ari zen tentsioa kontrolatzeko programatuta zeuden bederatzi zentral termikoak ez zirela tentsioa erregulatzen ari araudiak aurreikusitako moduan.
Gauzak nola zeuden ikusita, Red Electricak konektatzeko agindua eman zion hamargarren zentral termiko bati —Espainia hegoaldekoa—. Ordu eta erdi behar izaten da halako instalazio bat martxan jartzeko, eta 14:00etarako konektatuko zela aurreikusi zen. Berandu.
Kolapsoa
12:32:57an bizkorra, etengabea eta lineala izan zen tentsioaren igoera. Banaketa sarean —REEren begiradatik at— sorkuntza planta txikiak deskonektatzen hasiak ziren, eta gero handiagoak saretik ateratzen joan ziren Granadan, Badajozen, Segovian, Huelvan, Sevillan, Caceresen... Aagesenen arabera, deskonexio horiek instalazioak babesteko egin ziren, «baina haietako batzuk modu desegokian deskonektatu ziren».
12:33:18an tentsioa altua zen, eta deskonexio bakoitzak tentsioa igotzen zuen, kate erreakzio gisa. Maiztasuna ere jaitsi egin zen, sinkronia galdu zen Frantziarekin... Eta eskaria gutxitzeko sei pausotako prozedura abian jarri zen, ura goraka punpatzen ari ziren zentral hidroelektrikoen eskaritik hasita. Hamabi segundo izan ziren guztira, baina sorkuntzaren galera eta eskariaren murrizketa nagusia bost segundoko tartean jazo zen, eta hortik zero elektrikoa.