Bizkaiko portu nagusietako izotz lantegiak berritzeko garaia iritsi dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Lantegi bat eraikiko du Bermeon, eta beste bat Ondarroan, handik abiatzen diren itsasontziek arraina kontserbatzeko beharrezkoa duten izotza lonjetan bertan kargatu ahal izateko.
1971n egin zuten Ondarroako portuko izotz lantegia, eta 1978an Bermeokoa. Zaharkituta geratu direla ziurtatu du Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Ondarroan egindako agerraldi batean. Instalazio berriek «gure arrantzale eta operadoreei zerbitzuaren kalitatea eta lana erraztuko eta hobetuko diete, eta kontrol, segurtasun eta eraginkortasun energetikoaren automatizazio hobea ahalbidetuko dute», azaldu du Barredok.
Ondarroako izotz lantegi berriak 3,8 milioi euroren aurrekontua du. Lonjan bertan jarriko dute, eta egunean 110 tona izotz egiteko gaitasuna izango du. 2026ko maiatzerako ireki nahi dute.
Uztailera arte itxaron beharko dute Bermeoko lantegi berria martxan egoteko. 2,7 milioi euroren inbertsioa eskatuko du, eta egunean 60 tona izotz ekoitzi ahal izango ditu. Lantegi zaharra kaiko zabalgunean dago, baina berria Erroxapeko arrantzale kofradian bertan egongo da.
 
     
    