Itzalalditik urtebete pasatu den honetan, argitasun gutxi erantzuleen inguruan

Red Electricak eta argindar konpainiek erantzukizuna elkarri leporatzen diote oraindik ere, eta CNMCk orain gutxi esan du erantzule bat baino gehiago dagoela. Itzalaldiaren kausa nagusia hainbat faktoreren ondoriozko gehiegizko tentsioa izan zen.

Red Electricaren kontrol zentro nagusia, Madrilen. MARISCAL / EFE
Red Electricaren kontrol zentro nagusia, Madrilen. MARISCAL / EFE
Irune Lasa.
2026ko apirilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko apirilaren 28an Iberiar penintsula ordu askotan argirik gabe geratu zenekoaren nondik norakoak gutxi gorabehera jakinak dira dagoeneko, baina erantzuleak nor diren, ordea, zehaztu gabe dago oraindik.

Egun hartan jazotakoez xehetasun tekniko ugari eman ditu Argindar Garraiorako Sareen Kudeatzaileen Europako Sareak (ENTSO-E) aurtengo martxoan, eta beste interpretazio batzuk ezeztatu edo berretsi ditu horrela.

Baina itzalaldiaren erantzuleen gaia, korapilatsua izateaz gain, arantzaz betetakoa ere bada, erantzukizuna egozteak kalte ordainak ere ekartzen ditu-eta berekin. Azkenean dirutza izan daiteke kaltetuek eskatzen dutena eta arduradunek ordaindu behar dutena. Luze joko du REE Red Electrica de España kudeatzailearen eta energia konpainia handien erantzukizunak argitzeak, noizbait erabat argitzen badira, eta ez da ika-mikarik falta haien artean.

Inertzia izan al zen kausa? Energia berriztagarri gehiegi zegoela eta sorkuntza sinkrono gutxiegi?

Itzalaldiaren osteko lehen egunetan ezinezkoa zen jakitea zerk sortu zuen krisia, baina berehala agertu ziren hotsandizko adierazpenak, errua energia berriztagarrien gehiegizko presentziari leporatzen ziotenak, eta abagunea baliatuta zentral nuklearren bizitza luzatzeko eskatzen zutenak.

Ahots horiek azpimarratu zuten orduan sarean nagusi ziren zentral fotovoltaikoek eta eolikoek ez dutela sortzen energia sinkronorik, zeina sareko frekuentzia egonkor mantentzeko erabiltzen den. Aldiz, zentral nuklear eta hidroelektrikoetan eta gasezko ziklo konbinatuetan, turbinek eta sorgailu handiek errotazio konstantea dute, frekuentziaren egonkortasunaren mesedetan. Gainera, esaten zuten biraka ari diren makinatzar horiek inertzia fisikoa ematen diotela argindar sistemari, dena delakoagatik frekuentzian bat-bateko aldaketaren bat gertatzen bada.

Baina inertzia falta ez dago itzalaldia eragin zuten faktore askotariko horien zerrendan. Ez zen hori izan kausa. ENTSO-Ek bere txostenean dio une hartan sisteman inertzia handiagoa izanda ere ez zela itzalaldia eragotziko eta ez zela etengo deskonexioen sekuentzia.

Itzalaldia. Argindarra. Etena. Metroa. Bilbo
Bilboko metroa iazko itzalaldian. IÑIGO ASTIZ

Tentsioa izan zen kausa?

Bai. Gehiegizko tentsioa, eta hura kontrolatzeko ahalmen falta.

Itzalaldiaren aurretik bi oszilazio handi izan zituen argindar sareak: 0,63 hertzekoa lehena, «ezohikoa», Badajozko zentral fotovoltaiko batean sortua; eta 0,2 hertzekoa bigarrena, «klasikoa», Europa osoari eragin ziona.

Bi oszilazio horiek ez zuten sistema zuzenean bertan behera utzi, baina, haiek kontrolatzeko neurriak hartu zirenean —tentsio baxuegiengatik erreaktore batzuk itzaltzea—, higatu egin zen tentsioa kontrolatzeko sistemaren gaitasuna. Gainera, oszilazioen kontrolerako beste neurri batzuek —adibidez, lineak konektatzeak— potentzia erreaktiboa eta tentsioa handitzea ekarri ohi dute.

Tentsioa bortizki handitzen hasi zenean, ez zen astirik izan erreaktoreak berreskuratzeko, eskuz pizten baitira. Eta, aldi berean, kale egin zuen tentsioa kontrolatzeko beste tresna handiak ere: 30 MWetik gorako sorkuntza zentral konbentzional handien potentzia erreaktiboa xurgatzeko —edo txertatzeko— betebeharrak.

Sorkuntza zentral asko, gainera, potentzia erreaktiboa xurgatzen hasi beharrean, automatikoki deskonektatu egin ziren, nahiz eta sarean oraindik ez zen lortu berez horretarako ezarritako mailarik. Adibidez, erabakigarria izan zen Granadan transformadore bat behar baino lehen deskonektatu izana.

Deskonexio horiek gehiegizko tentsioa areagotu besterik ez zuten egin, eta, orduan bai, tentsioa babes neurri automatikoak aktibatzeko mailara iritsi zen: jada Frantziarekin interkonexioa etenda zegoela, penintsulan sistemako gailuak deskonektatuz joan ziren, zero elektrikoraino.

Red Electrica da erantzule nagusia?

Ezetz dio Red Electricak berak; baietz diote konpainia elektrikoek. Eta erantzukizuna batzuena eta besteena dela diote Espainiako Gobernuak, CNMC Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordeak eta ENTSO-Ek.

Red Electricari egun hartan tentsioa kontrolatzeko baliabide gutxiegi programatu zituela leporatzen zaio batez ere, eta akusazioa konpainia elektrikoetatik dator bereziki.

Apirilaren 28 hartarako, argindar sistemaren operadoreak, Red Electricak, unitate jakin batzuk programatu zituen, penintsulan barreiatuta, tentsioa kontrolatzeko; bezperan, arratsean, Andaluzia mendebalderako programatuta zegoen unitateak adierazi zuen ez zela erabilgarri egongo. Ondorioz, 28 goizean REEk aztertu zuen beste unitate bat konektatu ala ez; eta, eguneko datu eta aurreikuspenak eskuan, unitate hori ez konektatzea erabaki zuen.

ESPAÑA APAGÓN ELÉCTRICO (6)
Beatriz Corredor Redeiako presidentea, Espainiako Kongresuko ikerketa batzordean. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE

Programazio eskasa?

Konpainia elektrikoen arabera, aurreko egunetan gertatutako gorabeherak kontuan izan behar zituen REEk erabaki horiek hartzerakoan, zuhurrago jokatu, baina ez zuen eguna behar bezala programatu, eta REEren egun hartako jokaerak arazoa larriagotu zuen.

Apirilaren 28 hartan tentsioa gorantz hasi zenean, REEk penintsula hegoaldean tentsioa kontrolatzeko programatutako erreaktoreen %67,5 deskonektatuta zeuden, atariko oszilazioei aurre egiteko neurrien ondorioz.

Zer dio Red Electricak?

REEk bere lehen txostenean esan zuen, eta gauza bera defenditu du ordutik: tentsioaren kontrolerako programazioa egokia zela, nahiz eta hasieran aurreikusi baino unitate bat gutxiago izan.

Operadorearen ustez, sorkuntza zentral handiek beren betebeharrak ez betetzea izan zen arazoa. Obligazio horiek bete izan balituzte, ENTSO-Eren txostenaren arabera, zentral horiek xurgatu ez zuten potentzia erreaktiboa tentsio kontrolerako hiru erreaktore konektatzearen baliokidea izango zen.

Baina ENTSO-Ek berak dio itzalaldiaren egunean Red Electricak sorkuntza zentral horietako bati behintzat ez ziola eskatu xurgapen gaitasuna areagotzeko, nahiz eta aurreko beste egun batzuetan jarraibide horiek jaso zituzten.

Horrez gain, zera gogoratu behar da: oszilazioak ezin baretu zebilela, REEk agindua eman ziela Iberdrolari eta Naturgyri —hala adierazi berri dute Kongresuan— ziklo konbinatuko zentral bana konektatzeko —Castejongo zentrala Iberdrolak—, baina berandu zen, ez zen horretarako astirik izan.

ESPAÑA APAGÓN ELÉCTRICO (7)
Mario Ruiz-Tagle Iberdrola Españako zuzendari nagusia, Espainiako Kongresuan. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE

CNMCk espedientea zabaldu berri dio Redeiari —Red Electricaren jabeari— sektore elektrikoaren legea hausteagatik. «Arau hauste oso larria» egitea egotzi dio, operaziorako programazio eta instrukzioetan legeak ezarritakoa ez betetzeagatik.

Eta zer erantzukizun izan zuten konpainia elektrikoek?

CNMCk beste espediente mordoxka bat zabaldu dizkie argindar konpainia handiei ere, haien sorkuntza zentralen funtzionamenduarengatik. «Arau hauste larria» egozten dioten sei espediente ditu Endesak, bosna espediente dituzte Naturgyk eta Iberdrolak, eta bana jaso dute Bahia de Bizkaia ziklo konbinatuko zentralak eta Repsolen adar elektrikoak —nahiz eta, aldi berean, Petronor haren filialak itzalaldiarengatik 175 milioi euroko kalte ordainak eskatzen dituen—.

Konpainia elektrikoek ukatu egin dute CNMCk zabaldutako espediente horiek zuzenean itzalaldiarekin loturik daudela. Itzalaldiarekin zuzenean lotzen den bakarra Redeiari ezarritakoa dela uste dute.

Edonola ere, ENTSO-Eren arabera, itzalaldiaren egun hartan argindar konpainia horien zentral askok ez zuten bete indarrean zegoen operazio prozeduran aginduta zeukaten potentzia erreaktiboaren xurgapen maila; eta, horrez gain, zentral berriztagarri eta transformadore asko zegokien tentsio mugara heldu baino askoz lehenago deskonektatu ziren saretik. Horrek tentsioa gehiago handitu zuen, eta ur-jauzi efektua bizkortu.

Araudi zaharkituaren faktorea

Hori bai, joan den astean, Espainiako Iberdrolako eta Endesako buruak —Mario Ruiz-Tagle eta Jose Bogas, hurrenez hurren— itzalaldiari buruzko ikerketa batzordean izan ziren Kongresuan, eta auzitan jarri zuten ENTSO-Eren inpartzialtasuna. Ruiz-Tagleren ustez, txostena «oker dago hainbat gauzatan», eta Bogasen arabera, «gabeziak ditu».

ESPAÑA APAGÓN ELÉCTRICO (8)
Jose Bogas Endesako kontseilari ordezkaria, Espainiako Kongresuan. ZIPI ARAGON / EFE

CNMCri dagokionez, Iberdrolaren eta Endesaren ustez —eta antzera hitz egin du Naturgyk—, espedienteetan bereizi egiten dituzte erantzukizunak, eta erakusten dute REE dela «sistema erori izanaren» erantzulea, konpainiek ez zutela «ekarpenik egin itzalaldirako». Bogasen arabera, espediente horiek, gainera, «erregulazio hutsune asko» zeudela erakutsiko dute, «sistema erregulazio aldetik atzeratuta zegoela».

Zenbateko erantzukizuna dauka CNMCk?

Zaharkituta geratutako araudiaren erakusgarri izan daiteke CNMCk itzalaldia gertatu eta hilabetera eguneratu zuela 7.4 prozedura operatiboa, hots, operaziorako araudi nagusia. Gauza da REEk araudian aldaketa horiek 2020. urtean eskatu zituela, baina ez zirela iritsi itzalaldia gertatu arte. Gerora aldaketa edo eguneratze gehiago egin ditu CNMCk, batzuetan REEren eskakizunak baztertuta.

Hala ere, egun hartan indarrean zegoen 2000. urteko araudi zaharkituak esplikatu dezake, neurri bateraino, zergatik ezin izan zen eten tentsioaren igoera. Teorian, REEk tentsioa kontrolatzeko programatutako zentralak motz geratu zirenean, sisteman nahikoa ahalmen zegoen potentzia erreaktiboa xurgatzeko —tentsioa beherantz eramateko—, arauak horretara behartzen zituelako 30 MWetik gorako zentral konbentzional handiak: tentsioa kontrolatzeko baliabideak prest izatera, alegia.

Ez zegoen zigorrik

Eta zergatik ez zuten ezarritakoa bete? Besteak beste, zigorrik ez zegoelako: nahiz eta araudian zigorrak bilduta egon betebehar horiek betetzen ez zituzten zentralentzat, praktikan sekula ez zen zigor horiek ezartzeko erregulaziorik garatu. Hori bai, zentralek kobratu egiten zuten teorian eskaintzen zuten kontrol zerbitzu horrengatik.

ESPAÑA CONGRESO CNMC
Cani Fernandez CNMCko presidentea joan den astean, Espainiako Kongresuan. KIKO HUESCA / EFE

Bestetik, araudi zaharkituak ere ez zuen behar bezala jasotzen tentsioaren kontrol dinamikoa, ez behintzat dagoeneko sorkuntza berriztagarri askoz handiagoa zuen sistema batera egokitutakoa. Besteak beste, araudiak ez zuen aurreikusten sorkuntza berriztagarriko zentral handietako tentsioaren kontrol dinamiko hori.

Behar baino lehenago deskonektatu ziren zentral eta transformadoreei dagokienez, kasu batzuetan ikusi izan da haien babes mailak —noiz aktibatu edo deskonektatu behar zuten— fabrikatik ezarritakoak zirela, eta, beraz, ez zeudela egokituta Iberiar penintsulako tarteetara, zeinak Europakoen desberdinak ziren.

Bere burua zuritu du Cani Fernandez CNMCko presidenteak; ukatu egin du «araudian hutsunerik» zegoela itzalaldiaren garaian, eta esan du egun hartan nahikoa «arau mekanismo» zeudela tentsioa kontrolatzeko.

Arau aldaketa

Igaro den urte honetan zer aldatu den begiratzea baliagarria da, beharbada, itzalaldian gertatukoaren zantzu gehiago izateko.

Batetik, araudia aldatu da, 7.4 prozedura operatibo ezaguna. Ekainean iritsi ziren 2020an REEk eskatutako aldaketa batzuk, itzalalditik hilabete pasatua zela. Besteak beste, REEri eta zentralei tentsioaren kontrola bertatik bertara aztertzeko aukera zabaldu zaie, eta hor barruan tentsioaren kontrol dinamikoa eskaintzea baimendu zaie sorkuntza berriztagarriei —lehen, finkoa soilik egin zezaketen—; tentsioaren kontrolerako merkatu baterako lehen urratsak ere arautu dira; eta, azkenean, ezarritakoak ez betetzeagatik zigorrak ezartzeko prozedurak ere argitu dira.

ESPAÑA APAGÓN (2)
Red Electricaren Cecoel kontrol zentro nagusia, Madrilen. MARISCAL / EFE

Operazio indartua

Bestetik, Espainiako argindar sistema «eragiketa indartuan» aritu da itzalaldiaz geroztik. Haren helburua da sistemak nahikoa inertzia izatea eta tentsioa kontrolatzea, berriztagarrien zentraletan xede horretarako kontrol dinamiko masibo eta fidagarria izan artean —zentral berriztagarriek ere inertzia eskaini eta tentsioa kontrolatu dezakete, baina araudi zaharrak ez zuen horretarako modurik ematen—. Arauak aldatuta, zentral berriztagarri batzuk jada hasi dira zerbitzu horiek ematen, eta gehiago etorriko dira.

Bitartean, operazio indartuan REEk zentral hidrauliko, nuklear eta ziklo konbinatu gehiago konektatu ditu sarera, inertzia eta tentsioaren kontrola bermatzeko, eta parke eolikoen eta fotovoltaikoen produkzioa mugatu du argindar eskaintza handiko uneetarako. Horrek guztiak gainkostu bat ekarri du, baina kopuruak ez daude argi. REEk esan du martxora arte 666 milioi euroko gainkostua izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA