Beste urrats bat egin du Mirai taldeak azken urteotan sortzen ari den enpresa sarean. Jose Antonio Jainaga enpresaburuak gidatutako inbertsio funtsak Afesa Medio Ambiente eta Excavaciones Mendiola erosi ditu, eta, horrenbestez, hondakin zerbitzuen eta ekonomia zirkularraren sektorean sartu da lehen aldiz.
Bi enpresak Euskal Herrikoak dira, eta jarduera osagarriak dituzte. Afesak Derion (Bizkaia) du egoitza, eta eraispen lanetan, hondakinen kudeaketan eta lurzoruen tratamenduan dago espezializatuta. 190 langile ditu, eta iaz 6,5 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Lantaronen (Araba) eta Valladolideko Villanublan (Espainia) ere baditu instalazioak, eta gaur egun Portugalgo Sineseko ikatz zentralaren desegite lanetan parte hartzen ari da, besteak beste.
Mendiolak, berriz, Gasteizko Jundiz industrialdean du egoitza. Indusketak, lur mugimenduak eta eraikuntza nahiz eraispenetako hondakinen kudeaketa egiten ditu. 95 langile ditu, eta 14 milioi euroko negozio bolumena izan zuen iaz. Bere jarduna batez ere Euskal Herrian eta inguruko lurraldeetan garatzen du, eta abiadura handiko trenaren hainbat obratan ere parte hartu du, Burgosko (Espainia) zatian bereziki.
Bi enpresen erosketarekin, Miraik 20,5 milioi euroko negozio bolumena eta 285 langile gehitu dizkio taldeari. Horrez gain, ingurumenarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako jardueretan 100 milioi euro inguruko fakturaziora iristea espero du aurten. Taldeak azaldu duenez, haren helburua da industria astunari, energiaren sektoreari eta eraikuntzari lotutako zerbitzuak garatzea.
Industria sare bat
Azken mugimendu honek beste dimentsio bat eman dio Mirairi. Taldea 2010eko hamarkadaren amaieran sortu zen, Jainagaren eta Sidenorren inguruko hainbat enpresariren ekimenez. Hasieratik, helburu zehatz bat izan du: erreleborik gabe geratutako familia jatorriko enpresa txiki eta ertainak erosi ditu, gehienak industria sektorekoak, eta jarduera bereko talde handiagoetan bildu ditu.
Ikusi gehiago
Estrategia horri esker, azken urteetan 25 enpresa baino gehiago bereganatu ditu. Elektronikan, Ohmnia dibisioaren inguruan batu ditu hainbat konpainia; tartean, TER, Coycavi, Tectron, IDK, Alcoelectro eta Arteixo Telecom. Metalgintzan, Innometal sortu du. Eta kosmetikaren sektorean, berriz, Labery plataforma osatu du hainbat laborategi eta fabrikatzaile elkartuta. Modaren eta osasunaren arloetan ere baditu inbertsioak.
Jainaga proiekzio publiko handiagoarekin agertu da azken hilabeteetan: Sidenorreko presidente izateaz gain, abenduan Talgoren kontrola hartu zuen, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako euskal partzuergoaren buru. Iazko uztailean, Eusko Jaurlaritzaren Joxe Mari Korta saria jaso zuen. Kezkarako motiboak ere baditu: udazkenean Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa bat abiatu zuen haren eta Sidenorreko beste arduradun batzuen aurka, Israeli armak egiteko altzairua saltzea leporatuta.