Alsaker Fjordbruk enpresak eskatutako itsasontzia da Kristoffer Tronds. 91 metro luze da, 18,6 metro zabal eta 5.000 metro kubiko garraiatzeko gaitasuna du. Norvegiako fiordoetan hazitako izokinak Europako hainbat herrialdetako prozesamendu lantegietara eramango ditu.
Arrainaren kalitatea ziurtatzeko “azken belaunaldiko ekipamenduak” eramango ditu Kristoffer Tronds itsasontziak. Orduko 800 kilo izokin kargatzeko eta deskargatzeko sistema berritzaile bat jarri dute, prozesu horretan arrainak ahalik eta estres gutxien jasan dezan. Gainera, arrainei parasitoak kentzeko sistema bat izango du.
Behin itsasontzia uretaratuta, azken lanak egin behar ditu Muruetak, Erandioko bere nasetan. 2020ko uztailean entregatzeko asmoa du.
Murueta ontziola 1943. urtean sortutako konpainia da, eta gaur egun 500 langiletik gora ditu Erandioko eta Muruetako ontzioletan (Bizkaia). Gaur egun beste lau itsasontzi egiten ari da: aste gutxi barru arrasteontzi bat entregatuko dio Groenlandiako Royal Greenland konpainiari. Atoiontzi bat egiten ari da Remolcadores Ibaizabal konpainia bizkaitarrarentzat, atunontzi izoztaile bat Ekuadorko Jadran taldearentzat, eta beste arrasteontzi bat Ice Trawl Greenlandentzat.