James Wilsonek zuzenduko du Orkestra

Deustuko Unibertsitatearen lehiakortasun institutuak 2025etik 2028ra arteko plan estrategikoa abiarazi du: erakunde haren nazioarteko proiekzioa eta lurraldean duen eragina indartu nahi dituzte.

Wilson eta Aranguren, Ivan Marten Orkestrako presidentearekin batera, artxiboko irudi batean. ORKESTRA
Wilson eta Aranguren, Ivan Marten Orkestrako presidentearekin batera, artxiboko irudi batean. ORKESTRA
14789412 kepa
Bilbo
2025eko ekainaren 13a
11:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabi urtez, Orkestra Deustuko Unibertsitatearen lehiakortasun institutuko zuzendari nagusia izan da Mari Jose Aranguren. Hemendik aurrera, James Wilsonek izango du erakunde hark tonua ez galtzeko ardura. Zuzendari berria izendatzeaz gain, Orkestrak 2025etik 2028ra arteko plan estrategikoa abiaraziko du: «Etapa berri bati hasiera emango zaio, institutuaren nazioarteko proiekzioa eta lurraldean duen eragina indartzea helburu hartuta».

Wilsonek hogei urtetik gorako esperientzia du lehiakortasunaren eta lurralde garapenaren arloko ikerketetan, Orkestrako iturriek adierazi dutenez. Gai horiei buruz, luze eta zabal idatzi du eragin handiko aldizkari akademikoetan, eta Europako hainbat proiektutan parte hartu du. Gainera, ikertzaile eta aholkulari gisa parte hartu ohi du Europako Batzordearen edo OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen proiektuetan.

Euskal testuingurua ere ondo ezagutzen du, hainbat proiektu zuzendu baititu lurraldeko erakundeentzat. Ildo horretatik, urtero koordinatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasunari buruz bi urtean behin egiten duen txostena.

Ekonomian aditua

James Wilson 2007an hasi zen Orkestran lanean, eta 2018az geroztik ikerketa zuzendaria izan da. Ekonomiako gradua Warwickeko Unibertsitatean (Ingalaterra) eskuratu zuen. Ekonomia masterra egin zuen Lurmutur Hiriko Unibertsitatean (Hegoafrika), eta Birminghameko Unibertsitateko (Ingalaterra) doktorea da.

Arangurenek Deustuko Unibertsitatean jarraituko du, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordea izango baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.