Japoniako egunerokoan, aldaketarik sakonenak ez dira beti aipatzen komunikabideetako izenburu handietan: batzuetan, keinu ia antzemanezinetan agertzen dira. Supermerkatuetan, janariaren ontzietan, lana egin ondoren etxera iristean jendeak zabaltzen dituen poltsetan, hirietako etxeetako sukaldeetan, eraldaketa bat gertatzen ari da, isil-misilka. Ontziak gero eta soilagoak dira, kolore motelagokoak, material gutxiagokoak, eta desagertzen ari da kontsumoaren estetika jakin bat, urteetan Japoniaren bereizgarria izandakoa. Horren atzean ez dago diseinuko modarik, baizik eta handik eta hemendik iritsitako askotariko presioak: petrolioaren mendekotasunarekin hasi, eta hornikuntza kate globalen ahultasunarekin bukatu.
Calbee elikagai enpresa da eraldaketa diskretu horren erakusgarririk argienetako bat. Ekoizle hori Japoniako ezagunenetako bat da snack-en alorrean, eta diseinua sinplifikatzen hasi zaie gehien saltzen dituen produktuetako batzuei. Hemendik aurrera, haren ontzi askok galdu egingo dituzte kolore biziak eta beren ohiko irudiak, eta itxura soilagoa izango dute, zuri-beltzezkoa gehienetan.
Ez da erabaki estetikoa izan, ezta rebranding moduko bat ere, baizik eta neurri bat petroliotik eratorritako lehengaien banaketaren gorabeherei erantzuteko; batez ere, naftaren eskasiari erantzun diote horrela, tinduak eta plastikoak ekoizteko erabiltzen baita.
Calbeek azaldu du kontsumo handiko zenbait produktutan aplikatu dutela neurri hori, eta, horren bidez, produkzioaren egonkortasuna bermatu nahi dutela, energiaren merkatuak segurtasunik gabeak diren garai honetan.

Nafta, hain zuzen, petrolioa finduz sortzen den azpiproduktu bat da, eta azken hilabeteotan gorabehera handiak izan ditu prezioari eta eskuragarritasunari dagokienez, Ekialde Hurbileko egoera nahasiaren ondorioz eta Asia hornitzen duten itsasbideen inguruko tentsioen ondorioz. Japonian, elikagai industriako enpresa gehienek halako produktu petrokimikoak erabiltzen dituzte ontzietarako, eta, beraz, produktu horien gorabeherek berehalaxe eragina dute kostuetan eta ekoizpenari buruzko erabakietan.Â
Lehengaiak, eskura
Gorabehera horiek ez diote enpresa bakan batzuei bakarrik eragiten. Japoniako elikagai industria guztian, zenbait enpresa hasiak daude ontziratze prozesuak berriz aztertzen, petrolioaren eratorriak garestitu eta hornikuntza segurua ez denetik. Haragiaren sektoreko eta produktu prozesatuen alorreko enpresa batzuek —Itoham Yonekyu Holdings-ek, esaterako— esana dute aztertzen ari direla enbalatze moduen diseinua soiltzea, kontuak apaltzeko eta oinarrizko baliabideak izatea segurtatzeko.
Enpresa batzuentzat, ez da prezio kontua: lehengaiak eskura izatea ere tartean dago, merkatu globalean gero eta arazotsuagoak baitira etenaldi logistiko eta energetikoak.
Gainera, duela hilabete batzuetatik hona, inflazioak ere eragina du paketatzearen sektorean egiten ari diren doikuntza progresibo horretan. Energia garestitu eta lehengaien hornikuntza ahuldu denez, enpresa askok erabaki behar izan dute: edo kontsumitzaileari ordainarazi gastuen igoera, edo produktuaren osagai funtsezkoak ez direnak soildu, gastua kontrolatzeko.
Japonian, produktuaren aurkezpen moduak garrantzi kultural handia du, eta ontzi soilduak ugaritzea, kolore gutxiagokoak eta irudi sinpleagokoak, haustura moduko bat da
Oreka horretan, ontziak izan dira merkatu nahi izan dituzten lehen osagaietako bat: tinta gutxiago, inprimatze prozesu konplexu gutxiago, eta diseinu funtzionalagoak. Hala, banaketa segurtatu nahi izan dute, markaren irudiaren gainetik lehenetsita.
Erabaki horien ondorioz, aldaketa sotil baina esanguratsu bat gertatzen ari da Japoniako eguneroko kontsumoaren estetikan. Han, produktuaren aurkezpen moduak garrantzi kultural handia du, eta, beraz, ontzi soilduak ugaritzea, kolore gutxiagokoak eta irudi sinpleagokoak, haustura moduko bat da, merkataritzako tradizioak biziki zaintzen baitzituen xehetasuna eta berezitasuna. Lehen, diseinua balio erantsi bat zen; orain, berriz, bigarren mailakoa da, hornikuntza bermatu beharra baitago horren gainetik.
Menpekotasun handia
Fenomeno horrekin batera, eztabaida zabalago bat dago Japonian: auzitan jartzen ari dira eguneroko bizimoduan halako menpekotasun estrukturala izatea, plastikoaren eta petrolioaren eratorrien hain menpeko izatea.
Elikagai industria alde batera utzita, Japoniako beste sektore batzuk ere lehengai horien menpekoak dira: xehekako merkataritza, logistika eta oinarrizko kontsumo ondasunak, besteak beste. Horrek esan nahi du energiaren merkatuen edozein gorabeherak ez diola industria astunari eta elektrizitatearen ekoizpenari bakarrik eragiten: eguneroko hainbat elementuri ere eragiten die, hala nola supermerkatuan erositako edozein produkturen ontziari.

Ekoizpena doitzeko neurri tekniko bat zela zirudien hasieran, baina, denbora igaro ahala, agerian utzi du ahultasun sakonago bat: zeinen menpekoa den kontsumo eredu hori, oso lotua baitago material batzuekin, eta kalte handia egiten badiote krisi globalek.
Alde horretatik, patata poltsak eta ontzi soilduak ez dira merkatuaren desorekari bolada jakin batean emandako erantzuna bakarrik, baizik eta oroigarri diskretu bat, salatzen duena Japoniako eguneroko bizimodua zeinen lotua dagoen handik milaka kilometrora ebazten diren tentsio energetikoekin eta geopolitikoekin.